Maider IANTZI
ARANTZA

Emakumeen historiei toki bizi bat emanen die Arantzako baratze irekiak

Beran eta bailaran 1936an gerra lehertu zenetik gaurdaino izandako gertakariak emetasunetik kontatu zituen «Harritik hazia» herri antzerkiak. Bukaeran publikoari hazi batzuk banatu zizkieten, urtebetera berriro elkartuko zirela abisatuz. Iritsi da eguna, hazi horietatik jaiotako landareek badute lekua: Emakumearen Oroimen Baratzea.

Denen artean zerbait sortu nahi zuten. Ez zegoen gidoirik. Gorputz adierazpenarekin hasi ziren, gero testua etorri zen… Hala ekin zion “Harritik hazia” herri antzerkiko taldeak bideari. Berako eta bailarako hemezortzi lagun ziren, adin guztietakoak, gehienak emakumeak. Ramon Albistur eta Esther Carrizok zuzendutako lanak memoria historikoa zuen oinarri.

«Historiak begiratzen hasita denak edo gehienak gizonezkoenak zirela ohartu ginen eta huts handi bat bazela sentitu genuen. Etorkizunean gure seme-alabek ere ez dituzte harrapatuko idazten ez baditugu», adierazi dio GARAri Maddi Irazoki antzezle eta artista plastikoak. «Umorea erabiltzen genuen 36ko gerra ondoko garai hori lekutzeko, pasarte hagitz gogorrak zeudelako. Argi genuen ez genuela zapore mingotsarekin bukatu nahi, baizik eta positiboki galdetu nahi genuela: ‘Eta orain zer?’».

Hala, antzerkiaren amaieran, taldeko neska gazteek dantza bat egin zuten eta jaso dugun motxila hori irudikatzen duten harriei beren odola eskaini zieten. Publikoa ere inplikatu zuten, haziak banatuz. Horiekin batera azalpen ttiki bat eman zieten, noiz landatu erranez eta emakume baten historia kontatzeko eskatuz (iraganekoak, gaurkoak, norberarenak edo lagun edo ezagun batenak).

«Memoria landu nahi genuen, baina toki bizi batean. Ziklikoa izan behar zuen, emakumea bezala. Historiak bildu eta bulego edo liburutegi batean sartzea hotza zen. Orduan, hazi horientzat espazio bat bilatu genuen. Emakumeon historia eta ahotsak irudikatzen dituzte haziek, jasotzen ari garenak eta jasoko ditugunak», azaldu du Irazokik.

Baratzea egitea pentsatu zuten, zaintzeko, hartaz elikatzeko eta hartu-emana egoteko. Arantzako Udalak lurra eskaini zien eta bertan eraiki dute, auzolanean, espazio bizi eder bat, udaletxearen gibelean. Herrian egoteak errazten du toki hori bizitzea, bertatik paseatzea, hilabetean behin agertu eta lau belar txar kentzea…

Atzo eguerdian inauguratu zuten. Hizkuntza mota ezberdinek gidatu zituzten partaideak baratzean barna: batetik musikak, bestetik clownek… Historiak uzteko aukera ere izan zen. Aurrerantzean emakumeek kontuak kontatzen eta haziak ekartzen segitzea nahi dute (emakumearenoroimenbaratzea@gmail.com).

Iturria, ahotsaren sinbolo

Bortzirietako emakumeen baratzea izanen da, baina nahi duten guztiek parte har dezakete. «Ez dut mugetan sinesten, nahiz eta beharrezkoak ere izanen diren segur aski bertze toki batzuetan beharra sentitzeko eta antzeko ekimen bat egiteko. Espazio hau irekia da», esplikatu du bertarako margo ederrak egin dituen Irazokik.

Iratze batek jaiotzen denean espiral antzeko bat sortzen du; hori da baratzearen forma. Kiribil horietatik hiru eremu ateratzen dira eta horiek landare mota ezberdinak paratzeko izanen dira. Batzuk elikatzen dutenak izanen dira, bertzeak aromaterapiakoak eta gorputza zaintzeko erabiltzen direnak… Erdian iturri bat dago denbora guztian ura isurtzen duena, emakumearen ahotsaren sinboloa. Beti mugimenduan, soinuarekin eta fresko egon beharko lukeena. Bide bat dago, mandala horretan ibiltzeko, enbor zatiekin.

«Bortzirietako udalekin eta nafar Gobernuarekin solasean ari gara eta oraindik ez dago finkatua nola zainduko dugun baratzea. Bihotz taupaden modukoa izan da. Bazen zerbait proiektua bulkatzen zuena eta egiten joan da taup-taup». Pentsatzen dute pertsona bat egonen dela erregulartasun batekin arduratuko dena, baina ideia da jendeak bere gain hartzea.

Arantzarrek gustura hartu dute. Egunero etorri dira laguntzera, udal langileak tartean. Margotzen ari dela umeak hurbildu zaizkio Irazokiri. Paseatzen ibili dira eta elkarrizketa ederrak izan dituzte. «Ze polita, zergatik ez dute egiten emakumeentzako piszina bat?». «Manifetan bezala». «Bai, baina iruditzen zait pixka bat baztertzen duela, badirelako gizonak ere nahi dutenak». Mugimendua hasi da.