GARA
GETXO

Getxoko kaleak blues doinuz jantziko dira bihartik igandera bitartean

Getxoko Blues Jaialdiak bihar ekingo dio 30. edizioari eta igandea izango du azken eguna. Coco Montoya, Bette Smith, The Excitements eta The Blues Morning Singers izango dira saio nagusietako protagonistak. Ohi bezala, kontzertuak Algortako Biotz Alai Abesbatza plazan izango dira. Aurtengo egitaraua borobiltzeko, saio nagusiez gain, doako lau kontzertu eta kaleko desfileak izango dira. Halaxe iragarri dute antolatzaileek.

Aurtengo kontzertu nagusiak saio bikoitz batekin hasiko dira, bihar. Bartzelonako The Excitements taldearekin abiatuko da gaua, «rhythm & soul indartsu eta itsaskorrarekin»; halaxe nabarmendu dute antolatzaileek.

Koko Jean Davis abeslaria buru duen taldea Memphis, Detroit eta Chicago aldean kokatu izan da eta 1950eko hamarkadako azkenaldiko rhythm and blues bizia nahasten du 1960ko hamarkadako stax soinuarekin. Zuzenekoetan R&B estiloko bertsio indartsuak txandakatzen dituzte jatorrizko abestiekin, «betiere zati erritmiko ahaltsu batekin».

Estereotipoetatik at

Katalanen ostean, The Blues Morning Singers Bilboko laukote elektroakustikoa ariko da. Blues doinuak jotzen ditu, aldaera eta estilo guztietan. Taldea erabili ohi diren errepertorio eta estereotipoetatik aldentzen da, musika afroamerikarrean sakon errotutako konposizioak eskainiz. Deltako blues soinu umela, 1950eko hamarkadako Chicagoko blues elektriko zorrotza eta AEBetako mendebaldeko kostako zein New Orleanseko jump blues dantzaldiak jasotzen ditu errepertorioak.

Ostiralean Bette Smith abeslari amerikarraren txanda izango da. Blues urratzaile eta soul sutsua egiten du. Brooklyneko artista hau blues panoramaren ezusteetako bat izan zen iaz “Jetlagger” diskoari esker. Neo-blues delakoaren erakusgarria da. «Bere ahots sutsu eta hareatsua une gorenera heltzen da. Betty Davis edo Tina Turner dirudi kanta batzuetan eta funk txundigarria beste batzuetan blaxploitation estiloko soinuarekin, betiere soul kutsuetatik urrundu barik», adierazi dute.

Azkenik, Coco Montoya (1951, Santa Monica, AEB) gitarrista kaliforniarrak itxiko ditu Getxo&Blues jaialdiaren saio nagusiak larunbatean.

Albert Collinsekin hasi zuen ibilbide profesionala. Bateria jotzaile izan zen lehenik, baina handik gutxira gitarra hartu zuen.

Entsegu kontzertuetan aritu ostean, bere aukera handia heldu zen: John Mayall-ek kontratatu zuen Bluescasters taldearekin behin-behinean bira egiteko. Horrela, bere ospea artista ezagunen mailara handitu zen, hala nola Eric Clapton, Peter Green eta Mick Taylor musikarienera.

Diskoak

Ondoren, 1990eko hamarkadan, bakarka aritzea erabaki zuen eta ahaleginaren emaitzak ikusi ziren gutxira, argitaratu zituen diskoen bitartez; besteak beste, “Gotta Mind To Travel”, “Ya Think I'd Know Better”, “Just Let Go” eta “Suspicion”.

Jaialdiko egitaraua borobiltzeko, doako kontzertuak eskainiko dituzte Barney’s Band eta Maraya taldeek, hilaren 20an eta 21ean, Algortako The Piper’s Irish Pubeko saioetan. Eta Granujas a Todo Ritmo Street Band taldeak kaleko giroa alaituko du.

Gainera, larunbatean eta igandean, lehen aldiz eguerdiko kontzertuak antolatu dira. Stereosonik elkarteak antolatuta, The Big Flyers eta Still River taldeak Kirol Portuko tabernetako terrazetan arituko dira, 13.00etan.