2018 ABU. 02 Aizkora Sunbillako Ramon Latasa Sariak 17. edizioa beteko du abuztuaren 11n GARA Urtero moduan, aurten ere aizkora jaialdi ederra izango da abuztuaren 11n Sunbillako pilotalekuan, arratsaldeko 19.00etatik aurrera jokatuko baita bertan XVII. Ramon Latasa Saria. Aurtengoa hamazazpigarren edizioa izango da, 2002. urtean hasi baitziren lehiaketa hau jokatzen, eta ordutik urtero-urtero aurrera eraman den proiektua izan da Sunbillakoa. Aurten parte hartuko duten bikoteak honako hauek izango dira: Aitzol Atutxa-Julen Alberdi, Donato Larretxea-Iker Vicente, Mikel Larrañaga-Ugaitz Mugertza, Joseba Otaegi-Jon Rekondo eta Ruben Saralegi-Xabier Orbegozo. Bikote bakoitzak hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako ebaki beharko ditu. Ekitaldi berean, Nafarroako eta Gipuzkoako aizkolari beteranoen arteko lehia berezia ere izango da ikusgai. Alde batetik, Miel Mindegia eta Patxi Astibia jardungo dira, eta bestetik Anjel Arrospide eta Jose Inazio Orbegozo Arria II.a. Bikote bakoitzak sei kana-erdiko ebaki beharko ditu. Azkenik, Barakaldon bizi den Ousmane Drame senegaldarra munduko marka hobetzen ahaleginduko da 100 kiloko txingekin. Xanta Sousa Lesakan bizi den brasildarrak ere marka ahalegina egiteko asmoa dauka, 50 kilorekin esku bakoitzean.