Asier ROBLES
BILBO
jabi ortega

«Erraldoi bakoitzak bere nortasuna du» . erraldoiak

Jabi Ortegak Bilboko erraldoi eta buruhandien konpartsako kalejiran parte hartzen du Aste Nagusiko egun guztietan, erraldoiren bat eramanez.

Nola bizi dira jaiak erraldoi baten jantziaren azpian?

Ezberdin, baina oso polita da. Zuk pentsatzen duzu jendeak zu ikusten zaituela, baina ez, erraldoia ikusten dute. Baina zuk barrutik dena ikusi ahal duzu.

Jende nahikoa dago erraldoi konpartsa guztia dantzan jartzeko?

Urtero zortzi erraldoi ateratzen ditugu, eta horiek dantzatzeko badago jende nahikoa. Baina konpartsa osoa hamalau erraldoik osatzen dute, eta horiek guztiak dantzatzeko baliabide gehiago beharko ziren.

Jaietako egun guztietan dantzatzen duzunean, su artifizialetatik at jaiaz gozatzeko momenturik ba al dago?

Bai, noski. Kontzertuez gozatu eta gero parranda luzatzen da. Hala ere, indarrak gorde behar dira hurrengo goizerako. Bakoitzak erabakitzen du ze ordutan amaitu parranda edo askotan norberaren kuadrillak, noizean behin zurrumurru artean joan behar zara etxera.

Erraldoien artean gogokoren bat ba al duzu?

Oso zaila da aukeraketa hori egitea, erraldoi guztiek bere xarma dutelako. Adibidez, Tenencio eta Tomasa erraldoiak oso mitikoak dira Bilbon, baina erraldoi bakoitzak bere nortasuna du. Pitxitxirena eramaten baduzu, hainbat album familiarretan agertuko zara, Athletic-en kamiseta daramanez jendeak pila bat argazki ateratzen ditu berarekin.

Eguneroko zereginetatik kanpo, zein da zure jai ekintzarik gogokoena?

Eguerdiko kalejira gaiteroekin oso erakargarria da. Nire lana amaitu ostean izaten da, eta txosnetatik eta alde zaharretik giro oso polita sortzen da. Arratsaldeko dantza ekitaldiak eta erromeria ere asko gustatzen zaizkit. Gauean, txosnetako kontzertuak ere ez ditut inoiz galtzen.

Aste Nagusi guztia erraldoiak dantzatuz, eta jaiak bukatzeko, igandeko bilkura. Zer espero duzue?

Azken eguneko bilkura honek azken urteetan indar handia hartu du. Erreferente bilakatu da eta bere inguruan sortzen den giroa oso polita da. Berrogei erraldoi inguru jarraian ikustea, egunero ikusten ez den gauza bat da. Jende pilo bat etortzea espero dugu eta azken indarrak hor uzten ditugu.