Asier ROBLES
EUSKAL

TXIKITATIK LAGUNEKIN LAPIKO ARTEAN

TOMATEA, LETXUGA, PIPERRAK, INTXAURRAK, GAZTA... OSAGAI UGARI SUKALDEAN TXIKIENEN TALENTUA ATERATZEKO. 200 ENTSALADA PRESTATU ZITUZTEN ATZO.

Goizeko 10.30etik hasi ziren 5 eta 10 urteko neska-mutilak Areatzan dagoen Aste Nagusiko Lehiaketa Gastronomikoaren karparen inguruan elkartzen, sukaldean zer-nolako talentua duten erakusteko prest. Honekin hasiera eman zioten Bilboko Konpartsek antolatutako Lehiaketa Gastronomikoari.

Konpartsetako laguntzaileak mahaiak eta entsaladarako osagaiak antolatzen ari ziren bitartean, umeek ilaran itxaron zuten karpan sartzeko unea iritsi arte. Dena prest izan zutenean, txikien lehenengo txandakoak amantala jarrita sukaldaritza lanetan hasi ziren. Batzuk justu-justu heltzen ziren mahaira, baina ilusioa eta gogoa ez ziren falta.

Entsaladak prestatzeko konpartsakide batzuen laguntza ez ezik, Aitor Elizegi sukaldari bilbotarraren bultzada ere izan zuten. Hala ere, gurasoek karparen kanpotik jarraibideak ematen zizkieten seme-alabei: «Ez bota gatz gehiegi», «letxuga gehiago bota», «tipuleta ere bota»... Lehenengo errondakoek amaitu zutenean, beste ume talde bat sartu zen karpara, eta hala, guztira 180 neska-mutilek hartu zuten parte.

Aitor Elizegi sukaldariak adierazi zuenez, «gaztetxoek Euskal Herrian hain ohikoa den gauza probatzea da helburua: kalean eta lagunartean kozinatzea».

Osagaiei dagokienez, tomate, letxuga eta tipuletaz aparte, piper berde eta gorria, gazta, intxaurrak eta hegaluzea izan zituzten entsaladan sartzeko. Bost olio mota, bost ozpin mota eta bost gatz mota egon ziren eskuragarri ere. Mercabilbao arduratu zen entsaladak prestatzeko behar ziren osagai hauek guztiak hornitzeaz.

Hamargarren edizioa

Euskal Txiki Master antolatzen duten hamargarren urtea da, eta Pedro Prieto, Lehiaketa Gastronomikoaren zuzendariak adierazi zuenez, «umeak sukaldaritza mundura erakartzeko helburuarekin» sortu zituzten tailer hauek. 2009an bakailao kokotxak pil-pilean prestatuz eman zieten hasiera jardunaldi hauei.

Atzoko hau ez da txikienek lapiko artean aritzeko izango duten aukera bakarra. Hurrengo egunetan, beste bi hitzordu izango dituzte sukaldaritzaren maitale txikiek. Bihar, lehen aldiz, fruta showcooking-a izango da, eta ostiralean bakailao kokotxak pil-pilean prestatzeko aukera izango dute.

Bestalde, berrikuntza gisa, Txikigunean fruta broxeta tailerrak egingo dira gaur eta ostegunean, 16.30etik 20.00etara bitartean.

Patatak saltsa berdean

Txikienek entsaladak bukatzen zituzten bitartean, helduak hasita zeuden patatak saltsa berdean prestatzeko lehiaketa gastronomikoaren lehenengo zereginetan. Areatza haimaz betetzen hasi zen, eta horien azpian babesten ziren sukaldariak eguzkitik ihesean.

13.15ean itxi zen kazolak entregatzeko epea eta batzuek azkenengo momentuan amaitu zuten arren, 40 inguru aurkeztu ziren guztira.

Patatak saltsa berdean lehiaketa hau pasa den urtean egin zuten lehen aldiz, hainbat konpartsa begano eta begetarianok eskaria egin baitzuten aste gastronomikoaren egun batean bazkari beganoa egiteko. Eskaera errealitate bihurtu zen, eta aurreko urteko partaidetza ikusirik, aurten berriro egitea erabaki zuten. Animalia jatorriko elikagairik ezin dela erabili da lehiaketa honen arau bereziena.

Lehiaketako epaileak hauek izan ziren: Pedro Luis Madrazo (Tirauki tabernakoa), Ana Beltran (Sukaldikas-ekoa), Damian Pawel (Pasteleria Txarlostakoa) Jessica Manso (sukaldaria) eta Juancar Muga (Muga tabernakoa).

Lehiaketa gastronomikoak asteko egun guztietan egongo dira. Gaurko hitzordua ere ez da nolanahikoa, patata tortillaren txanda izango baita.