2018 ABU. 27 afizionatuak Zubizarreta eta Sarasa irabazle Antiguako Txapelketan GARA Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi emakumeetan, Egiguren-Apezetxea promesen mailan eta Zubizarreta-Sarasa seniorretan dira Antiguako Pilota Txapelketako 70. ekitaldiko irabazleak. Giro paregabea izan zen atzo Donostiako auzoko pilotalekuan, nahiz eta finalei emozio apur bat falta izan zitzaien. Senior mailakoa izan zen finalik onena, eta txapelak Iraitz Zubizarreta eta Joseba Sarasarentzat izan ziren, Eneko Labaka eta Iñigo Bikuñari 22-18 irabazita. Lehen erdian Labakak eta Bikuñak Zubizarretari pilota kentzea lortu zuten (11-11), baina ataundarra jokoan sartu ahala Bikuña izan zen sufritzen hasi zena, eta tartea ireki zuten markagailuan (21-14). Sarasa atzean ederki aritu zen, laukoteko onena izanez. Aurrez, promesen mailan, garaipena Julen Egiguren eta Antton Apezetxearentzat izan zen, Unai Mata eta Aimar Ibarlozari 22-12 irabazita. Kasu honetan, partida hasieratik apurtu zen irabazleen alde (5-9 eta 7-15). Apezetxea nagusi izan zen atzeko koadroetan eta Egigurenek bikain baliatu zuen hori. Eta emakumezkoetan ere antzeko zerbait gertatu zen, Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi 1-9 aurreratu zirelako markagailuan, amaieran 8-18 irabazten amaitzeko Miren Larrarte eta Miriam Arrillagaren kontra.