A.A.
PALA

Larunbatean hasiko da Kutxabank Liga bost bikoterekin

Bost bikotek hartuko dute parte larunbatean hasiko den pala profesionaleko Kutxabank Ligan: Gaubeka-Ibai Perez, Fusto-Gordon, Landeta-Ibargarai, Garate-Brefel eta Necol-Urrutia. Denek denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan: lehen sailkatuak zuzenean lortuko du finalerako txartela eta bigarrenak hirugarrenaren aurka finalerdi bat jokatu beharko du.

Partida gehienak Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dituzte, finalerdia eta finala barne, baina Bizkaiko beste herri batzuetara bisita ere egingo dute. Aurreneko jardunaldia, esaterako, Sopelan jokatuko da larunbatean, eta bigarrena azaroaren 4an Sestaon. Zortzigarren jardunaldia, abenduaren 15ean izango da, Zallan. Finalerdia Urtezahar egunean jokatuko da eta finala, urtarrilaren 5ean.

Erremonteko Binakakoa

Erremonteari dagokionez, Oriamendi2010 enpresak jakinarazi zuen Binakako Txapelketa jokatzeko lau postu, bi aurrelari eta bi atzelari, sailkapen partida batzuen bidez erabakiko direla. Zehazki, Juanenea, Urtasun, Ansa II eta Segurola aurrelariak, eta Agirrezabala, Larrañaga, Azpiroz eta Zubiri atzelariak izango dira lau postu horien bila ariko direnak.

Enpresak zozketa bidez erabaki zuenez, aste honetan Segurola-Zubiri eta Ansa II.a-Azpiroz bikoteek elkarren aurka bi neurketa jokatuko dituzte, bihar lehena eta larunbatean bigarrena. Bi irabazten dituen bikoteak lortuko du sailkapena, eta garaipen bana eskuratuz gero, tanteoa hartuko da kontuan –tanteoan ere berdinketa egonez gero, bigarren partida irabazi duenak egingo du aurrera–. Datorren astean beste lau pilotarien txanda izango da, eta lehiaketa sistema bera erabiliz neurtuko dira.

Honi buruzko guztia: PALA