Maddi TXINTXURRETA

NOLA BIRIKEK ARNASARI, HALA AZPEITIAK EUSKARARI

Euskararen arnasgune eta aterpe da Azpeitia. Herritarren %86,6k daki euskaraz, eta administrazioan, lanean, kirolean eta kalean darabilte berezkoa zaien hizkuntza. Alta, erronka ugari gaindituta dituzten herrietan ere, Euskaraldiak badu zertan lagundu.

Azpeitiarrek harrotasunez janzten dituzte Euskaraldiko txapak berokietako papar-hegaletan. “Ahobiziak” dira gehienak, baina aldian behin agertzen dira “belarriprestak” ere. Herrian, 1.814 pertsonak eman dute izena Euskaraldian; 2.663 ahobizik eta 151 belarriprestek.

Aurki daitezkeen belarriprest gutxietako bat da Mane Garcia. Azpeitiko Urrestilla auzoan jaio zen, eta sei urte zituela herrira mugitu. Ez Urrestillan ez eta Azpeitian, «frankismoaren erruz», ezin izan zuen eskolan euskaraz ikasi, eta egun, «hitz egin baino gehiago ulertzen» du. Dakiena, Lagun Onak futbol taldean atezain bezala ibilitako hamar urteetan ikasi zuela dio, «taldekideei esker». Talde bereko haurren entrenatzaile moduan aritzen da orain, eta dioenez, «dena euskaraz» egiten du beraiekin.

Aisian bezala, lanean ere. Aluminios Azpeitia fabrikan egiten du lan Garciak, eta lankide guztiak euskaldunak dira bertan, «bat izan ezik». Tailerrean nahiz bulegoan, ahoz nahiz idatziz, euskaraz egiten dutela azaldu du, eta bera ere horretan saiatzen da, nahiz eta batzuetan gaztelerara jo behar izaten duen. Belarripresten txapa soinean darama Euskaraldiaren hamaika egunetan, eta horri esker, lehen gazteleraz hurbiltzen zatzaizkion batzuek lehenengo hitza euskaraz egiten diote orain. «Euskaraldiaren kontua serio hartzen ari da jendea, inplikatzen ari da», esan du.

Inertzia eta kontzientzia

«Ez nekien hori belarripresta zenik», esan du Ioritz Aizpuruk emakume bat belarriprest txapa jantzita ikusi duenean. «Bai, euskaraz ikasten ari da», erantzun dio Xabier Izagirrek.

Euskaraldiko txapek eraginda, horrelako egoerak ohikoak izaten ari dira Azpeitian, Aizpuruk eta Izagirrek azaldu dutenez. Herrian asko ezagunak izanda, belarriprestak «fitxatzeko» eta haiekin hizkuntza ohiturak aldatzeko abagunea ematen dute txapek. Azoka Plazan kokatutako Elikagunea elikagaien dendako merkatariak dira biak, eta esan dute bertako bost langileak ahobiziak direla. «Azpeitian euskaraz hitz egiten da, eta gure denda herriko egoeraren isla da», dio Aizpuruk.

Bezeroekin, lehenengo hitza eta «ondorengoak ere» euskaraz egiten dituztela baietsi dute biek. Saltokiko errotuluak euskaraz dituzte, musika euskalduna jartzen dute, erabiltzen dituzten «informatika aplikazioak» euskaraz dituzte, eta ekoizleekin harremana, salbuespenak salbuespen, euskaraz izaten dute. Euskal Herriko produktuak bakarrik saltzen dituzte, eta beraz, ekoizle gehienak euskaradunak dira. Ziurtatu dute negozioa aurrera ateratzeko ez daukatela «gazteleraren beharrik», nahiz eta zenbait ekoizlerekin gaztelera erabiltzen duten zubi-hizkuntza gisa.

Xabier Aldalur Azpeitiko Bertan Merkatarien Elkarteko kideak esan du herriko gainontzeko saltokietan egoera antzekoa dela, nahiz eta onartu duen Elikagunea denda «berezia» dela, baita euskararen arloan ere. Adibide modura, azaldu du elkarteko 114 bazkideetatik ia 110ek euskaraz jasotzen dutela elkartearen informazioa. «Elkartean ez dago euskaraz ulertzen ez duen dendaririk, nahiz eta gutxi batzuek nahiago duten informazioa gazteleraz jaso», azaldu du.

«Naturalki, inertziaz» darabilte hirurek ama hizkuntza dutena. Euskaraz hitz egitea «ez da eguneroko borroka» Azpeitian, Izagirreren esanetara, baina inertziaz gain, herrian «kontzientzia» ere badagoela nabarmendu du Aizpuruk.

 

Konplexuak erantzi, euskara jantzi

Azpeitia euskararen arnasgunea da, hizkuntzaren normalizazioaren eredu. UEMAko kide da 2008tik, eta Lekeitiorekin batera, 10 mila biztanletik gorako herrietatik euskaradun gehien dituena da. Hizkuntzaren ezagutza %86,6koa da, eta erabilera %81,8koa, Soziolinguistika Klusterraren azkenengo kaleko neurketaren arabera (2016). «Gurean, hizkuntza hegemonikoa euskara da, eta hona datorrenak hori segituan usaintzen du», azaldu du Eneritz Albizu Azpeitiko Euskaraldiko Batzordeko kideak.

Euskararen arnasguneek garrantzi berezia daukate hizkuntzaren zabalpenean, Albizuren esanetan: «Arnasguneetako herritarrak eredu dira. Hemendik kanpora ateratzerakoan guri dagokigu esatea posible dela euskaraz bizi den herri bat. Jende normala gara, gauza normalak egiten ditugu eta hizkuntza normal bat hitz egiten dugu».

Azpeitiaren identitate euskalduna «kontzienteak ez diren» aldagaiek eratu dute batetik, eta herritarrek eta administrazioak bultzatutako politikek bestetik. Lehenengo multzoan, Azpeitia inguratzen duten herriak gakoak dira Albizuren esanetan: «Urola Kosta erdian kokatuta gaude, eta inguruan ditugu Zestoa, Errezil edo Beizama bezalako herri txiki eta euskaldunak. Gerriko sendo batekin babestuta gaude». Orobat, herrian belaunaldiz belaunaldiko euskararen transmisioa «era naturalean» egiten dela nabarmendu du.

Bestalde, herritarrek euskararen aldeko «jarrera kontziente argia» dutela esan du, eta «hori beharrezkoa izango da euskara mantentzeko».

Euskaradun ez diren gutxi horiek euskarara ekartzea da erronka, eta etorkinengan dute jarrita begirada. «Herriko hizkuntza euskara da eta lege horren barruan ez daudenak pixka bat aparte geratzen dira. Gure erronka bi zirkulu horiek batzea da, betiere euskarara ekarrita», esplikatu du Albizuk.

Olatz Zabaleta Azpeitiko Udal Euskaltegiko zuzendariak argitu du euskaltegian euskara «zerotik» ikasten dutenak etorkinak direla gehienbat. «Hemen jaiotakoak eta orain hasi direnak euskara ikasten, oso gutxi dira», esan du. Egun, «70 ikasle inguru» ari dira euskarazko oinarrizko mailetan ikasten.

Boluntarioak antolatutako mintzapraktikak, enpresei euskara plana martxan jartzen laguntzeko Elegune programa edo euskara errefortzua behar duten haurrei zuzendutako Etorkizun egitasmoa dira herrian euskararen osasuna areago hobetzeko martxan jarritako proiektu batzuk, Zabaletak azaldu duenez. «Elegune programaren bidez, iaz Kimubat enpresak eta aurten Abelurrek Bikain ziurtagiria eskuratu dute».

Euskaraldiko erronka zehatzagoei dagokienez, Eneritz Albizuk bi multzotan banatu ditu: «ahobiziak ahalduntzea» eta «belarriprestak plazaratzea». «Belarriprestei begira, helburua da plazara ateratzea, eta beraientzako testuinguru eroso bat sortzea pauso hori eman dezaten, izan ere, Azpeitian ez da erraza euskalduna ez izatea. Ahobiziei begira, esaten dugunean lehenengo hitza euskaraz egin behar dela, egin dezagun konplexurik gabe. Egin dezagun hori hemen, eta baita Iruñera edo Baionara joaten garenean ere. Harrokeria gabe baina harrotasunez, izan gaitezen euskararen jabe».