2019 MAR. 19 Pinuak lurretik fumigatzeak ez ditu kalteak saihesten Airez fumigatzeko baimena galaraztea erabaki zuen otsailaren bukaeran Madrileko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak. Honen aurrean, helegitea jartzeaz gain, lurretik fumigatzeko «plan esperimentala» aplikatuko dute 1.050 hektareatan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek. Gipuzkoako EHNE ados dago eta «ikerketaren» beharra nabarmendu du; Naturkon eta EHNE Bizkaiak, ordea, ingurumenean eragingo dituen kalteez ohartarazi dute. Ane URKIRI ANSOLA DONOSTIA Intsinis pinuen gaixotasunaren tratamendurako airetik oxido kuprosoa aplikatzeko eskaera formala egin zuten, pasa den urrian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Lakuaren bitartez. Estatu espainoleko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, ordea, ezezkoarekin erantzun zuen otsailaren bukaeran. Erabaki horren gainean helegitea jartzeko jarrera tinkoa agertu zuten euskal administrazioek eta oxido kuprosoaren tratamendu «esperimentala» 1.050 hektarea publikotan aplikatuko dutela adostu zuten. Luis Planas ministro espainolak, baina, adierazi zuen zuhurtziazko printzipioari eta segurtasunari jarraituz galarazi duela Madrilek airezko fumigazioa. Horregatik, gogoratu zuen lurretik aplikatzea baimendu dutela: «Baldintza hauetan baliagarriagoa dela iruditzen zaigu; helburua ez ezik, ingurumenean edo pertsonengan eragin ditzakeen albo-kalteak ere kontuan hartu behar baitira». Naturan izan dezakeen eraginaz, hain zuzen, ohartarazi du egunotan Naturkonek. Gipuzkoako EHNE, aldiz, ados agertu da «ikerketa» honekin –«txalogarria iruditzen zaigu»–, nahiz eta bere prentsa oharrean ez duen oxido kuprosoaren aipamenik egiten: «Xingola marroiaren gaitzari aurre egiteko hasieratik eskatu dugu ikerketa, hori izango baita bide bakarra benetako datuak eskaini eta alternatibarik egokiena erakutsiko diguna&indentHere;». Bioaniztasunaren Mahaia «Lehendik ere Gipuzkoan eginak dituzte esperimentuak, eta bistakoa da ez dutela emaitza onik eman –hau ere ez dute gizarteratu–», adierazi zuen konbentzimendu osoz Naturkonek. Baskegurreko presidente Federico Saizek Onda Cero irratian esan zuen fumigazioa urtean hirutan egitea zela asmoa, 35 urtez. Orain, Estatu espainolaren ezezkotik abiatuta, lurretik aplikatuko den esperimentuaren nondik norakoak ez jakiteak kezkatzen du Naturkon. Lurretik airetik baino «eraginkorragoa» izango dela defendatzen dute administrazioek, baina Naturkonek zera galdetzen du, «zer esperimentatu behar duten halako azalera handian». Ze protokolo jarraituko duten ere argitu gabe dagoela ohartarazi zuen Gipuzkoako ekologisten elkarteak eta «beste iruzur baten» aurrean ez ote gauden zalantza egiten du. Pinuen aferari eta basogintzari buruz Alkartasuna fundazioak antolaturiko eztabaidan azaleratu zen Lakuako Ekonomia sailburu Arantxa Tapiak bi aldiz adierazi zuela airez fumigatzeko baimena eman zuela Madrilek –artean erabakitzeke zegoela– eta azkenean, ezezko erantzunarekin, agerian geratu da ez zuela egia esan. «Joango da Tapia anderea Parlamentura gezurra esan zuela aitortzera?», jakin nahi du Naturkonek. Airezko fumigazioak debekatuta daudela gogora ekarri zuten ekologistek, ingurumenean duen eragin kaltegarriarengatik. Era berean, «oxido kuprosoa ur ekosistemetan pozoi bihurtzen den fungizida generikoa» dela zehaztearen beharra ikusi zuten lurreko tratamenduaren aurkakotasuna adierazteko. «Gutxi batzuen interes ekonomikoak defendatzeko gu guztion eta gure ingurunearen osasuna arriskuan jartzeko prest daude, lotsarik gabe adieraziz gainera», kexatu zen Naturkon eta Gipuzkoako Aldundiari eskatzen dio «lehenbailehen» berriz deitu dezala Bioaniztasunaren Mahaia osatzera «eta has dadila, behingoz, baso politika berria diseinatzen». Baso politika berriaren beharrizanaz mintzatu zen, hain zuzen, Unai Aranguren EHNE Bizkaiaren izenean. Bere ustetan, pinudiek garatu duten banda marroiaren gaitza ez da «arazo bat», baizik eta «ondorioa». Azken 40-50 urteetako monolaborantza eta basogintza intentsiboaren eragina da haren iritziz eta, oxido kuprosoaren erabilera gaitzesteaz gain –airetik zein lurretik–, egoera konpondu beharrean, «arazoa atzeratzen» duela adierazi zion GARAri. Lur jabeak lasaitzeko estrategia bat ere izan daitekeelakoan dago, daukagun klimaren eraginez onddoaren zabalkundea gelditzea «oso zaila» baita. Europa eta Estatu espainolak ezezkoa eman ostean, «ez dakigu ondo zergatik jarraitzen duten tematuta oxido kuprosoarekin». 5,6 MILIOI EUROBizkaiko Foru Aldundiak 5,6 milioi eurorekin «indartuko» ditu basogintza sektorera bideratzen dituen dirulaguntzak, pinudietan garatutako onddoaren gaitzari aurre egiteko asmoz.