Ane URKIRI ANSOLA
HERRIEN EPAITEGIA BERMEON

AMEVDEZIREN HERIOTZA ABIAPUNTU ARRANTZALEEN BALDINTZAK SALATZEKO

YAO AMEVDEZI ARRANTZALEA ITSASOAN ZENDU ZEN DUELA URTEBETE. LAN ISTRIPU BATEN ONDORIOZ HIL ZEN, BAINA EZIN IZAN DA ESKURATU HAREN HERIOTZARI BURUZKO INFORMAZIORIK. ORDEZKARITZA SINDIKALAREN FALTAK ETA MIGRANTEA IZATEAK GAUZAK ZAILDU DITU. LABEK EGOERA SALATU DU BERMEON.

«Herriok egiten dugu eskubidea. Auzitegietan inpunitatea dagoenean, krimenak izendatzeko eta alternatibak proposatzeko erreminta da Herrien Epaitegi Iraunkorra». Horrela defendatu zuen Russel Auzitegien jarraipena den epaitegia Campaña Globaleko kide Monica Vargasek, La Pazen jaioa (Bolivia) eta Bartzelonako hiritarra.

Eskubideak urratzea dakarten zio historiko, politiko eta ekonomikoak aztertzea du xede herrien epaitegiak, «bazterrean uzten dituzten auziak», alajaina. Ariketa politiko eta sinbolikoa izan daitekeen honek «ahalduntzeko» balio dezakeelakoan dago Vargas, ariketa hasi baino lehenagoko hitzaurrean azaldu zuen legez.

Nekropolitika, desagertuak, eskubiderik gabeko eremuak eta solidaritatearen kriminalitatea dira gizarte honen «lau zutabeak», boliviarraren ustez. «Eredu berria birpentsatzeko asmoz», beraz, eta erantzuleak tinkotasunez salatzeko, LABek ariketa Bermeora eraman zuen. Eta ahalduntze prozesu horretan, normalean ahotsik izaten ez duten pertsonengan jarri zuten arreta: migranteak.

«Lan eta bizitza bila etortzen gara baina ezin dugu lanik egin bizileku baimenik ez badaukagu», esan zuen Insa Cisse senegaldarrak. Bermeon bizi da, duela hiru urte eta erdi heldu zen Euskal Herrira eta asteazkeneko epaiketan testigu gisa deklaratu zuen, bera ere arrantzalea baita. LAB izan zen akusazioaren papera jorratu zuena eta Cissek bizipen pertsonalekin aberastu zituen sindikatuaren adibideak.

Informaziorako eskubidea

Bizileku baimena emateko hiru urtean lan kontratua behar duzu izan eta Cissek ez du lortu. Sareak josten aritzen da, gehienez ere ordu bat ematen dute sare bat josteko, beraz, jarduna eta diru iturriak urriak dira.

Era berean, salatu zuen «lan garrantzitsuagoak» betetzea oso zaila dela migranteen kasuan. Cisse, esaterako, 12 urterekin murgildu zen arrantzan, ez zuen titulurik behar eta Europaren pentsamendua txikitatik edukitzen dutela aitortu zuen: «Hona heltzean, ordea, ezin dugu lan egin». Hiru titulu eskatzen zaie: bizileku baimena, zubiko marinelarena eta oinarrizko segurtasunaren prebentzioarena.

Zergatik jo zuen LABek herri epaitegira arrantzaren lan baldintza kaskarrak azaleratu eta migranteen kasuak nabarmentzera? Honen atzean izen bat dago –«zorionez», adierazi zuen Monica Vargasek, askotan izenik ere ez baita jakiten, ahanzturan errazago eroriz–. Yao Amevdeziz aritu ziren edo honek jasandakoa izan zuten ardatz asteazkeneko ariketa jorratzeko eta egoera salatzeko. Esan daiteke, heriotza hark hausnartzeko behintzat balio izan duela –zerbait esatearren–.

2018ko urtarrilaren 26an hil zen Yao Amevdezi, Ghanako langilea. Lan istripuz hil zela jakin zen, hiru egunez itsaso zabalean zauriturik egon ostean. Atunsa S.A. enpresaren atunontzi izoztailean egiten zuen lan, zeinak Atlantikoan eta Indiako Ozeanoan egiten dituen jarduera gehienak –Bermeon ditu bulego nagusiak–.

Istripuaren nondik norakoak jakiteko sindikatuek abiatutako prozedurak, baina, ez zuen ezertarako balio izan. Ateak itxita zeuden, horrelako informazioak ordezkaritza sindikala duten enpresen bitartez ikusten baitu argia, edota senideek espresuki eskatuz gero. Aipatzen ari garen kasu honetan ez da gertatu ez bata eta ez bestea, Atunsako langileak apenas egoten baitira Bermeoko portuan eta beraz, «ordezkaritza sindikala izateko zailtasun handiak daude».

Yao ez dago zenbakietan

Jakin genuen Osalanek ez zuela ekimenik gauzatu heriotza eragin zuen istripua argitzeko eta honek egiten dituen urteko estatistiketan ere ez dela agertzen. Hau da, Amevdezi ez da zenbaki hutsal bat ere ez. Ahanzturan ez galtzeko, ordea, izen-abizenak eta asteazkeneko Herri Epaitegia daukagu. «Langile honen heriotzak Ondarroako portuko arraste-arrantzako enpresetako langile migranteen egoera salatzeko balio behar digu», adierazi zuen Ugartemendiak.

Akusazioak salaturiko bidegabekeria oro gaitzetsi zuen sententzia idatzi zuen epaimahaiak; Monica Vargasekin batera, Ainhize Muniozguren LAB sindikatuko Idazkaritza Juridikoko idazkari eta Iratxe Urizar giza eskubide eta nazioarteko zuzenbidean adituak osatua.

OPPAO (Alturako arrantzako ekoizleen Ondarroako Antolakuntza) eta Lakua izan ziren salaturiko entitateak, LABen ustetan hauek baitira eskubideak urratzearen erantzule nagusiak. Europako Kontseiluaren Gutun Soziala, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT) 132 hitzarmena, freskoko arraste-arrantzaren Bizkaiko hitzarmen kolektiboa, Langileen Estatutua eta Lan Arriskuen Prebentziorako Legeak urratzen dituzte.

Hala, duela bost urtetik iraungita dagoen hitzarmena berritzea eta hau betetzea eskatzen da epaian. Soldata duintasunaren afera ere gori-gorian egon zen, izan ere, arrantzaleek ez dute honen kontrolik, harrapatzen dutenaren prezioa armadoreek negoziatzen baitute. Horregatik, soldata kalkulatzeko erabiltzen diren datuak ezagutzeko eskubidearen alde egin zuten.

Hilabetean bost atseden egun hartzeko eskubidean eta urteko oporraldietan ere jarri zuten arreta; hala nola, segurtasun eta higienerako eskubidean eta aniztasun kulturala errespetatzean.

Aniztasun kultural eta erlijiosoa errespetatzea puntu eta aparte bat da, sektorean dauden migranteen kopurua handia baita. Ondarroako portuko datuak nabarmendu zituen LABek, sektorearen gainbeheraren eta migranteen presentziaren adierazle modura. 1998an, 64 arraste-ontzi eta 10 baxurako zeuden, guztira 868 langile. Iazko datuek diote, egun arrasteko ontziak 21 direla eta 3 baxurakoak; 247 langilerekin. Bada, horietatik %43 Europar Batasunetik kanpoko migranteak dira (105 behargin); 2008an langileen %6 ziren etorkinak.