Nagore BELASTEGI
ERRENTERIA

Musikastek Bizkaiko doinuak izango ditu protagonista

Bilboko Orkestra Sinfonikoak itxiko du jaialdia eta aste osorako prestatu duten egitaraua biribiltzeko asmoz, Bizkaiko konpositoreen kantak jotzeko eskatu die Eresbil erakundeak. Joaquin Ojinaga bilbotarrak hirugarren mendeurrena betetzen duenez, bere lanak eramango dituzte taula gainera. Aipatu beharreko figuren artean, ezin dute Jose Luis Ansorena ahaztu, Eresbilen eta Musikasteren sortzailea, hilabete hasieran hil zena.

Musikasteren 47. edizioa hasiko da ostiralean Errenterian, Eresbil elkarteak urtean zehar egiten duen lanaren laburpen bat emateko asmoz. Atzo aurkeztu zuten arduradunek ekitaldia elkartearen egoitzan. Azaldu zutenez, Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak ekartzea lortu duten arren, aurten Bizkaiak protagonismo berezia izango du eta bertako konpositore ugariren lanak entzun ahal izango dira; horien artean, Joaquin Ojinagarenak, aurten jaio zenetik 300 urte betetzen baitira.

Hitza hartzen aurrena Julen Mendoza alkatea izan zen: «Musika bada zerbaiten espresio, gure herriak duen adierazpidea eta Eresbilek egiten duen lanarena. Gure herriarentzat garrantzitsua da eta urtez urte ekarpena gero eta handiagoa da». Musikastek nahasketak egiten asmatu duela ere aipatu zuen, eta egiten duten lanagatik zoriondu zituen Eresbileko kideak.

Era berean, berriki zendu den Jose Luis Ansorena izan zuen gogoan. Bera izan zen Eresbilen zein Musikasteren sortzaileetako bat, eta iaz omenaldia egin zioten. «Bera ez zen gure udalerrikoa, baina izango balitz bezala sentitzen dugu», azpimarratu zuen. Aurtengo Musikaste berari eskainiko diote.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikel Diezek eta Lakuako Bingen Zupiriak Ansorenaren figura goraipatu zuten eta Musikastek betetzen duen funtzioa txalotu zuten. Era berean, Zupiriak Eresbilek urtean zehar egiten duen «lan isilari» aitortza egin nahi izan zion, esanez alde batetik lehengo autoreak berreskuratzen dituela eta bestetik autore ezezagunak edota ezagunak izan arren lan ezezagunak dituztenei zabalkundea ematen diela.

Musika zaharra eta garaikidea

Jon Bagües Eresbileko zuzendariak prestatu duten egitarauaren berri eman zuen. Azaldutakoaren arabera, hainbat konpositore aukeratu dituzte bakar bat nabarmendu ordez. Garaiari dagokionez, ohi bezala mendeurrena bete duten egileei gorazarre egingo diete, baina batez ere musika garaikideari eman nahi diote indarra.

Iaz emakumezko konpositoreei eman zieten ikusgarritasuna eta aurten ere bide horri jarraitu nahi diote. Horregatik, saio bakoitzean gutxienez emakume bat txertatzen saiatu dira, nahiz eta segun zein garaitan emakumeak aurkitzea ez den batere erraza.

Hala, ostiralean hasiko da astea musika garaikidearen eskutik. Niessen kulturgunean, 20.00etan, Kuraia Ensemblek Musikeneko ikasle eta ikasle ohien konposizioak eskainiko ditu. Aurretik, 18.30etik aurrera, konpositoreekin topaketak egingo dituzte.

Larunbatean meza izango dute, normalean igandean egiten duten arren. Ekitaldi horrek musika erlijiosoa egiten zuten autore zaharren obrak lantzea ahalbidetzen du, beste testuinguru batean eskaintzeak zentzurik izango ez lukeelako. Meza 19.00etan hasiko da, Andra Mari abesbatzaren laguntzarekin; hainbat autoreren artean Ignacia Olaizolaren konposizio bat eskainiko dute. Emakume honek ehun urte beteko lituzke aurten (apirilean hil zen). Aurretik, Jose Luis Echechipia organista arituko da.

Igandean hiru kontzertu izango dira. Lehenengo, Udal Txistulari Taldeak diana joko du 10.00etan, eta gero 12.00etan kontzertua eskainiko du enparantzan. 12.30ean, berriz, Foru Plazan Errenteriako Musika Kultur Elkarteko Banda izango da konpositore bizkaitarren lanak eskaintzen. Arratsaldean, berriz, 19.00etan ganbera-musika saioa entzun ahal izango da Madalena ermitan. Horren baitan Joaquin Ojinaga bizkaitarraren musika emango dute, bere jaiotzaren 300. urteurrenean.

Astelehenetik asteazkenera kontzertu didaktikoak gauzatu ostean, ostegunean (maiatzak 23) klasikoetara itzuliko dira, 20.00etan Niessenen, eta emanaldia kanta herrikoiekin amaituko da.

Maiatzaren 24an kontzertu handia eskainiko dute parrokian, 20.00etatik aurrera. Virgen de la Paz abesbatza, Choeur Ascese, Landarbaso abesbatza eta Nayade abesbatza jardungo dira horretan. Sorpresa bezala, azken hauek Kalakan hirukotearekin arituko dira.

Asteari amaiera emateko, maiatzaren 25ean, larunbatean, parrokian Bilboko Orkestra Sinfokinoa arituko da Andra Mari abesbatzarekin batera. Bizkaiko konpositoreen lanak landuko dituzte eta Fernando Velazquezek “El Orfanato” pelikularako egindako moldaketa batekin amaituko dute.