2019 EKA. 18 ANTZERKIA Gure aurrean ispilua Arantzazu FERNANDEZ Egoera arrunta bezain korapilatsua planteatu digu Borobil teatroak bere azken antzezlanean. Arazo morala ez da makala: nork zaindu behar ditu gure adinekoak? Guk geuk? erakundeek? familiakoa ez den norbaitek? Roman 80 urteko alargun deprimitua zaintzeko seme-alabek txandak egiten dituzte egoera eramanezina egiten zaien arte. Zahar egoitzarako plaza baten zain dauden bitartean, Julieta Etxegoien kolonbiar irregularra kontratatuko dute herriko apaizaren laguntzaz. Orduantxe hor, argumentuak espero ez genuen bidetik abiatzen da: aitak (Ramon Soroiz) eta Julieta zaintzariak (Tanya dela Cruz) bizipoza elkarri elikatuko diote maiteminduta daudela esateraino. Orduantxe hor, seme-alabei, zaindaria, susmagarria, etsaia, irudituko zaie egoera guztiz gaiztotu arte, harik eta, umorezko ukituak zituen ikuskizuna, tragedia bilakatu arte amaiera aldera. Tituluari erreparatuta badakigu bukaera zein izango den, beraz, interes dramatikoa ez datorkigu argumentuaren soluziobidetik baizik eta, sortzaileek teatro irizpide konbentzionala abiapuntua dutela, narrazioa altxatzeko egin duten planteamendu testuala zein eszenografikotik. Rekarteren elkarrizketak ispilu baten aurrean jartzen gaitu maisuki; bestaldetik, eszenografiaren zutabe garrantzitsuena Pedro Yagueren argiteria dugu, benetan txalotzekoa. Pena, aurrekontu handiagoa ez izana pareta eta ateak sendoagoak izan zitezen, baitaratzen duten hartu-emanen dentsitate mailakoak, bederen. Aktoreren bati, bolumena ondo proiektatu arren, ez genizkion guztiz ulertu hainbat esaldi. Alabaina, Soroizen antzezpenak, euskal antzezleen urrezko zerrendan egoteko eskubide osoa duela diosku. Handiak dira hark haragitutako haserrealdiak, egonezin garratzak, isilaldi pipertuak mundialak, eta, Tanya de la Cruzekin batera sortutako bikotea, guztiz sinesgarria, familia osoa bezain egiatia. Roman eta Julieta ezagutzea merezi du, bai.