A.G.
RETABET BILBAO BASKET

Bostehungarren dema, Manresako «segadan»

Bilbao Basketek ACB Ligan jokatzen duen bostehungarren partida izango du gaur arratsaldean, 18.00etan hasita, Baxi Manresaren kantxan, hau da, Nou Congost pabiloi txiki eta zaratatsuan. Manresako joko eremua ia segada baten antzekoa da, zaleak gainean egon ohi dira eta ez dute bakerik ematen harik eta neurketa behin eta betiko amaitzen den arte.

Ederki asko daki RETAbet Bilbao Basketek Manresako dema irabaziz gero mailan jarraitzeko helburua lortzeko urrats galant askoa emango lukeela. Badaki jakin, bestalde, katalanak ez daudela ezer ere barkatzeko. Izan ere, denboraldiko aurreneko neurketa irabazi ostean hurrengo bostak segidan galdu dituzte eta ondorioz, azken postuan daude Pedro Martinezenak.

«Azkenak doaz, bai, baina ia mundu guztia garaipen bakarrera dute. Egia da ongi hasi zutela Liga, baina lesioek ez diete bakerik eman eta asko antzeman dute. Bestetik, ez dago esan beharrik, baina Pedro Martinezen eskuetan daudenez, ongi prestaturiko talde bati buruz ari gara eta Manresako jokalariek ederki asko dakite zer egin une oro, nahiz eta nahi baino aukera gutxiago daukaten entrenatzeko Basketball Champions League delakoan jokatzen dutelako», azaldu zuen Alex Mumbru entrenatzaileak bere gaur arratsaldeko aurkariari buruz.

Strasbourg-en aurka etxetik kanpo jokatu zuten katalanek pasa den martitzenean, eta 81-63 galdu zuten. «Ezagun da etxean askoz gehiago ematen duela», bota zuen horren harira Mumbruk. Egia da, halaber, Bilbao Basketek berak ere Miribillatik at arazo dezente gehiago dituela. Bada, Bilbao Basketen entrenatzailearen aburuz, «mundu guztiak nahi du bere zaleen aurrean irabazi. Beraz, horrek asko zailtzen du etxetik kanpo jokatzen duzunean irabazteko egin beharrekoa».

Kantxa ona, hala ere

Hamabi bider jokatu dute bilbotarrek Nou Congost pabiloian eta kantxa zaila eta gogorra izanagatik, erdietan irabazi egin dute. Azkena, duela bi urte, hain justu. Urte hartan Bilbao Basketek maila galdu zuen, baina 79-86 nagusitu ahal izan zen.

Bestetik, Rafa Martinez bizkaitarren jokalariarentzat leku berezia da Nou Congot pabiloia. Hegaleko beterano hau Manresan bihurtu zen ACB Ligako jokalari.

«Manresako harrobian hazi nintzen eta neurri baten etxera itzultzea da niretzat. Era berean, garaipena lortzeko are eta motibazio handiagoa sorrarazten dit Manresara joateak, oso zaila izango dela ongi dakidan arren», onartu zuen jokalari katalanak. «Bertakoa izanagatik txistu egingo didate zaleek eta, bada, giro gogor horri aurre egiteko prest egon beharko dugu», gaineratu zuen.