Bidea denean garrantzitsuena
Tibeten kokatua dago Xabier Olasoren obra hau; bertako monasterio batean hobe esanda. Shan lama jakintsuaren eta monasteriora iritsi berri den Shen gaztearen arteko harremana dugu ardatz eta agurearen eta gaztearen arteko elkarrizketek, kontakizunek, ibilaldiek osatuko dituzte liburuko atalak.
Hamabost kapitulutan antolatu du Xabier Olasok nobela hau, eta kapituluen izenburuei erreparatuta konturatuko gara zertaz ari zaigun: lehen kapitulua “Monasterioa eta bertako bizilagunak” deskribapena dugu, Tibeteko monasterioarena, nolakoa den, nortzuk bizi diren bertan…; bigarren kapitulua “Bisitaria” dugu, eta monasteriora iristen den gazte baten berri ematen zaigu bertan: «Monjeak eta nobizioak klaustroko bazter batean azken egurrak atontzen ari ziren ilunabar batean, monasterioko ezkilak jo zuen. (…) Mutil koskor bat zen ateaz bestaldean (…) Zarpail jantzita zihoan, eta sandalia maiztuak zeramatzan oinetan». Shen gazteak umezurtza dela adierazten die eta amak hilzorian emaniko agindua betetzera datorrela: «Joan hadi Twangako monasteriora, Argiaren Bidea erakuts diezazuten». Eta Argiaren Bidea izango da liburuko hurrengo hamabi kapituluetan (edo hitzorduetan, kapitulu izenburutan ageri den bezala) ikusiko, ikasiko duguna Shen gaztearekin batera.
Shan lamiak atseginez hartzen du gaztea, zerbait berezia duela ikusten du eta horrela mutilarekin hitzordua egin eta kontu-kontari ariko zaio. Kapitulu guztietan egitura antzekoa aurkituko dugu: lamiaren eta gaztearen arteko elkarrizketa eta planteatutako egoerari, arazoari, kezkari erantzun eman nahian lamiak kontaturiko istorioa. Horrela hamabi bider, hamabi hitzordu, hamabi irakaspen.
Agian horixe, egitura errepikakor hori, izango litzateke liburuari aurkitzen diogun eragozpen bakarra kontakizunaren erritmoa asko moteltzen duelako. Baina, eragozpena izan daitekeena meritua ere izan liteke irakurketa pausatua egin nahi duenarentzat. Izan ere, nobela baten barruan egonda ere, kapitulu bakoitzak autonomia du eta bere horretan irakur daiteke. Eta Xabier Olasoren liburuaren izenburuan irakur daitekeen bezala “bidean ikasia” dugu nobela honetako gaia, elementurik garrantzitsuena.
Ikaste prozesu horretan, beraz, Shan lamiaren eta Shen gaztearen harremana dugu oinarri, jakintsuak nola kontatzen dizkion hainbat kontu gazteari, honen beldur, kezka, jakin-min eta abarri nola erantzuten dion lamiak eta nola bilatzen duen horrekin erlazionaturiko istorio bat mutilari kontatzeko. Eta istorio hauetan dago, neurri handi batean, liburu honen baliorik handiena. Olasok jakin izan du herrialde eta kultura oso ezberdinetako istorioak batzen; horren adibide dira Mustafa Aldafh-ek kontaturiko istorioa, Yan-Tao laborariari gertatutakoa edo Xu Harroarena. Urrutiko usaina duten horien ondoan, aldiz, gure ingurukoak ere izan daitezkeen “Oilo iheslariaren istorioa” edo “Nori eman ondasuna?” azaltzen dira. Istorioak berriak eta bitxiak gerta daitezke irakurlearentzat, baina baita herri kontakizunen aire bat dutenak ere (aipatu dugun “Nori eman ondasuna?” esaterako), eta horrek irakurlea iraganetik gaur egunera, urrutitik gertutasunera bidaiatzera darama.
Bitxia da, era berean, ipuinen edo istorioen hasieran ageri diren aipuak. Tito Livio, Nietzsche, Julio Verne, Salomon eta abarren aipuak aurki ditzakegu, arestian aipaturiko ugaritasunaren, erreferentzien askotariko jatorriaren adibide.
“Shan eta Shen edo bidean ikasia” gustura irakurtzen den nobela dugu eta horretan badu zerikusia egileak darabilen euskara zaindu eta literarioa, baina, lehenago aipatu bezala, nobela hau ez da di-da eta jarraian irakurtzea komeni, poliki eta atal bakoitzarekin, lamia jakintsuaren eta Shen gaztearen arteko hitzordu bakoitzean jazotakoekin, entzundakoekin disfrutatzen baizik.