Pribilegioaren sorgortasuna
Iban Zalduaren “Gerra zibilak” ipuinean Euzko Gudarosteko unitate batean borrokan dabilen soldadu batek gerraren nondik norakoen berri ematen digu bere egunerokoan idatzitako sarreren bidez. Istorioak aurrera egin ahala, irakurlea ohartzen da soldaduak deskribatzen duen egoera ez dela ematen duena: gerra aspaldi amaitu zen soldaduak eta bere unitate kideek bestela pentsatu arren. Eneko Barberenaren “Afrikanerrak” nobelan, berriz, gerra zibilaren memoria-leku bihurtu diren espazioetatik (Elorregitik lehenik, Intxortatik ondoren) frontean gertatzen ari denaren berri ematen du soldadu pare batek populazioari garaipena zein gertu daukaten jakinarazteko. Kasu honetan ere gertakariak ez dira ematen dutena, baina Zalduaren ipuinak gehiegizko memoriak eragin ditzakeen kalteen inguruan ohartarazten gaituen bitartean, Barberenaren nobelak memoriaren distortsioek ekar ditzaketen amesgaiztoko etorkizun ez hain urrunekoei so egiten die.
“Afrikanerrak” nobelan Europak errepresentatzen dituen balioak defendatzeko asmoarekin lotu zaizkio gerrari Arrasateko hainbat “gudari” gazte 2031. urtean. Arerioa «gaizkietan makurrena» dute: musulmana. Musulmanarekiko herra arras zabaldurik dago Mendebaldean non, nobelan azaltzen den bezala, giza eskubideen diskurtsoa erabiltzen den paradoxikoki besteen eskubideen kontra egiteko. Baina tira, Samuel Moyn eta beste teorialariek luze eta zabal azaldu duten bezala, gabeziaren ikuspuntutik bakarrik uler daitezke giza eskubideak: giza eskubideak existitzen dira, hain zuzen, talde batzuk giza eta eskubideen kategoriatik baztertuak izan direlako. Dena den, Mendebaldea ez dago bakarrik gorroto kanpaina horretan: uigur etniakoen jazarpena Txinan eta rohingyena Myanmarren, hiritartasun lege berria Indian… Barberenaren lanak deskribatzen dituen botere aliantzak gure begi aurrean ari dira osatzen.
Musulmanarekiko herra, Europaren “berezko” gizatasunaren ideiaren antzera, historia partzialetan oinarriturik dago (kasu egin nobelak «Afrikanerrak» duela izenburua: kolonizatzailea da heroia). Fronteko gorabeheren kronikari dabiltzan soldaduek behin eta berriro goraipatzen dituzte Europa eta europarren gailentasun morala, eta bizia haren babesaren alde arriskatu zuten soldadu adoretsuak bezala gogoratuak izan nahi dute (Beinerrek aurre-memoria izendatzen duen horren adibide paregabea genituzke frontetik heltzen diren mezuak, zentzu horretan). Eiderrek eta Aitorrek, ordea, ez dakite Manex semeari zer esan Omar laguntxoaren gainean galdetzen duen bakoitzean. Gainerako musulmanak bezala desagertu egin da auzotik arrastorik utzi gabe. Bikoteak zalantza du komunikabideetan gerrari buruz esaten den guztia egia ote den, eta kezkaz jarraitzen dituzte herrian gertatzen ari diren aldaketak: liburutegiari inolako funtziorik aurkitu ez eta itxi egingo dute, eta bertako langileak, Eider haien artean, gerra bulegoan jarriko dituzte lanean. Baina orain arte isilik mantendu dira funtzionario bizimodu erosoa baitute eta zertarako gauzak nahasi, eurentzat hain gaizki joan ez direnean. Intelektualki zuzena denaren eta okerra denaren artean bereizten jakitea nahikoa iraultzailea iruditzen zaie (liburuak irakurtzea da Eiderren ustez egin dezakeen ekintzarik transgresiboena), baina biziak arriskuan daudenean pribilegioaren sorgortasuna baino ez du adierazten jarrera horrek. Ez dira beren buruak afrikanerrekin konparatzen dituzten soldaduak baino askozaz hobeak: batzuek armekin hiltzen dute; beste batzuek beren ezaxolarekin hiltzen uzten dute. Gure garaien erretratu bikaina osatu du Barberenak “Afrikanerrak” lanean.