Beñat ZALDUA
DONOSTIA
KORONABIRUSAREN KRISIA

41 hildako zenbatu ostean, osasun langileak neurri gogorragoen alde

Italiatik eta Estatu espainoletik iritsi diren eskakizunen lekukoa hartuta, Osakidetzako 1.500 profesional inguruk konfinamendu zorrotzagoa eskatu diote Lakuari, «funtsezkoa ez den edozein jarduera» eten dezan. Madrilek erositako test akastunak ere albiste izan dira, orain arte Euskal Herrian bizitako egun latzenean: 41 hildako.

Etenik ez. Euskal Herriko ospitaleetan bizitako 24 ordu gogorrenak izan dira asteazkenetik ostegunera bitartekoak. Egun bakarrean 41 hildako gehiago zenbatu dira, orain arteko igoerarik latzena. Zifra orokorra 230ean dago dagoeneko. Heriotzen gorakadak ez du, gainera, zainketa intentsiboetako unitateetako oheen okupazioan hobekuntzarik ekarri: 188 dira larri daudenak, aurreko egunean baino 26 gehiago.

Datu horiek mahai gainean, koronabirusaren aurka hartutako neurriak gogortzeko eskatzen hasi dira osasun langile ugari. Osakidetzako milatik gora langilek, esaterako, erabateko konfinamendua «premiazkoa eta ezinbestekoa» dela dioen manifestu bat plazaratu zuten atzo bertan. «Funtsezkoa ez den edozein jarduera erabat gelditzea» ere eskatzen dute Osakidetzako profesional horiek, lan eremuari erreferentzia zuzena eginez.

Eskaera zuzena da: «Aurreikuspen txarrenak saihesteko asmoz eta kasu, kutsatze eta ospitaleratze kopurua ahalik eta gehien murrizteko, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu eskura dituen neurri guztiak har ditzala, gure lurralde osoan funtsezkoa ez den jarduera oro bertan behera utzi eta herritarren erabateko konfinamendua lortzeko, modu urgentean, berandu baino lehen». Hori eskatzeko, Italiara joandako Txinako Gurutze Gorriak eta Espainiar Estatuko 70 zientzialarik egindako deiak hartu dituzte helduleku.

«Ekonomia garrantzitsua da, baina are gehiago pertsonen bizitzak»; hala amaitzen da idatzia, edizio hau ixteko orduan jada Osakidetzako 1.501 profesionalek sinatua zutena.

Eztabaidak egunak daramatza gure artean. Atzo Lakuako bozeramaile Josu Erkorekak adierazi zuen «katastrofikoa» izanen litzatekeela ekonomia «deskonektatzea», eta lanaren eta osasunaren arteko dilema faltsua dela defendatu zuen. Zaila da, ordea, dilema garbiagorik topatzea, erabaki zaila baita hartu beharrekoa, eta edozein hautuk sortzen dituelako albo-kalteak: jarduera ekonomikoa eteten ez bada, epidemia luzatu daiteke, eta hildakoen kopurua hazi; aldiz, gelditzen bada, ondorio ekonomikoak latzak izanen direla inork ez du dudarik egiten.

Dilema da, bai, eta asteazkenean Iñigo Urkullu lehendakariak osasun irizpideak nagusi zirela defendatu bazuen ere, hautua ez da osasun teknikariena, politikoa baizik. Urkulluk Facebooken argitaratutako idatzi baten bidez plazaratu zuen bere iritzia, erabaki horien inguruan eztabaida politikoa ez sortzeko eskatuz. Bide batez, lan jardueraren debateari buelta ematen saiatu zen, agertoki alarmistagoa iradokiz: «Jarduera ekonomikoa erabat gelditzeak are zailago egingo luke herritarrei oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko aukera».

Jarduera ekonomikoa, edonola ere, bere kabuz moteltzen ari da, Gobernuek hala erabaki gabe. Confebask-en arabera, Euskal Herriko enpresak %50ean funtzionatzen ari dira, eta jada 108.937 langile daude aldi baterako erregulazio baten eraginpean Hego Euskal Herrian.

Ez dirudi erraza, izan ere, jarduera ekonomikoa mantentzea osasun irizpideen izenean. Osakidetzako langileen eskariei, eta beraiek jasotako iritzi zientifikoei, aste honetan lau mediku italiarrek “The Lancet” aldizkarian argitaratutako eskutitza batzen zaie: «Herri guztiak sutsuki gonbidatzen ditugu Italiako lezioak ikastera, eta berehala neurri benetan murriztaileak hartzera». Italiak ispilu latza izaten jarraitzen du: hildako kopurua 8.165era iritsi zen atzo. Irakurri bi orrialde aurrerago Oihane Larretxeak idatzitako artikulua.

Testak, sintoma gisa

Teoriak dio sintomak dituztenei (gutxienez) egin behar zaizkiela testak, baina probak eurak bihurtu dira krisialdi honen kudeaketaren sintoma. Atzo Txinako enbaxadak ezagutarazi zuenez, Gobernu espainolak lizentziarik gabeko 9.000 test inguru erosi zizkion enpresa txinatar bati. Ordu batzuk geroago, Osasun Ministerioak berria baieztatu zuen, test akastunak itzuli dituela esanez.

Madrilek Txinan erositako pakete handi baten barruan sartzen ziren test horiek –guztira 5,5 milioi test erosi dituzte–. Azalpen bila, Maria Jesus Montero Moncloako bozeramaileak osasun materialaren inguruan pandemiak sortu duen lehia salatu zuen: «Arnasgailuak, maskarak eta abarrak lortzeko benetako gerra batean gaude».

«Eskariak atzeratu egiten dira, edo ez dira iristen, edo bestelako materiala iristen da», esan zuen Monterok, etsi antzean. «Ez da kudeaketa arazoa, benetako arazo bat da, mundu osokoa, konpetentziazkoa, herrialde askok esportazioak debekatu dituzten testuinguru batean», gehitu zuen.

Testuingurua halakoa izanda ere, EAEtik eta Kataluniatik kritikatu da egunotan Madrilek zentralizatu nahi izan dituen erosketek ez dutela behar bezala funtzionatu. «Materiala lortzeko mekanismo zentralizatuek ez dute emaitza onik eman», zehaztu zuen atzo Erkorekak. EAEn eguneko test kopuruak gorantz jarraitzen du (atzo 1.511), baina Alemaniako erreferentziatik oso urrun oraindik. Atzo jakin zenez, Berlinek 500.000 test egiten ditu astero.