KONPAINIAZ ALDATZEKO ODISEA ITXIALDIAN
Alarma egoera ezartzearekin batera, Pedro Sanchezen Gobernuak telefono konpainiaz aldatzea debekatu zuen. Neurri hori gogor kritikatu zuten operadore alternatibo zein kontsumitzaile elkarteek eta Exekutiboak aldaketa baimendu du, baldintza batzuekin.
Koronabirus garaiotan posible da telefono eta internet konpainiaz aldatzea? Erantzuna baiezkoa da, betiere etxean arreta teknikorik behar ez bada, operadoreek ezin baitute teknikaririk bidali. Baina kontratu berriak eta aldaketak egin ditzakete.
Alarma egoera hasi zenean, datuen kontsumoa eta interneten erabilera izugarri handitu zen eta konpainiek sareak arduraz erabiltzeko eskatu zieten erabiltzaileei. Alabaina, telebista online dohainik ikusteko eskaintzak eta datuen bonuen opariak egin zizkieten. Horrekin batera, Gobernu espainolak konpainiaz aldatzea debekatu zuen.
Operadore alternatiboek –Parlem Telecom katalana kasu– eta kontsumitzaile elkarteek –Facua, besteak beste– gogor erantzun zioten debekuari. Kontsumitzaile elkarteek eskatu zioten, hain zuzen, Gobernuari konpainiei prezioak igotzen ez uzteko, konpetentzia faltaz aprobetxa ez daitezen. Exekutiboak aintzat hartu du eskaera eta, hortaz, konpainiek ezin dute preziorik goititu.
Kontuan hartu beharreko bertze gertaera bat da kirol lehiak bertan behera gelditzearen ondorioz, Estatuko hiru operadore handienetan (Telefonica, Vodafone eta Orange) bajak ugaritzen ari zirela. Horren erakusgarri da 2020 honetan 111.000 linea finko galdu izana jada. Parlem-en arabera, konpainiaz aldatu ezina kolpe latza zen handiei merkatua kentzen ari zaien operadore birtualentzat. Erantsi zuenez, 20.000 lanpostu galtzea ekar zezakeen.
Kexen eraginez, Gobernuak neurria zuzendu du eta, horri esker, erabiltzaileek konpainia zein zerbitzu batzuetarako tarifa mudatzeko eskubidea berreskuratu dute.
Dena den, itxialdi sasoi honetan teknikariek ezin dute zuntzik instalatu, ezta routerrik ere, eta horrek telefono finkoaren linea aldatzea zailtzen du, zerbitzu hau Internetekin lotua baitago ia beti. Aukera bat da esku-hartze teknikorik eskatzen ez duen konpainia aldaketa bat egitea eta bertze bat Internet 4Garekin etxean mugikorraren bidez konektatzeko tarifa on bat kontratatzea.
Sakelako telefonoen kasuan, konpainia aldaketak egin daitezke, eta printzipioz SIM txartelak bidaltzen hasiko dira berriro. Ez dago arazorik, itxura batean behintzat, kontratuetako baldintzak aldatzeko ere.