2020 API. 16 Emakumezkoen futbola Etorkizunerako oinarriaren beste pieza bat Athleticek eta Oihane Hernandezek hegalekoaren kontratua 2023ra arte luzatzea adostu dute. Amaia U. LASAGABASTER Futbolaren ibilbidea zein den ikusita, merkatuetan atsekabe gehiago topa ditzake Athleticek aukerak baino. Harrobiarekin egiten duen lanaren garrantzia hazten doa, eta gauza bera esan daiteke bulegokoari buruz, batez ere etorkizunaren aldeko apustua egiteko orduan. Etorkizun horren oinarria sendotzen ahalegintzen ari da klub zuri-gorria azken egunotan. Joan den astean Ane Azkonaren kontratua luzatu zuen, eta atzo gauza bera egitea adostu zuen Oihane Hernandezekin, 2023ra arte kasu honetan ere. Eta bere ibilbidea aurrelariarena baino azkarragoa izan bada ere –duela urtebete eskas debutatu zuen lehen taldearekin–, antzeko pausoak eman ditu azkenaldi honetan. Horrela, denboraldia filialaren fitxarekin hasi arren, sopeloztarrak Angel Villacamparen konfiantza berehala bereganatu zuen –hiru partida besterik ez ditu galdu, hasieratik hamabost jokatu ditu–; urtarrilean Athleticek lehen taldeko fitxa egin zion eta orain etorkizuneko proiektuaren adreilu bati bere izena jarri dio. «Oso pozik eta ilusioz» agertu zen sopeloztarra, «beti izan dudan ametsa baita» Athleticen jokatzea. «19 urterekin (maiatzean beteko ditu 20) lehen taldean jokatzea ikaragarria da». Hegalekoak «oso denboraldi berezia izaten ari» dela onartu zuen; «ez nuelako espero hainbeste jokatzea. Eskerrak eman nahi dizkiot Villacampari aukera hauek emateagatik. Kopan debutatu dut, San Mamesen jokatu dut eta partida asko jokatu ditut», gogoratu zuen. Mugimendu asko Txapelketa guztiak etenda daude, baina bulegoetan badago mugimendurik azken egun hauetan. Ligari dagokionez, Deportivok Alba Merino eta Betisek Nuria Ligero Nana eta Andrea Medina gaztea berritu ditu. Hegaleko zuri-berdeak bere lehen kontratu profesionala sinatu du 15 urterekin. Iaz kadete eta gazte mailetako taldeetan jokatu zuen filialera heldu arte eta aurten Betiseko lehen taldearekin ere debutatu du. Nazioarteko mailari dagokionez, Alex Poppek 2023ra arte jarraituko du Wolfsburgon, bertan gutxienez 11 denboraldi jokatuz. Wolfsburgok, gainera, Pauline Bremer fitxatu du. Bayernera doaz, bestetik, Hanna Glas eta Lea Schuller. Melanie Leupolzek, berriz, Bavariako taldea utziko du Chelsean jokatzeko. Urteko albistea Frantziatik etor liteke. RMC Sportek aurreratu zuenez, Sarah Bouhaddi eta Dzsennifer Marozsan Olympiquetik NWSLko Utah Royalsera joan daitezke. Federazioaren proposamena aztergai Denboraldia bertan behera gera liteke emakumezkoen futbolari dagokionez, Covid-19aren pandemiak zein bilakaera duen itxaron barik. Espainiako Federazioak txapelketen amaiera aurreratzea proposatuko die lurralde-federazioei maila ez profesionaletan, Lehen eta Bigarren mailak barne. ACFFk Lehen Mailako klubei –denak, Athletic, Bartzelona eta Tacon izan ezik– deitu die bihar Federazioaren proposamena aztertzeko eta, ahal den neurrian, jarrera bateratua adosteko. Luis Rubialesek zuzendutako erakundeak aurrera jarraituko balu, ez lirateke partida gehiago jokatuko emakumezkoen lehen bi mailetan, nahiz eta lehiaketa eten zen unean Lehen Mailan sei jardunaldi eta Bigarren Mailan zortzi jardunaldi falta. Ondorio esanguratsuenak jaitsiera eta igoerei legozkieke. Alde batetik, ez litzateke jaitsierarik egongo. Valentziak eta partida bakar bat irabazi ez duen Espanyolek Lehen Mailan jarraituko lukete eta Pozuelok, Sportingek, Tacuensek eta Collerensek ere Bigarren Mailari eutsiko liokete. Igoerak, berriz, mantendu egingo lirateke: Athletic B, bere multzoko liderra, igo ez daitekeenez, Eibarrek lortuko luke Lehen Mailarako txartela Ipar Multzotik, eta Santa Teresak eskuratuko luke Hego Multzoari dagokiona. Zailagoa izango litzateke Lehen Maila Nazionaleko igoerak gauzatzea, zazpi multzo baitaude, eta beste maila batzuetarako proposatuko den «play-off espresa» erabili beharko litzateke. Edozein kasutan, lehen bi mailak 18 taldekoak izango lirateke datorren denboraldian. Federazioaren asmoa lau urteko epean 16ra itzultzea izango da. Tituluari dagokionez, bederatzi puntuko aldea duen Bartzelonarentzat izango litzateke. Eta Champions Leaguera talde gorri-urdina eta Atletico joango lirateke. Levante izango litzateke kaltetuena kasu honetan, Atleticorengandik bost puntura besterik ez baitago. Duda nagusia Kopari dagokio, finalerdiak (EDF-Athletic, Bartzelona-Sevilla) eta finala baino falta ez direnean. A.U.L.