GARA
DONOSTIA
KORONABIRUSAREN KRISIA

Mintzodromoa sarean AEKren eskutik, birusak ez dezan euskara mututu

Koronabirusaren krisiak eragindako alarma egoerak euskaraz ikasten ari direnak mintzapraktikarik gabe utz ez ditzan, AEK-ko Praktikatu zerbitzuak «Euskara praktikatzeko Euskal Herriko Topaketa Birtuala» antolatuko du bihar, maiatzaren 3an, eta herri askotako berbalagunak, mintzalagunak, mintzakideak eta ikasleak bildu nahi ditu ekimen berritzaile honetan.

«Euskara praktikatzeko Euskal Herriko Topaketa Birtuala», hortaz, bihar egingo da, eguerdiko 13.00etatik aurrera.

“Birusak #EzGaituMututuko” lelodun kartela zabaldu zuen AEK-k, ekimenaren partaidetza bultzatzeko.

Pasa den ostegun arratsaldean amaitu zen izena emateko epea, eta ekimenak arrakasta izango duela dirudi, zibergela guztiak bete baitira. Garaiz izena eman duenak, beraz, euskara praktikatzeko abagunea izango du igandean.

Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) bere Twitter kontuan jakinarazi zuenez, Euskal Herriko txoko desberdinetako lagunez gain, Montevideo, Mosku, Yokohama, Bristol, Edinburgo, Helsinki, Alacant, Terrassa edo Mexiko Hiriko zenbait lagunek izena eman dute mintzapraktika berezi hauetan parte hartzeko, eta giro ona espero da igande eguerdirako.

Topaketari berari dagokionez, AEK-k «zibergelak» antolatuko ditu Jitsi aplikazioaren –bideokonferentziak egiteko tresna bat– bitartez, eta izena eman duen parte-hartzaile bakoitzak gaur jasoko du, izena ematerakoan adierazitako posta elektronikoan, dagokion gelaren helbidea. Igandean, estekan sakatu eta ekimenean parte hartu ahal izango dute.

Topaketa birtual hau denontzat erosoagoa izan dadin, erabiltzaile bakoitzak aurikularrak eta mikrofonoa izatea komeni dela adierazi dute antolatzaileek.

Aurrez aurre ez, baina martxan

Topaketez gain, mintzapraktika saioak ere antolatzen jarraitzen du AEK-k, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz ikasten ari direnekin batuz. AEKren mintzapraktika egitasmoaren baitako saioetan, Skype eta Whatsapp bidezko bideodeiak erabili ohi dituzte.

Horrez gain, aurrez aurreko irakaskuntza jarduera guztiak (eskolak, tutoretzak, mintza-saioak...) eten dituen arren eta euskaltegi oro itxita badago ere, AEK-k lanean jarraitzen du. «Gure ikasleekin aktibitate didaktikoa urrunetik mantentzen saiatuko gara, teknologiak ematen dizkigun aukerak baliatuz. Mintzapraktika jarduerak, normalizazio egitasmoak, itzulpen-zuzenketa zerbitzua, ‘Aizu!’ aldizkaria... gure jarduera osoan aurrera segitzen dugu, baita 22. Korrika prestatzen ere», agertu dute AEKren webgunean.