GARA
BILBO

Umeen arteko distantzia parkeetan, dantzalekurik gabeko diskotekak...

Lakuak hogei orrialdeko aginduan araututako «normaltasun berrian» daude gauerditik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. 1,5 metroko urruntze fisikoa, %60ko muga duten edukierak, dantzarako pistarik gabeko diskotekak, umeen arteko distantzia parkeetan, sartzeko eta irteteko ate bereziak, higiene neurriak... txertoa izan arteko etorkizuna.

Pertsonen artean zenbateko distantzia fisikoa izan behar dugu?

Pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izango da –orain arte 2 metrokoa zen–, edo bestela babes fisikorako neurri alternatiboak hartu beharko dira higiene-maskara egokia erabiliz.

Zer higiene eta noren kontura?

Jarduera ekonomikoaren jabeak edo zentro, instalazio, erabilera publikoko espazio eta erakundeetako zuzendari edo arduradunak garbiketa- eta desinfekzio-neurri egokiak hartzen direla ziurtatu beharko du. Testuinguru horretan, txartelarekin edo gailuen arteko kontaktu fisikorik eragiten ez duten beste bitarteko batzuekin ordaintzea sustatuko da.

Zenbatekoa izango da edukiera baimendua eta nola arautuko da?

Establezimenduek, instalazioek eta lokalek gehieneko edukiera jarri beharko dute jendaurrean, langileak barne, eta edukiera hori eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen direla ziurtatu beharko dute. Baimendutako estandarra %60koa da, baina %100era handitu daiteke, 1,5 metroko distantziari eutsi ahal bazaio. Era berean, pertsonen zirkulazioa zaintzen jarraitu beharko da, eta establezimenduak bi ate edo gehiago baditu, sartzeko eta irteteko erabilera bereizia ezartzen saiatuko da.

Zenbat jende joan daiteke beilatoki eta ehorzketetara?

Beilatokiak mota guztietako instalazio publiko edo pribatuetan egin ahal izango dira, eta gehienez 65 pertsona batu daitezke aire zabaleko espazioetan eta 30 pertsona, espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Errausketa, ehorzketa edo agurrerako taldean parte har dezaketen pertsona kopurua 75ekoa izango da gehienez.

Eta gurtza lekuetan?

Ezin izango da edukieraren %75 gainditu. Edukiera maximoa gurtzara bideratutako espazioan leku ikusgarri batean argitaratu beharko da. Neurri berberak aplikatuko dira gurtza-lekuetan egiten diren ezkontzetan edo bestelako ospakizunetan.

Egongo al da mugarik merkataritza-lokal, establezimendu edo azoka txikietan?

Txikizkako merkataritza-establezimendu eta lokalek eta jendeari irekitako zerbitzu profesionaletako jardueretakoek, bai eta merkataritza-zentro edo parkeek ere, edukiera mugarik gabe ireki ahal izango dute, baldin eta pertsonen artean 1,5 metroko tartea mantentzen dela bermatzen bada, eta espazio komunetan eta jolasguneetan edukiera %60koa izango da.

Bide publikoan edo azoka txikietan jarduten duten azoken kasuan, ezin izango dute ohiko edo baimendutako postuen %60 gainditu, eta bezeroen joan-etorria mugatu egingo da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko zaiola ziurtatzeko. Gainera, 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute.

Zer baldintzatan joango gara zinema, antzerki eta zirkura?

Baldin eta edukieraren %60ko edukiera errespetatzen bada gehienez. Gutxienez 1,5 metroko pertsonarteko distantzia fisikoa errespetatu beharko da; halakorik ezean, maskara nahitaez erabili beharko da. Jendeak eserita egon beharko du, eta aurrez esleitutako besaulkia beharko da.

Egin al dezakegu jarduera fisikorik taldean eta kirol-instalazioetan?

Federatu gabeko jarduera fisikoa eta kirol-jarduera aire zabalean banaka edo taldeka egin ahal izango da, kontaktu fisikorik gabe eta gehienez 30 pertsonako taldeetan, aldi berean. Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, baimendutako edukiera %60koa izango da. Aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dira babes-arauak eta pertsonen arteko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatuz. Federatutako kirol-modalitate guztiak berriro praktikatzen hastea baimenduta dago.

Jende asko joango al da kirol-ikuskizunetara?

Lakuako dekretuak aukera ematen du espazio itxietan lehiaketetak, ekitaldiak eta kirol-ikuskizunak gauzatzeko, baimendutako edukieraren %60ko mugarekin (300 lagun gehienez), baina Arantxa Tapia sailburuak azpimarratu du horrek ez duela esan nahi futbol estadioetara joan ahal izango denik Ligako lehiaketa bat ikustera, horretarako Kirol Kontseilu Nagusiaren baimena behar baita eta oraingoz ez du aterik zabaltzeko asmorik.

Aire zabaleko erabilera publikoko parke eta kirol guneez gozatu hal izango dugu?

Haur-parkeak, kirol-eremuak, skate-pistak edo aire zabaleko antzeko erabilera publikoko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan barrutiaren azalerako espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona bakarreko gehieneko edukiera errespetatzen bada. Udalei dagokie espazioa antolatzea eta garbitasun- eta higiene-baldintzak bermatzea.

Diskoteketara eta gaueko aisialdiko beste establezimendu batzuetara joaterik ba al dago?

Bai, baina establezimenduek ezingo dute beren edukieraren %60 gainditu, eta dantzarako pistarik ez da izango; horietan mahaiak jarriko dira.

Gehieneko edukiera egongo da garraiobideetan?

Ibilgailuak berez duten gehienezko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eserita dauden plazetan, bai zutik daudenetan. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da helduentzat zein adingabeentzat garraio mota guztietan, bidaia hasten denetik amaitzen den arte.

Gidariek ere maskara eraman beharko dute, baldin eta babes-manpara bidez mugatutako leku batean ez badago, jendearengandik bereizita.