2020 UZT. 18 JOPUNTUA Geroaren aurpegiaz, edo aurpegirik ezaz Mikel Zubimendi Esaten den bezala, flipatzen ari naiz. Jendea maskara ipinita ikustea harrigarria zait. Paradoxikoa ere bai, akordatzen bainaiz protestarako zenean maskara kriminalizatu zutenek nola behartu duten orain horren erabilera. Norbanakoaren mitoak errealitate berri batekin egin du topo, aurrez aurre: nire biriketan bizi zara, eta ni, zureetan. Politika arnasketa kontu bat da. Ezin hobeto ikusi da hori polizia arrazistaren belaunaren pean Eric Garnerrek esan zituen azken hitzetan: «Ezin dut arnastu». Maskara gelditzeko etorri da. Arriskuaren aurrean intimitatea eta konfiantza sortzen duelakoan nago. Politika berri bat, kultura bat. Patu komun baten sentimendua indartzen du, elkarrekiko obligazioa, herriarekikoa. Pandemia bat ez delako soilik gertakari biologikoa, prozesu soziala ere bada. Komunitate bateko kideek ez dituztelako maskarak erabiltzen gaixotasunari aurre egiteko bakarrik, elkartasuna adierazteko ere erabiltzen dituzte, kutsatzearen hondamenean, elkarrekin, batuta eutsiko diotela adierazteko. Baina erosoago sentitzen gara norbait nolakoa den ebaluatzeko gai garela sentitzen badugu. Seinale emozionalen menpeko garelako. Aurpegi bat ikustean bi gauza egiten ditugulako: Ezagutzen dut? Nola, noiztik? Eta bere emozioak irakurtzen saiatzen gara, mehatxuak neurtzeko edo lotura positiboak estutzeko, ezagun eta ezezagunekin. Maite dugu aurpegiak irakurtzea, espresioak epaitzea. Baina, orain, maskarek seinale guzti horiek ezkutatu dizkigute. Begiak geratzen zaizkigu soilik. Hitza itoago dago, emozioak gordeago. Asko hitz egin da maskarak lausotzen dituen betaurrekoez, aurpegian kondoi bat jartzea bezalakoa delakoan erabiltzeari uko egin dioten presidenteez. Izan maskara edo kondoia, koronabirusa edo hiesa, osasun publikoarentzat arrisku bat da hori, gizonkeria kriminal bat. Ados. Baina ez da ia ezer esan, aldiz, ezpainak irakurtzeko ezintasunaz, gorren eta entzumen arazoak dituztenen komunikaziorako suposatzen dutenaz. Inor ez da konturatu, nonbait. Edo ez du konturatu nahi izan. Maite dugu aurpegiak irakurtzea, espresioak epaitzea. Baina, orain, maskarek seinale guzti horiek ezkutatu dizkigute. Begiak geratzen zaizkigu soilik. Hitza itoago dago, emozioak gordeago