2020 UZT. 21 JOPUNTUA EAJren Liga Mikel Ibarguren Idazlea Bere betiko ironiarekin Liga EAJk irabazi duela esan zuen Andoni Ortuzarrek lehengoan. Urkullu lehendakariak berriz aho bete hortz utzi gintuen mikrora hurbildu eta Gontzal Mendibil eta Xeberriren kantaren zati bat kantatzen hasi zenean. Baina ez zuen aukeratu «kapitalismoak dakarren katai ta zapalketa» abestia, «gogoa nun dugu, gazteok zer gara/ indarrak alkartu eta goazen auzira» baizik. Ezer ez baita kausalitatea. Liga EAJk irabazi du, baina bere Ertzaintzak gazteak kolpatu eta mehatxatu ez ezik, «hau Espainia da eta gazteleraz hitz egiten da» dio. EAE oasi bat dela errepikatu arren, badituzte De Miguel, Hiriko zein Epsilon bezalako trapu zikinak edota Osakidetzako azterketei buruzko ustelkeria kasua ere. Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren eta pandemiaren kudeaketa interesatua ahaztu gabe. Liga irabazi du, baina herri hau autonomismo eta politika neoliberaletara kondenatzen du taigabe. Larrialdi egoeran ere ikusi dugu. Confebasken bozeramale bihurtuta finantza-elitearentzat zein merkatuaren diktadurarentzat beharrezkoak diren jarduerak lehenetsi ditu, guztion ongizatearen mesederako zela esanez. ADI! elkarteko Javi Aguillok dioen bezala enpresei fabore tratua eman eta enpresek mesedeak bueltan ematen dizkiote: horra EAJren ekonomia zirkularra. EAJk Liga irabazi du, baina osasungintzako, hezkuntzako edo kulturgintzako alorrak eskupekoen bidez laguntzen ditu herri aurreratu batek beharko lituzkeen benetako aurrekontu sozialak ezarri beharrean. Betiko politika neoliberalei jarraituz gastu sozialetan guraizeak erabiliko ditu, murrizketen politikei bide emanez. Horra, garaipenaren poztasunak eta dirdirak ezkutatzen duen egiazko emaitza: ustelkeria kasuak, pribatizazioak, euskara politika etsigarria, autonomismo kroniko eta endemikoa... Baiki, Espainiako sistema politikoa gurean errotzeko gero eta eragile garrantzitsuagoa da Liga behin eta berriz irabazten duen EAJ alderdi autonomista. Enpresei fabore tratua eman eta enpresek mesedeak bueltan ematen dizkiote: horra EAJren ekonomia zirkularra