GARA
DONOSTIA

Urkulluri irtenbide bat eskatu diote ostalariek

“Urkullu aski da. SOS Ostalaritza” leloa zuen pankarta handi batek argi erakusten zuen atzo Lakuako Gobernuak Donostian duen egoitzan sartu ziren lagunen ekimenak zer helburu zuen. Hedabideei hitz hauekin azaldu zieten: «Eusko Jaurlaritzaren egoitza okupatu dugu, Urkulluren Gobernuak beste behin ere ostalaritza aurkeztu duelako izurritearen bilakaeraren erantzule eta errudun gisa».

Zehazki, pandemiari aurre egiteko neurriek sektore horretan eragindako kalte ekonomikoei erantzuteko exijitu zuten ostalariek. «Urte oso bat daramagu %30ean lan egiten, eta honek oso egoera larrian uzten gaitu», adierazi zuten. «Taberna asko eta asko itxi dira dagoeneko eta beste hainbestek ere etorkizun iluna izango dugu, beharrezko neurriak hartzen ez badira», nabarmendu zuten, eta, ildo horretan, lehendakariari eskatu zioten «ostalaritzari eragiten dion neurri murriztaile bakoitzaren argitalpenari dagokion konpentsazio ekonomikoa gehitzeko, establezimendu bakoitzaren ezaugarrietara egokituko den atal bat eransteko».

Horrekin batera, ostalariak %100eko lanera itzuli bitartean, «jasotako konpentsazio ekonomiko guztiek atzeraeraginezko laguntza ekonomikoa» izan behar dutela diote, eta «zergen ezabapena» ere eskatzen dute; hain zuzen, «alokairuen atxikipena; PFEZaren murrizketa; BEZaren aldi baterako jaitsiera eta zaborren, uraren edota terrazen zergak kentzea».

«Irregulartasunak zuzentzea»

Lakuako Gobernuari «langileen soldatak osatzea eta aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteetan (ABEE) dauden irregulartasunak zuzentzea» ere eskatzen diote.

Ildo berean, eta azken puntu gisa, «bizkortasun burokratikoa» eskatzen dute ostalariek, hots, besteren artean «laguntza eskaeren eta ABEEen izapideak erraztea eta malgutzea».

Hori guztia eskuratzeko bidean, bertaratutakoek «ostalaritzako sektore osoari antolatzeko eta mobilizatzeko deia» egin zioten, «egoera larri hau lehenbailehen konpon dadin».