GARA Euskal Herriko egunkaria
HIZKUNTZA GUTXITUAK BABESTEKO LEGE HISTORIKOA

Euskarak, katalanak, korsikerak... lege-babesa daukate Estatu frantsesean

Paul Molac diputatuaren Eskualde-hizkuntzen Ondare Babeserako eta Sustapenerako Lege proposamena onartu zuen, atzo, Asanblea frantsesak. Gobernua legearen kontra bazen ere, erraz atera da aurrera: 247 aldeko boz eta 76 kontrako. Senatuak bozkatu zuen testu bera denez, legea promulgatua izanen da eta berehala aplikatu ahal izanen da.


Alde handiarekin onartu da legea, nahiz eta Emmanuel Macronen La Republique en Marche alderdiak kontra bozkatzera deitu. Horrek agerian utzi du diputatu anitzek ez dutela alderdiaren kontsigna errespetatu. Horien artean daude Vincent Bru eta Florence Lasserre David euskal diputatuak.

Euskal Herrian berria poz handiz hartu da. Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak eta Euskal Elkargoko hizkuntzen presidenteordeak argiki erran du egun «historikoa» dela. «Berdintasunaren tenplua den Asanblea Nazionalean onartu baita, 250 urtez gure hizkuntzen kontra borrokatu eta gero. Frantzia mailan mentalitateak aldatzen ari direla uste dut».

Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak «euskararendako aintzinapauso handia» dela baieztatu du. «Orain ikusi beharko dena da Gobernuak zein jarrera hartzen duen, bere gogoaren kontra bozkatu du eta».

Itxaropena beti atxikitzen bada ere, legea onartzea ezustekoa izan da; «ez nuen uste hori inoiz ikusiko nuenik», aitortu du Curutcharryk. Eta gaineratu du: «Argi dago azpitik egindako lanaren emaitza dela, bai diputatuena, bai hizkuntza gutxituen alde ari diren elkarteena ere».

Horrela nabarmendu du Paul Molac diputatuak ere: «Mugimendu handia egon da elkarteen aldetik eskualde ezberdinetan; Euskal Herrian, Okzitanian, Katalunian eta Bretainian; diputatuekin bildu dira».

Seaskako zuzendariak zentzu horretan egindako lana gogora ekarri du: «Azken urte honetan Peio Jorajuriak eta nik kristoren bideokonferentzia piloa egin dugu, Parisera bidaiak, diputatuekin hainbat bilkura egin ditugu azken egunotan. Euskal Konfederazioak ere lobby lan handia egin du mugimendu hori sortzeko».

Izan ere, Asanblea Nazionalean 2020ko otsailean lehen irakurraldian aurkeztu zenean, Gobernua kontra agertu zen, hezkuntzari buruzko artikuluak kenduz. Senatuan abenduan ere saiatu zen, baina gehiengorik ez zuenez, aurrera jarraitu zuen, eta orain, bigarren pasaia honetan ere kontra agertu da. Baina diputatuek artikuluak bozkatzean ez dute diziplina bete, eta azkenean onartu egin behar izan du.

Hezkuntza gatazkatsua

Eztabaida gehien sortu duten artikuluak hezkuntzari loturikoak izan dira. Ikusmin handiena sortu duena murgiltze ereduari buruzkoa izan da. Artikulu horrek esaten du hezkuntza publikoan ere ikasleek %100ean eskualdeetako hizkuntzan ikasi ahal izanen dutela, Konstituzioaren aurkakotzat jo gabe.

EEPko presidenteak argiki adierazi du murgiltzearen garrantzia «estrategikoa» dela, transmisioa gaur egun bereziki eskolan egiten den garai honetan. Aldi berean, legeak ematen dion zilegitasuna ere aipatu du: «Horri esker orain Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan ezarria den esperimentazio eredutik aterako gara, beti arriskuan ematen ahal gaituena, eta maila berean ezartzen da eredu elebakar eta elebidunarekin batera».

Horrek ere eremu praktikoan izanen duen eragina azaldu du: «Hezkunde Nazionalarekin negoziazioak asko erraztuko ditu; ez gara hainbeste Estatuaren jarreraren menpe izanen».

Gorostiagak Hezkuntza Ministerioarekin izanen diren egokitzapenak aipatu ditu: «Orain Gobernuak arautu nahiko du hori, murgiltzea zer den, zein mailatara heltzen den, lehen hezkuntzan edo bigarrenean ere, eta hor seguruenik beste borroka batzuk izanen ditugu, legearen aplikaziorako».

Murgiltze eredu hori konstituzioaren kontrakotzat jo izan dute horren aurkakoek, baina orain ezin izanen dute horrela egin eta Gobernuaren arabera arriskuan eman, ikasturte hasieran Hiriburuko eskolan gertatu zen bezala, non ez zen murgiltzea ezartzeko baimenik eman izan nahi, jendearen mobilizazioak onarrarazi zuen arte.

Herriko etxeek ikasleko egin beharreko ordainketari buruzko artikuluak ere eztabaida piztu du. Horrek udalak behartzen ditu herrian murgiltze eredurik ez dagoenean beste herri bateko eskolari ordaintzera.

Hori bereziki berri ona da Seaskarentzat, azaldu zuenez: «Lehen herriko etxeek nahi zutelarik ordaintzen bazuten, orain legeak argi eta garbi erraten du egin egin behar dutela. Horrek ikastolen finantziaziorako erraztasuna ekarriko du».

Legearen izenari segituta, eskualde-hizkuntzak Estatuko ondare immaterialean erregistratzea legeztatuko du artikuluetako batek.

Bestalde, oso mediatizatua izan den ‘ñ’ letraren kasua ere legearen babesean ezarri da. ‘N’ letraren gainean ematen den azentu-marka diakritikoa izenetan eman ahal izatea ahalbidetzen du; gaur egun euskaraz eta bretoieraz hizki hori duten izenek ezin baitute erregistroan eman. Berbera gertatzen da katalanen ‘i’ hizkiaren gaineko azentu-markarekin.

‘Ñ’ hizkiaren inguruan liburu bat idatzi duen Bernez Rouz Bretainiako Kultura Kontseiluko presidenteak legearen onarpena poz handiz hartu du: «Legea bozkatu da, garaipen handia da eta horrekin Fañch izena, Iñaki bezala, legezko bilakatu da».

Kalean eta erakundeetan kartelak eta seinaleak elebidunak izatea legeztatzeko artikulua ere bada Molacen legean.