GARA Euskal Herriko egunkaria
«ARTIZAR», KALAKAN TALDEAREN LAN BERRIA
Elkarrizketa
JAMIXEL BEREAU
KALAKAN TALDEKO PARTAIDEA

«Errealitateari uko egitea negatibo izatea bezala hartua da eta hori ez da horrela»

Kantutegi tradizionaletik hamasei kantu berreskuratu ditu Kalakanek «Artizar» diskorako, taldearen estudioko seigarren lanerako. Elektronika doinuek lagunduta baina ohiko elementuak alboratu gabe, abesti sakonez betetako diskoa egin dute. Jamixel Bereau senpertarrak aurkeztu digu lan berria.


“Artizar” izeneko lana kaleratu berri du Jamixel Bereauk, Xan Errotabeherek eta Bixente Etcheverryk osatzen duten Kalakan hirukoak. Egunotan, ordea, Euskadiko Orkestra eta Kalakan hirukotea Miramonen elkartu dira maiatzean eta ekainean gauzatuko duten euskal tradizioko hamabi kantaren grabazioaren lehenengo entseguak egiteko. Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donibane Lohizunen eta Donostian aurkeztuko dute proiektua urrian eta azaroan eskainiko dituzten bost kontzertuen eskutik.

«Mendian zoin eder» kantuarekin irekitzen duzue diskoa eta hor elektronika kutsua nabaritzen da dagoeneko.

Bai, neurri desberdinetan sartu dugu elektronika. Segun eta zer kantan, eta hor, “Mendian zoin eder” kantuan minimoa izan da, teklatu bat erabiltzen dugu harmonia eta baxuak egiteko, melodiei sustengua emateko pixka bat. Baina muturreko beste adibide batzuk ere badira diskoan, “Xoriñoak kaiolan” adibidez; hor elektronika maximoan da.

«Gauaz ibiltzen dena, ez da zuhurra» diozue, berriz, «Agur irrintzina» abestian. Hori egungo garai nahasiotan esatea, ez al da zaurian behatza sartzea bezala?

Nire ustez, urrunegi joan gara eta jende guztia gaizki dago, beldurtuta dago, bat bestearen kontra ezartzen ari gara, eta hori bukatu behar da lehen baino lehen. Bestela, kalte gehiago ekarriko digute neurri horiek eritasunak propio baino.

Minorretara asko jotzen duzue disko honetako kantuetan, iluntasun bat badago eta oro har mezu sakonak jorratzen dituzue.

Iluntasuna ez dakit, nik gehiago errango nuke sakontasuna. Nire ustez, egun bada zerbait, ez dakit, kasik gezurrezko positibismo bat. Denaren aurrean izan behar dugu positibo, baina bizitza ez da horrela. Bizitzan ilunetik argitara pasatzen zara eta argitik ilunera. Egun batean pozik zaude eta hurrengo egunean sekulako zaplazteko bat jasoko duzu, horrelakoa da bizitza. Errealitateari uko egitea, negatibo izatea bezala hartua da eta hori ez da horrela. Arrautza baten barruan bazina bezala babestuta sentitzen zara zure inguruan edota pantailaren atzean, baina egun batez atera behar zara kanpora, zure lankideekin esaterako. Eta lanean kaka izaten da, eta bizitzan ere kakak izanen dira… positibo izan ala ez. Beraz, borrokatu beharko duzu, bizitza horrela delako.

Bertso doinu batzuk ere sartu dituzue tartean. Zein zen Pierre laboraria?

Zergatik Pierre laboraria? Aspaldiko eztabaida batetik dator eta beste dimentsio bat hartzen du gaur egun: herria eta baserria. Teknologia eta ezagutzen dugun mundua bere mugara ailegatzen ari da nonbait, hor bada zerbait gaizki egiten ari dena. Eta beste aldean dago baserria, naturarekin konexioa, beste mundu hori. Garai batean jende guztiak nahi zuen hirira joan, garapena eta aurrerapena ziren denen nahia, eta bizitza hobetzea. Adibidea hemen dago, Parisera edo Madrilera joan zirenak. Gaur egun konturatzen zara hobeto dela gutxiago kobratu eta bizitza hobeago bat izatea; nire ustez gauza aunitzez ari gara konturatzen eta oreka berri bat ari gara topatzen.

«Artizar» kontzeptua hor kokatzen da, hortaz.

Bai, bizitza eta gauzak ulertzeko modu bat da. Nire ardatza natura eta animaliak izan dira. Animaliei asko begiratzen diet ulertzeko nola garen gizakiok. Ni, kantari bezala, seguru naiz txoriak entzunez edo haizea imitatuz hasi zela gizona kantari. Gizonak ere bere mundua eraiki du eta mundu hori, soilik gizonen buruan dago. Naturarentzako hori ez da existitzen, animalientzako ez da existitzen… Elementu horiek kontuan hartu behar dira gure burua ez galtzeko, beti erreferentzia errealak edukitzeko, bereziki garai honetan. Eta artizarra beti dago hor. Gu mugitzen gara, baina artizarra beti dago hor.

XXI. mendera nola ekartzen da kantu tradizional bat? Juan Mari Beltran berriak bihurtzen ari zaretela esan al dezakegu?

Juan Mari Beltran? Ba ez da hain gaizki! [barrezka] Adibidez, Arratiako melodia bat sartu dugu elektronikarekin nahastuta, “Eguzki beroa” kantuan. Ni dantzaria izan naiz eta Arratiako dantzatzeko manera eta musika, Gipuzkoako estiloarekin konparatuz, oso polita aurkitzen dut. Bi mutur dira eta hori ere gure Euskal Herriko aberastasuna da.

Nabaritu daiteke bakoitza nongoa den dantzatzen duen arabera eta zuk hori oholtzatik ikusiko duzu, ezta?

Bai noski! Eta polita iruditzen zait, hizkera bezala da gainera. Denek fandango bat dantzatzen dugu eta euskaraz mintzatzen gara, baina bakoitza bere estiloarekin, eta hori niretzako euskal nortasunaren oinarri handi bat da, beti oreka indibidualaren eta komunaren artean. Orson Wellesek egindako dokumental batean hori nabarmendu zuen, oreka hori ematen dela euskal nortasunean. Txapela jartzen zuen adibide bezala. Herri ttipi bateko plazan gizon guztiak txapela zuten buruaren gainean, baina bakoitzak bazuen bere txapela ezartzeko estiloa! Ez ziren bi berdin”

Baina euskaldunen artean seguru elkarri esango geniola: «Txapela ez da horrela jartzen, horrela behar du izan».

Nire ustez hori da gure arazo handiena! Ez da kanpoko arazoa, baizik eta gure batasun eskasa da arazoa.

Xalbador eta «Haurrak ikas zazue» kantua nahastu dituzue «Bihotzeko hizkuntza» abestian.

“Haurrak ikas zazue” ikasi nuen lehendabiziko kantua izan zen, nire aitak erakutsita. Baditut horrelako flash oroitzapen batzuk. Familia batzuetan gurasoek umea ohera eramatekoan hartzen zuten tarte bat otoitz egiteko; nire kasuan, kantuak ziren. “Pilotarien biltzarra” kantua eta baita “Haurrak ikas zazue” ikasi nituen, aita pilotaria izan zelako. Beraz, niretzako kantu hori beti izan da garrantzitsua. Pentsa, Luis Marianok ere egin zuen bertsio bat, melodia hartu eta frantsesez kantatu zuen, kantu bukoliko eta erromantiko bat, badakizu. Horrela esaten zuen: «Badago Frantziako xoko polit bat»... Gaizki hasten da ja kantua... Zuek ere ezagutzen duzue kontzeptu hori Hegoaldean, Iparralde “bukolikoarena”.

Gaitegian, beti duzue euskara presente.

Besterik ez dugu. Ez dakit nola erran… Euskarak niretzako badu magia puntu bat. Euskaraz mintzatzen naizelarik ez naiz pertsona bera, euskaraz mintzatzen naizelarik ez naiz hain agresibo ezartzen ahal. Ez dakit, hizkuntzak behartzen nau beste modu batez jokatzera, mundua begiratzeko manera bat da euskara, zure baitan edo zure burua kokatzeko modu bat.

Carmina Buranarekin XIII. mendera egiten dugu salto.

Tira, diskoan diren melodia batzuk ziur naiz kasik hura bezain zaharrak direla. Betidanik gustatu zait mundu klasikoa eta gure estetikarekin ondo doa. Gure inguruko instrumentuekin eta errekurtsoekin ibili gara eta erabaki dugu kantua diskoan sartzea; gure ustez nahiko koherente geratu da. Maiz galdetzen digute zergatik ez dugun frantsesez edo gazteleraz kantatzen, orain egin dugu, latinez abesten dugu!

Eta diskoko «puntazoa»-z zer?

“Tupindegiko Roxali” da berezko abestia eta kantuaren atzean gauza asko daude. Gizon bezala, egungo garaiak ez dira beti errazak. Ados gaude eta kontziente gara emakumeen eskubideekin badirela gauza asko aldatu behar direnak, bai arauetan baina baita bereziki gure buruetan ere; hortik hasi behar gara. Baina oreka behar da. Adibidez, euskal kantagintzako kantuak matxistak direla eta ez direla kantatu behar esan izan digute. “Tupindegiko Roxali” kantuan bada kritika sozial bat. Hemen garai batean Parisera joaten ziren neskatoak aberatsen etxeetara eta frantsestuak bueltatzen ziren, eta kantu hori horrela sortu zen.

Orain Roxalitik “Tupindegiko Panpili”-ra pasa gara. Zertan bilakatu gara? Bitcoin, YouTube eta Uber… Azken urte hauetan etsai berri bat dugu eta ez gara konturatzen zer-nolako etsaia den gure kulturarentzat. Kapitalismo basati hori da etsaia. Ez gara aski mesfidatzen, dirua badago denak balio du. Uste dut jendeak bazituela balio batzuk eta dirua ez zela dena, baina gaur egun…

Elektronikari buruz, esaten duzue 90eko hamarkadan geratu zinetela, eta hein batean badu hortik diskoak.

Hastapenean are elektronikoagoa zen “Xoriñoak kaiolan”.  Nire erreferentzia mundu horretan 90eko hamarkadako elektronika da. Pello Reparazi erakutsi nion egindakoa, bateria bat jarri nuen eta esan zidan: «Baina hori 80ko hamarkadan egiten zen, orain ez hainbeste...». Moldaketak eta egin eta oso polita izan da Pellorekin sortu den harremana. Garai honetan pixka bat zaila da dena antolatzea, baina Zetak taldearen kontzertu batera joan behar dugu, eta berak ere badu gogoa gure kontzertu batera etortzeko. Talentu asko dauka, baina lan asko ere egiten du! Niri interesatu zait Zetak entzutea eta, batez ere, Pellok txalaparta bezalako elementuak sartzea zinez interesgarria iruditu zait.

Zuen webgunean eskuratu daiteke disko fisikoa eta digitalean ere jarri duzue diskoa eskuragarri.

Gaur egun enpresa munduan bezala nahi baduzu profesionalki aritu diru asko behar duzu. Diru asko duzula promozionatzeko? Ba bistaratua izanen da eta ez baduzu ezer egiten ilunpean geratuko zara. Spotify eta horiek Amazon bezala dira, eta nik ez dakit nahi duten nire produktua Amazonen egoterik…