GARA
ARGINDARRAREN PREZIOA

Erantzunik ez espainiar Gobernutik argindar konpainien «xantaiari»

EH Bilduko Oskar Matutek «esku hartze eskasa» leporatu zion atzo espainiar Gobernuari argindar konpainien «xantaiaren» aurrean. Teresa Ribera hirugarren presidenteordeak, hori bai, nahiago izan zuen arreta «trantsizio energetikoan» jartzea. Argindarraren prezioak goia joko du gaur 20.00etatik 21.00etara: 221 euro kilowatt-ordua. Iberdrolak, bere aldetik, gorantz berrikusiko ditu bezero industrialen tarifak eta proiektu berriztagarriak geldituko ditu.

Oskar Matute EH Bilduko diputatua Teresa Ribera espainiar Gobernuko hirugarren presidenteordeari zuzendu zitzaion atzo, argindar konpainiek dituzten irabazien eta aplikatzen duten «xantaiaren» inguruan. Baina ez zuen Gobernuaren aldetik erreakziorik aurkitu. Izan ere, Riberak gaia desbideratu zuen.

Matutek argiaren prezioa gehiago igotzeko konpainiek zentral nuklearrak gelditzeko egindako «mehatxua» gogoratu zuen Kongresuan, baita, egungo prezioa justifikatzeko, Iberdrolaren barne agiri batean «zenbat kostatzen zaigu egunero hartzen dugun ka&bs;ña hori?» galdetu izana ere. «Herritarrekiko mespretxu jarreren bi froga dira».

Riberak anbiguotasunez erantzun zion, «Gobernuaren helburua Estatu on bat eraikitzea da», «unean-uneko neurriak hartu behar ditugu» edo «errezetarik onena trantsizio energetikoa azkartzea da», adieraziz. EH Bilduko diputatuak horrelako adierazpen orokorrekin ados egon daitezkeela ihardetsi zion Riberari, baina honakoa ere gaineratuz jarraian: «Gobernuak elektrikei egindako kritikek ez dute gero ondorio nabarmenik».

Matutek nabarmendu zuenez, «herritarrek kolpatuta jarraitzen dute, eta, bitartean, elektrika handiek etengabe irabazten dute dirua, pandemiaren aurretik, bitartean eta baita ondoren ere, beti dakite abantaila egoerak sortzen». Enpresok Europako funtsak eskatzen ari direla ere gogorarazi zuen. 50.000 milioi euro, zehazki. «Zer ‘berreskuratu’ behar du ba inoiz galdu ez duenak?». Eta beste datu bat ere eman zuen: «Konpainiok legez kontrako ekintzaren batengatik zigortzen dituztenean, ordaintzen dutena lortu dutena baino %10 gutxiago da!».

Matuteren hitzok ez zuten Riberaren gidoia aldatu eta berriz heldu zion trantsizio energetikoaren gaiari. «Bi urteko epean eguzki energia baliatzeko gai izango diren 500.000 teilatu berri eraikitzea» eta «faktura merkatzea ahalbidetuko diguten birgaitutako etxebizitzak sustatzea» jarri zuen helburu.

Iberdrolaren prezio igoera

Bestetik, Iberdrolak atzo jakinarazi zuenez, gorantz berrikusiko ditu epe luzeko kontratuak dituzten bezero industrialen eta enpresa handien tarifak. Gorakada argindarraren prezioaren igoera arintzeko Gobernuak onartutako neurriei leporatu zion. Aldi berean, proiektu berriztagarriak geldiaraztea ere erabaki du Iberdrolak, «errentagarritasuna jaitsi delako». Erabakiok ikusita, «kezka» agertu zuen Riberak eta igoerok aztertuko dituztela jakinarazi zuen.

Argindarraren prezioaren gorakada itzelaren aurrean, Llotja de Marreko adierazpena sinatu zuten indarrek itzalaldi elektrikoa eta lapiko jotzea deitu dute urriaren 8rako (22.00etatik 22.30era). «Herritarren aurkako iruzurra da, gobernuek eta konpainiek partekatzen dituzten interesek eragindakoa».