GARA Euskal Herriko egunkaria
LAUGARREN

«Eta hutsa zen helmuga», harmoniaz betetako lana atera du Liher taldeak

Denbora gutxi pasatu da Liher taldeak aurreko diskoari agur esan zionetik, Azkena Rock jaialdiaren edizio berezian. Baina ordurako grabatuta zuten «Eta hutsa zen helmuga», beren ibilbideko laugarren lan luzea. Iñigo Etxarri gitarrista eta Lide Hernando ahotsa eta gitarrista izan ditugu solaskide.


«Diskoa azkenean atera da», esan digute Liher taldeko Iñigo Etxarrik eta Lide Hernandok elkarrizketa hasi eta berehala. Eta hori bada bitxia, aurrekoa, “Hemen herensugeak daude”, atera zutenetik urte eta erdi pasatu delako. Diskoaren grabaketen inguruan eguneroko bat ere osatu zuten NAIZen webgunean. Andoaingo Garate estudioan grabatu baitzuten “Eta hutsa zen helmuga” diskoa 2021eko udan.

Ander Berzosa baterian, Iñigo Etxarri gitarran, Lide Hernando gitarrarekin eta ahots nagusian eta Joshka Natke baxu-jotzailea izan dira disko honetako bizkarrezurra. Baina «arima eta giharra» Jon Lujanbio dela azpimarratu dute: «Bera gabe ez litzateke ez talderik ez kontzerturik egongo. Bolo asko lortu dizkigu, furgonetan eramaten gaitu… eta dena musu-truk».

Nork bere burua zaintzearen garrantziaz hitz egiten dute “Urre hauts” kantan. Sormena zaintzarako garrantzitsua izaten da askotan artistentzat. «Terapia bat izan da, nonbaitetik atera behar zen barruan pairatzen ari ginen guztia. Hori egiten dakigunez, mendira joateaz aparte kantuak egin ditugu», esan du Iñigo Etxarrik.

Lide Hernandok ere antzeko bideari eutsi nahi izan dio: «Etxarrik terapia moduan kantuak sortzeari ekin zion itxialdian eta nik hari jarraika idatzi nituen abestien hitzak».

Musikalki eta harmonikoki diskorik konplexuena dela gaineratu du Etxarrik eta berak nahikoa lan zuenez, Lide Hernandoren eskuetan geratu da hitzak idaztearena.

«Kintsugi» kontzeptuarekin irekitzen dute diskoa. Japoniatik datorren terminoa, aurretik ere Euskal Herrian beste izen batekin ikusi duguna. «‘The man in the high castle’ telesaila ikusten ikasi nuen kontzeptu hori. Ikusten hasi eta ez bukatu telesaila, atsekabetuko zaituzte. Momentu horretan kontzeptu hori bizitzen ari ginen, eta diskoan joan behar zuela argi neukan. Izatez arte japoniarreko teknika bat da kintsugia, portzelanazko objektuak apurtzean urre kolorezko kola batekin itsasten dituzte, hausturak agerian utziaz, orbainak bailiran. Hori adierazi nahi genuen. Bilaketak egin ostean, ikusi dut termino hori dezente erabili dela batean eta bestean eta baita Euskal Herrian ere, Maria Riverok erabili zuelako», aipatu du Hernandok. Pandemiak Liher taldeari emandako zapladari egindako kantua da “Kintsugi”.

Disko harmoniatsua

Ahotsek protagonismoa hartu dute “Eta hutsa zen helmuga” diskoan, nahikoa korala dela esan dezakegu. «Harmonia bilatzearen ariketa eginaz ibili naiz denbora guztian. Ahotsetan, gitarren artean, gitarra eta baxuaren artean… Kolore paleta aberatsa lantzen saiatu gara, aurreko diskoan dena blokean joan zelako akaso eta monokromoago. Bada, oraingoan elementu bakoitzarekin linea bat lantzen saiatu gara eta horrek koral itxura eman dezake», aipatu du Iñigo Etxarrik.

Horrez gainera, Lide Hernandok aurrerapauso nabarmena eman du gitarrarekin. Hilabete eskaseko tartean agurtu zuten aurreko diskoa eta berria aurkeztu, eta aldaketa nabaria izan da: «Hobeto ez dakit, baina ardura gehiago hartu dut gitarrarekin. Bakarkako momentu gehiago ditut edo punteo txikiren bat, baina solorik ez, hori bost disko barru akaso, kar-kar».

Etxarrik berak ere gitarrarekin jolaserako tarte zabala izan du diskoan: «Izan dugun bidelagunak, Kaki Arkarazok, elikatu du munstroa. Uste nuen hamar aukera banitu, bi onenak hautatzeko esango zidala, baina ez. Hamar aukera baziren, hamabi sortzen zituen mikro, gitarra eta anplifikadoreekin. Prozesuan behar izaten dut norbait zatiren bat kaka bat dela eta kanpora uzteko esango didana, baina Kakik %95 sartu du».

Lau gehi lau ez dira beti zortzi

Kolaboratzaile bikainak izan dituzte ahotsetarako Liher taldekoek: Noa Egiguren, Lidia Insausti, Alain Martinez eta Miren Narbaiza.

“Hasi” kantuan ahotsek entzuteko pausa bat eskatzen dute. Lide Hernandok eta Lidia Insaustik soul ukitu nabarmena duen abestia landu dute, nahiz eta americana estilora ere jotzen duten, Izkander Fernandezek “MusikHaria” saioan aipatu zuen moduan. Haien ibilbidean beste mugarri txiki bat da “Hasi”. «Aurretik pentsatu gabeko abestia da, sortu zen momentutik hor mantendu dena. Abesti batzuk diskotik kanpora geratu dira, baina hau Garatera joan arte mantendu da. Beti egiten dugu abestiren bat gure estilotik ihes egiten duena, eta gerora ez dakigu zer gertatuko den, baina ate bat zabaltzen dugu», aipatu digu Iñigo Etxarrik. «Melomanoak gara eta diskoaren ildotik ihes egiten duen kanturen bat beti sortzen da bidetik, eta hemen hau sartu behar genuen, abesti kuttun bihurtu delako», gaineratu du Hernandok.

Miren Narbaizaren ahotsaren tinbre bereziak bustitzen du “Orri zuri batek” abestia eta bertan entzuten da hizketan Oteiza bera ere. Sormenari buruz ari dira kantuan Liherrekoak, zer da, ordea, sortzea haientzat? «Batzuetan liberazio bat da baina beste batzuetan lotura, zerbait sortzeko konpromisoa hartzen duzulako eta karga bihurtzen delako. Baina prozesua bera ederra izaten da bukaeran. Hasieran, gogorik gabe-edo hasten bazara ere, sortzen duzun hori entzun eta gogoko duzunean, ederra da egindako bidea», esan digu Lide Hernandok. «Lideri esaten diot, ea zer egiten dugun marroi hauetan sartuz, eta gero atzetik zerbait berria etortzen da. Beste taldekideek ez dakite, ez nazatela entzun, baina kantu berri bat sortu dut orain egun gutxi. Beti pausatzeko esaten didate, lasaiago hartzeko, baina terapia moduko bat da sortzea niretzat eta nola hala, grabatu eta gordeta dago abesti hori», segitu du Etxarrik.

Sampler ugari ere entzun dira disko honetan. Negu Gorriak taldean Kaki Arkarazok berak asko sartu izan zituen diskoetan. Ideia berea ote da? «Kakik ez ditu entzun interludio horiek, bukaera arte ez ditugulako sartu. Beti gustatu izan zait halako mundu hori, Negu Gorriaken Kakik berak sartzen zituen eta Matxetek ere Naizroxan gehitzen zituen halakoak. Gisa horretara, diskoa pausarik gabe entzun zitekeen. Lidek kintsugiak zirela esaten zuen, burutazio hori justifikatuta geratzen zen horrela, eta nik kantu bakoitzeko bizpahiru kontzeptu eskatzen nizkion eta haietatik burura etortzen zitzaizkidan soinuak sartu. Gero, denbora bat pasatuta, esaten zidan ‘hemen zer sartu duzu?’ eta nire erantzuna zen, ‘zer dakit ba nik!’, baina hor daude», esan digu Etxarrik.

Jorge Oteiza presente izan dute disko honetan Liherrekoek sorkuntza garaian. «Oteizaren aurpegia ez genuen jarri nahi argi eta garbi diskoaren azalean. Entzuleak bere hausnarketak egin ditzala», hasi da Etxarri.

Segidan Hernandok hitza hartu eta azaldu digu Oteizaren nondik norakoa: «Diskoaren bi zutabeak dira kintsugiak eta Oteiza. Ez zuen disko oso baterako ematen kintsugiaren kontzeptuak eta hausturatik hutsera dagoen tarte hori lotu nahi izan dugu. Hala, Oteizak hutsari buruz egindako guztia aintzat hartuta, bi kontzeptu horien bueltan dago egina diskoa».

Disko honetako beste berezitasunetako bat “Porlan” kantuan Etxarrik ahotsean protagonismoa hartzen duela da. Abestiaren sarreran pasaitarra entzun dezakegu abesten. Gero, gainera, kantuak badu halako lelo itsaskor bat: “Pikutara zure auto-gupida”.

Orain arte, ordea, ez du sekula lehen planoan halako agerpenik egin Etxarrik ahotsean: «Lehenengo aldiz utzi dit Lidek bakarrik abesten… txantxa da. Dena egin nuen ‘nanana guotximeri’ estiloan eta linea hori atera zen, hori da guztia».

Hernandok horri hau gaineratu dio: «Melodia zegoen tonuan egonda, zerbait desberdina eskaintzeko aukera ematen zuen eta aprobetxatu genuen».

Lelo itsaskorrarena, ordea, ez diegu guk bakarrik esan: «Qvernoko Alainen aburuz, gure bizitza osoan egingo dugun abesti baten zatirik hoberena dela auto-gupidarena», esan digute barre artean.

Iragarri dituzte dagoeneko hainbat kontzertutarako hitzorduak. Euskal Herrian azaroaren 26an Amurrion, azaroaren 28an Ondarroan eta abenduaren 8an Durangon izango dira.

Tartean, ordea, kontzertu sorta luzea emango du taldeak kanpoan: «Ez ditugu aurreko diskoarekin bezala 30 kontzertu iragarri, oraingoan 10-12 datako afixa atera dugu eta eguneratzen joango gara. Nork esango zigun Valentzian aurkeztuko genuenik diskoa? Bada bertan hasiko gara», esan dute Liherrekoek.