GARA Euskal Herriko egunkaria
MIGRAZIOAK ETA HARRERA LINGUISTIKOA

EUSKAL HERRIRA IRITSI ETA EUSKAL HIZKUNTZARA ETORTZEAREN ERRONKA

EUSKARAK EGUNGO EGOERA SOZIOLOGIKORA EGOKITU BEHARRA DAUKA ETA ERRONKA NAGUSIETAKO BAT MIGRANTEEI HARRERA LINGUISTIKOA EGITEA DA. SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRAK ANTOLATUTAKO JARDUNALDIETAN HAINBAT ESPERIENTZIA ETA GABEZIA PARTEKATU ZITUZTEN ATZO IRUñEKO BALUARTE JAUREGIAN.


«Gizartean ematen ari den aldaketa nagusietako bat da migrazioarena eta euskararen biziberritzearen ikuspegitik adi egon beharra dugu, bertan eragiteko gaitasuna lortzeko», azaldu zion Asier Basurto Soziolinguistika Klusterreko kideak GARAri.

Bertara herri eta komunitate mailako errealitatea eta esperientziak ekarri zituzten Gasteiz eta Bortzirietako ordezkariek, baita Ikuspegi behatokiko Arkaitz Fullaondok.

Azken honek mito eta galgetako bat lurperatu zuen bere hitzartzean. Lakuako Gobernuak argitaratutako azken inkestaren arabera, EAEra iritsi diren hiru migrantetik batek dauka euskararen nolabaiteko ezagutza. Guztira, 55.000 lagun baino gehiago. Hala ere, zailtasunak egon badaude.

Bortzirietako euskara zerbitzuko Urko Ikardok aurkeztu zuen bertako errealitatea. «Lehentasunezko helburu» dute Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakan etorri berriak «euskara eta euskal kulturara gerturatzea». Nafarroan euskararen arnasgune da iparraldeko eskualde hau. 8.500 biztanle ditu, %70a da euskalduna eta bertan jaiotakoak ez dira %60ra iristen. Guztira, 25 nazionalitate inguruk elkarbizitzen dute.

Ikardok azaldu zuenez, iritsi berrien euskalduntzean 2003an hasi ziren modu formalean. Lehen pausoa ‘Ongi etorri’ argitalpena izan zen eta atzetik iritsi ziren migrazio prozesuekiko ikerketa eta etorri berriekin elkarlan prozesu bat. 2013an aurkeztu zuten I Plan Estrategikoa eta hiru urte beranduago ezarri zuten helduentzako euskara ikasteko doakotasuna. Hori guztia, Bortzirietara iritsitako komunitateekin komunikazio plan bat gauzatuz.

Plan estrategiko hori hautetsi eta udal langileen esku jarri zen, erroldatu berriei igorri zitzaien eta zaintza eta ostalaritzarekin, etorri berri horiek gehien errepikatzen dituzten lanetako bitan, akordioak egin ziren euskara ikastaroak errazteko. Haurrekin, era berean, Solasean proiektua jarri dute martxan, hizkuntzarekin zailtasunak dituzten haurren euskara indartzea helburu.

Arnasgune izan arren, erronkarik ez da falta Bortzirietan eta Ikardoren hitzetan, «mugimendu sozialen berrindartzetik etorri daiteke euskararen sendotzea ere». Baina ez soilik kaletik. Instituzioen ardura ere ez zuen ahaztu eta nafar Gobernuari «beste inplikazio bat» eskatu.

Gasteizko Udaletik Alex Vadillo eta Elena Urzelai izan ziren Iruñeko jardunaldian. Gogora ekarri zutenez, duela 15 urte inguru, etorkinentzako ikastaroak eskainiz hasi ziren, baina laster ikusi zuten «hori ez zela nahikoa». «Aldebikotasuna lantzea beharrezkoa zen. Ez haiek gurera hurbiltzea, baizik eta elkar gerturatzea». Eta bide horretan jarri zuten martxan 2016an anHitzak topaketak.

Topaketa horietatik ondorioztatu zuten «aliantzak eraiki» eta «entzute aktibo bat» ezinbestekoak zirela euskara eta etorri berriek elkar topatu dezaten. Eta horretarako harrera prozesuak definitu nahi dituzte. «Hor ikusi dugu denek berebiziko garrantzia ematen diotela jatorrizko hizkuntzari eta hori etxean transmitituko dutela. Baina baita etxetik kanpo hau garatzeko lekuak behar dituztela. Euskara eskola eremuaren bidez ikasiko dutela sinetsita daude».

Bigarren belaunaldia

Horren aurrean, Urzelaik azaldu zuen aisialdirako «gune informalak» eta etorri berrien «gune abegikorrak» bultzatzea onuragarria izango dela, baita hizkuntza topaketak edo Europan hain ohikoak diren "tandem" bikoteak. Egun batean euskara eta hurrengoan bikoteko beste kidearen hizkuntzara gerturatzeko ekintza da hau.

2021ean, dagoeneko, etorkinak ez dira zerbait berria Euskal Herrian eta hori ere baliatu daitekeela iritzi du Urzelaik. «Bigarren belaunaldiko migranteak formatu behar ditugu, euren komunitateetan zubi lana egin dezaten».

Guzti hau praktikan jartzeko «informazio falta handia» dagoela gaineratu zuen Fullaondok. Horregatik baliatu zuen arestian aipatutako Lakuaren inkesta eta datu horiek duten balioa azpimarratu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskara ezgautzen duten 55.000 migranteetatik 10.000k oso ongi, ongi edo nahiko menperatzen dute. «Ezer ez jakitetik zerbait jakitera talde handi bat dago. Konturatu zenbat belarriprest dagoen hor».

Pertsona migrante baten euskararako bidea bultzatzeko «pertsona horren migrazio prozesua ezagutzea» beharrezkoa dela iritzi du. «Iritsi berri direnean lehen helburuak etxebizitza, lana edo paperak dira». Horren eredu da euskara ezagutzarako gakoetako bat Euskal Herrian daramaten denborarena dela. Ehuneko handiena duela 10-14 urte iritsi zirenen artean dago.

Horregatik «euskara maila ezagutza ezberdinak» bultzatzea jarri zuen mahai gainean Fullaondok, «oinarrizko ezagutza batetik hasi».