Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Aurrizkiak arazo? Aurreiritziak akaso

Gomutara etorri zait egunotan nire ume garaiko pasadizoa, domeka goizean aitaren eskutik Enparantza Berrira joaten nintzenekoa, kromoak aldatzera! Bada, bai, politikaren plazan kromoak aldatzeko zaletasun hori ohikoa izan arren, batzuetan goia jotzen du. Horra beheko Estatuko makroplaza horretakoa, non legeak intentsiboan erreformatzen diren boto transgenikoekin. Hemizirkoa, munduko ikuskizunik handiena! Karpa balego sikiera! Bada, ez, hormak besterik ez, leihoa falta! Zin dagit, eta orain ez da legeak aginduta!

Total, botoetan intxaurretan legez, urrunetik hamalau gerturatu eta lau, eta bat haltzak emanda. Atera kontuak! Errazagoa dute loterian asmatzea bozketen emaitzan baino. Hango ezkerrari marxismo ukitua hartzen diot, Marx anaienaz ari naiz. Horien filmak datozkit burura: “Botoen zopa”, “Egun bat hemizirkoan”... Geometria aldakorrak balio dezake hango errotonda aldian-aldian kudeatzeko, baina handik ateratzeko... konponbideak eta horkonponbideak ez direlako gauza bera.

Politikaren aldaera hori arin ari da zabaltzen beste makroplaza batzuetatik ere. Horra Downing Street horretakoa. Hango lehen ministroak aparteko adiera eman dio euskarazko «jai dauka!» esaerari, eta orain «bilera dauka!» ere hartu du zabaltze semantikoan. «Harentzat berdin dira bilera eta jaia, parranda bihurtu du bilerako gaia»... kantatuko zuten batzuek.

Hain dugu zaila euskara! Orain jakin dut munduko hizkuntza zailenen artean bosgarrena dela. Ama daukat orain gomutan! Izan ere, hizkuntza biren artean distantzia bera dago norabide bakoitzean, eta amak eskola gutxirekin egin zuen bidea... epaileak lotsabako uzteko beste. Euskararen arazoa ez dira bere aurrizkiak beste batzuen aurreiritziak baino. Jalgi hadi justiziaren plazara!

Eta zu, Pello eskuzabala, zaren lekuan segi betiko lez, eguraldi berriak altzoan har zaitzala!