GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Europako Ekialde Hurbila


Beroketa globala, eta lokala. Negu hotza. Gerra-hotsa. Eta poetarena gogoan, «hots, hots, iheslarion oinok...». Iheslarien artean, kiroletan legez, kategoriak ei dira, askok antzeko txandala janzten duten arren. Zorigaitzak zorigaitz, zori hobea dute batzuek besteek baino. Europako «sor-marka» dutenek, kasurako, ez dute mugan hesirik saltatu behar. Zerikusirik ez, Europako mugez harainditik urrunetik ihesean hurbiltzen saiatzen direnekin; izan beste batzuen gerrak, izan lehorteak, izan beste kausa... baina ihesean. Diskriminazio negatiboa, Europa bera dagoelako, bere zaharrean, modu batean edo bestean, kausa berri horien atzean.

Bai, kontinente honetako mugaz kanpoko hurbileko iheslari batzuek errazago dute mugaz barruko errefuxiatu izateko bidea; zer errefusatzen duten, hori da irizpidea. Besteek migrante segitu beharko dute han-hor hesitako mugaz bestaldean, harrera gabeko eremu hotzetan. Hortaz, mapamundi eguneratuan Europak berak ere badu bere Ekialde Hurbila, agian bihar-etzi Ekialde Ertaina ere izateko tarteko helmuga dena. Hain dira espantsionistak, batak ekialderantz, besteak mendebalderantz!

Gasak baino gehiago hedatzen dira. Mapako espazio berrien gose, ezin ase. Lurraldeak dituen baliagaiak baliatzeko, eta antzua balitz ere, lurraldeak dituen biztanleak berak merkatuarentzat baliatzeko; nork bere merkatua, nork bere barne produktu gordina kanpokoa gordinduz. Eta gerra piztu behar bada, primeran, armek ere kotizatzen baitute merkatuan. Dibidenduak helburu, herri zatiketak helbide.

Kanpoko espazioan planeta bizigarriren bat balitz, erbesteratzea pentsatuko nuke, ateratzeko hesia saltatuta... Baina ez da holakorik, hemen geratu behar, ezkor aktibo, mapa kaka horretan bestelako iparrorratzari helduta. Plaka geopolitikoen jitoa behingoz oztopatzeko dortsalen lana sustatuz han-hemen...