Amaia U. LASAGABASTER
BIGARREN MAILA

Denboraldia 90 minutuan

Igoera erabakiko da azken jardunaldian, bi txartelentzako hiru hautagai daudela. Eibarrek abantaila dauka, baina oso marjina estua.

Hiru hautagai, bi txartel eta 90 minutu. Bederatzi hilabete eta erdi pasatu dira denboraldia hasi zenetik, baina igoera gaur erabakiko da, azken jardunaldian, 20.00etatik aurrera.

Lidergoa berreskuratu ondoren, Eibarrek abantaila dauka, baina bere marjina oso estua denez –Almeriari gol aldea besterik ez dio ateratzen eta Valladolidi bi puntu eskas–, garaipena da Lehen Mailara itzultzea ziurtatzen dion emaitza bakarra. Galduz gero, Almeriak Leganesen ere galtzea edo Valladolidek etxean Huescaren kontra gehienez puntu bat lortzea beharko luke. Berdinduz gero, andaluziarrek emaitza bera lortu beharko lukete gehienez eta kasu horretan berdin izango litzateke Valladoliden emaitza. Aldiz, armaginek puntu bakarra eskuratzen badute eta Almeriak irabazten badu, Valladolidek ez luke berdinketa baino emaitza hoberik atera beharko, gol aldea Gaztelakoentzat baita.

Gaizka Garitanok ez ditu kalkuluak aipatu nahi ere. «Unea heldu da eta gure esku dago», azpimarratu du, Eibarrek «beste zelaietan zer gertatzen den begiratzeko beharra ez» duela gogoraraziz. «Gurean zentratu behar dugu, orain arte egin dugun bezala. Gurea egiten ez badugu, ez dut uste besteek huts egingo dutenik. Ez dut denbora galtzen besteengan pentsatzen».

Bost aste badira ere matematikoki jaitsi zenetik, aurreko jardunaldian Almerian berdindu zuen Alcorconek ez dio inolako konfiantzarik ematen teknikari armaginari. Bai, berriz, Eibarrek berak azken partidan Teneriferen kontra emandako erantzuna. Orduan ere «dena geneukan jokoan eta oso ondo egin genuen», gogoratu du.

Garitanok ez du zabaldu deialdia, ostiralean jokalari pare bat zalantzan zeudela azaldu ondoren. Printzipioz, Javi Muñoz, Sielva eta Franchu dira baja bakarrak. Sielvaren hutsunea betetzeko bi aukera susma litezke: Atienza sartzea hamaikakoan, edo Exposito atzeratu, Rahmani sartzeko hiruko lerroan. Bere lesiotik osatuta, Arbilla ere hasierako taldera itzul daitekeela dirudi.