GARA Euskal Herriko egunkaria

Azken tigrea


Ez dut ezagutzen G-Land. 1998an Indonesian izan nintzenean izan nuen aukera joateko, baina ez nintzen ausartu. Munduko txapelketa bertan behera utzi zen urtea izan zen; izan ere, hiru hamarkadako agintaldiaren ostean Suharto presidentea erori berria zen eta politikoki sasoi oso mugitua zen. Protestak oroitzen ditut Baliko karriketan, nahiz eta une hartan gertatzen ari zenaz egiaz ez nintzen jabetzen.

Mendebaldeko bisitarientzat inportatutako produktuekin osatutako lehen supermerkatua ari ziren irekitzen Legian karrikan, baina apalak oraindik ia hutsik ziren nik ezagutu nuenean. Zenbait bizkotxa kaxa eta jogurtak baino ez zeuden. Guztiak iparrameriketan eginak ziren eta oso garestiak ziren. Txokolatezko gaileta kaxa baten prezio berean nahi adina arrain jan zitekeen hondartzako edozein jatetxetan.

Edonola ere, beharrezko erosotasun guztiak eskura ziren Balin, baina oraindik salbaiak ziren Kutatik urrundu ahala aurki zitezkeen hondartzak, eta kasu batzuetan bertaratzea ez zen erraza. Uluwatun olatuak ikusteko labarren gainetik begiratu behar zen, zuhaixka multzo bat igaro eta bat-batean altuera handiko hutsune baten gainean zinela ohartzen zinen. Inpresioa ematen zuen handik itsasoa behatzeak. Itsasoratzeko banbuzko eskailera batetik jaitsi eta kobazulo moduko bat zeharkatu behar zen. Zirraragarria zen.

Jada 25 urte baino gehiago pasa ziren Balin lehen aldiz surf egin zutenetik eta australiarrentzat ohiko oporgunea zen, Europako surflarientzat Kanaria uharteak diren bezala, baina oraindik abentura bat zen Baliko olatuetan surf egitea. Horregatik, liluragarriak iruditzen zaizkit halako lekuetan lehen aldiz surf egin zuten surflari ausarten istorioak.

1998an G-Landetik nahiko gertu egon arren halako bidaia egitea niretzat gehiegizko abentura zela pentsatu banuen, ezin dut imajinatu 1972an Kutatik Grajaganera abiatu ziren bi surflarien bidaia nolakoa izan zen. Inoiz ez naiz izan oso ausarta bidaia kontuetan, baina zorionez Bali Benidorm bilakatu aitzin ezagutu nuela esan dezaket.

Bill Boyum eta Laverty irudikatzen ditut, G-Landeko oihanean, malariaz, intsektuz, tximinoz, sugez eta auskalo zer nolako animaliaz inguratuta. Agian beraiek izan ziren Javako azken tigre famatuaren orroak entzun zituzten azken gizasemeak. Geroago, Laverty Uluwatun surf egiten ito zen, G-Landera itzultzeko ezarri zuen data baino egun bat lehenago. Bere bidaideak ere desagertu ziren, eta Javako biztanleek pentsatzen zuten eremu sakratua zapaltzeagatik izpirituek eraman zituztela. Haiekin batera, Javako tigrea ere desagertu omen zen, magia beltzak biziarekin ordainarazten baitzien lurtarrei haien eremuetan sartzea.

Antzeko hamaika istorio kontatzen dituzte indonesiarrek, bai baitakite gizakion izaera miserablea estaltzeko beharrezkoak direla asmakeriak. Tigrea desagertzearen arrazoi nagusia, adibidez, zera izan zen, azken tigrearen azala zinez preziatua zela, eta badakizue zergatik? Javako biztanleen ustez logelan disekatutako tigre bat izateak jabea amodioa egiten trebea dela erakusten duelako.