GARA Euskal Herriko egunkaria
SOSLAIA

Gasteiztarra nondik datorren badakigu; ez, agian, norantz doan


Kosta egiten da Pablo Lasoren jokalari profila interneteko ohiko bilatzaileetan aurkitzea. Pentsa: 1984an, 17 urte bete gabe zituela, Pepe Laso aitaren eskutik Caja Alava mitiko haren elastikoarekin debuta egin zuen. AEBetan batxillergo ikasketak amaitu eta 1994/95 denboraldira arte Saski Baskoniako kide izan zen. Tartean Europako Errekopako bi final galdu zituen, Kopako beste final bat ere galdu zuen, baina 1995eko Kopa irabazi ez ezik, jokalari onenari zegokion MVP saria ere lortu zuen antolatzaile gasteiztarrak.

Ez dago gaizki, 1,78 metro neurtu eta ez defentsan ez jaurtiketan trebetasun larregirik ez zuela aintzat hartuta. Real Madrilen jokatu zuen 1995/96tik 1997/98ra, eta Madrildik joan ostean, Caceres, Girona, Lleida eta Valladoliden jokatu zuen 2002/03 denboraldiaren ostean behin betiko erretiroa hartzeko, Trieste eta Malagako Unicajan ere denbora tarte laburretan aritu ostean. ACB Ligako estatistika zerbitzuak dioenez, 624 partida jokatu zituen Lasok ACB Ligan; 17.378 minutu, beste lehiaketarik aintzat hartu gabe.

Noiz pasatu zen Pablo Laso entrenatzaile izatera –eta ez trajea jantzi duen beste jokalari ohi bat–? TAU Castello taldearekin 2003/04 denboraldian hasi zenean? Pamesa Valentziarekin? Lobos Kantabriarekin Urrezko LEB Ligan? Gipuzkoa Basket ACB Ligan egonkortu zuenean?

Orain erraza da esatea ordurako bazela entrenatzailea eta Alberto Herrerosek Real Madril entrenatzeko dei egin zionean, hegaleko ohiak bazekiela zertan ari zen. Baziren «zergatik ez?» galdetzen zutenak; hau da, zergatik izan behar zuen derrigor hankasartzea Real Madrilentzat eta Pablo Lasorentzat berarentzat ere tamaina hartako abentura batean sartzea. Baina gutxiengoa ziren eta azpitik dirua jokatzen duenak adinako fedearekin egiten zuten apustu.

Han zegoen Xavi Pascual, Bartzelona goraino eraman zuena, Dusko Ivanovic “Can Barçatik” atzeko atetik atera ostean. Ettore Messina entrenatzaileak ez zuen askoz zorte hoberik izan Real Madrilen, eta urte eta erdiz zirenak eta ez zirenak jasan ostean, 2011ko Euroligako Lauko Finalera Real Madril sailkatu eta gero, Cataniakoak ate danbateko eta guzti egin zuen alde.

Ez dago zertan enegarrenez errepikatu, baina Pablo Lasok Gipuzkoa Basketekin 2011ko uda hartan kontratua berriztu zuen, Real Madrilen telefono deia iritsi zen arte. Herreros eta Lasok artean biak jokalari zirela elkar ezagutu zuten Madrilen. Biak dira lagun min, eta Herrerosen deiari baietz esateko GBCri agur esateko baino denbora gutxiago behar izan zuen gasteiztarrak, nahiz eta agurreko prentsaurrekoa ere eman zuen.

Inork ere ezingo zuen pentsatu Pablo Lasok Europako saskibaloiaren historian hartuko zuen pisua eta garrantzia. Inork ez zuen pentsatuko betidanik «Pablito» edo «Pepe Lasoren semea» edo «Pablo Losa»k –batzuek, mesprezu puntu batekin, definitzen zuten bezala– Real Madril Europako gorenera eramango zuenik eta bere jokoa, batez ere 2012tik 2014ra bitartean, gogoan hartzeko modukoa izango zenik.

«Gauza asko aldatu ziren 2014az geroztik», esan zion GARAri Juan Carlos Gallego Serrano saskibaloi adituak. «Euroligako finala bigarren urtez jarraian galdu zuen Real Madrilek urte hartan, eta ACB Ligako finala Bartzelonak irabazi zion. Hark Lasoren azkena zirudien Real Madrilen, baina postua salbatu zuen, Hugo Lopez eta ‘Jota’ Cuspinera laguntzailea ‘sakrifikatu’ ostean. Haien ordez Chus Mateo iritsi zen –Europako bigarren entrenatzaile onenetarikoa–, Zan Tabakekin lehenengo eta Paco Redondorekin orain. Geroztik Real Madril sendoagoa da, baina hasierako freskotasunik gabe. Lasoren palmaresa loditzeko, erabaki zuzena; zaleen begietarako, dibertitzeko aukera bat gutxiago», gogoratu zigun.

Ohiko bilatzaile horietan «Pablo Laso» idazten bada, Real Madrilen historian sekula inork baino neurketa gehiago zuzendu dituela jartzen du, Lolo Sainz iaz gainditu eta gero.

Real Madrilekin izandako lorpenak zorabiatzeko modukoak dira: 2015eko eta 2018ko Euroligak; 2015eko Kontinente Arteko txapeldun; 2013, 2015, 2016, 2018 eta 2019ko ACB Ligako txapeldun; Kopa 2012, 2014, 2015, 2016, 2017 eta 2020ean irabazi du, eta Superkopa, 2012, 2013, 2014, 2018, 2019, 2020 eta 2021ean.

Entrenatzaile Onenaren Sariak, bestalde, apal oso bat betetzeraino: 2012/13, 2014/15, 2015/16, 2017/18 eta 2018/19 denboraldietan Entrenatzaileen Elkarteak ematen duen Antonio Diaz-Miguel Saria irabazi zuen; Euroligaren Aleksandr Gómelskiy saria, berriz, 2015 eta 2018an.

Alabaina, 2021eko Superkopa da Pablo Lasoren Real Madrilek irabazi duen azkena. Hargatik, aurtengo Kopako finala galduta, batek baino gehiagok gasteiztarraren aroa «amaitutzat» jo du.

Euroligako Lauko Finalera iritsi eta finalerdietan Bartzelona gainditzeak arnasa eman zion entrenatzaileari, baina Anadolu Efesen aurka 57-58 galtzea kolpe latza izan zen Real Madrilentzat eta Lasorentzat bereziki.

Hala, orain Baskoniaren aurka ACB Ligako finalerdiari ekin beharko dio Lasok. Kopa amaitutakoan gasteiztarra Real Madriletik at jartzen zuten zurrumurruak isildu dira, baina deskuidoan Baskoniak irabaziko balu...

Michael Jordanek 1998ko play-offen atarian, “Azken Dantza” hartan, idatzi zuenaren antzera, Pablo Laso ere antzera sentitu liteke. «Hau ote bidearen amaiera? / Eta hala bada, zer dator gero?».