GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

25 orduko pilota maratoi solidarioa Villabonan


Pandemiak 75. urteurreneko ekitaldiak hankaz gora jarri zituen arren, Villabonako Behar Zana elkarteko kideak ez daude halako efemeride batek behar duen ospakizunari muzin egiteko prest eta 76.enean ari dira prestatutako guztiari merezi duen zukua ateratzen. 1946. urtean sortu zen kluba, Euskal Herriko zaharrenetakoa da martxan, eta asteburu honetan jaialdi benetan ikusgarri, desberdin eta historikoa antolatu dute.

Gaur 18.00etatik aurrera, 25 orduz etengabe pilota hotsa entzungo da Villabonako Behar Zana pilotalekuan. Ez hori bakarrik, 12 pilota era baino gehiago ikusi ahalko dira bata bestearen atzetik: plazan jokatzen diren bote luzean, laxoan eta errebotean eta frontoi luzeko pala luzean ez ezik, gainerako euskal pilota modalitate guztietan ere ariko dira. Herriko pilota taldeko pilotariez gain, pilotazaleek ere parte hartuko dute. Hala, goi mailako erremontista profesional eta neska palistez gaindi, Behar Zana elkarteko pilotari gehienak tartean izango dira, adin guztietakoak, gainera: 5 urteko umeetatik hasi eta 72 urteko pilotariak ere ariko baitira kantxan.

Guztiak, gainera, elkartasun izaera izango du. Sarrerarik kobratuko ez den arren, jasotzen diren ekarpen guztiak Aspanogi elkartearentzat izango dira. Honen harira, esan beharra dago iazko abuztuan klubeko pilotari baten arreba eta alaba hil zirela minbiziz eta haren amak, aitak eta bi anaiek jokatuko dutela azken partida.