Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Paul Ramsden eta Tim Miller-ek kimika berezia erakutsi dute

Bi alpinista britainiarrok Jugal Spire mendia (6.563 m, Nepal) lehen aldiz igo dute zailtasun tekniko handia duen bide bat, «The phantomline» (ED+, 1.200 m), zabaldu eta gero. 37 luzeko jarduera gogor hori egin ahal izateko, bost eguneko eskalada behar izan zuten.

Paul Ramsden alpinista beteranoa dugu. Aski ezaguna ere, lehen lerroko alpinismoan. Himalaiara 30 espedizio egin ditu, eta, oro har, esan genezake guztietan ala guztietan filosofia bera aldarrikatu duela. Hots, estilo alpinoa, zailtasuna eta esplorazioa. Egiten ari den ibilbidearengatik, makina bat aitortza jaso ditu. Adibidez, Mick Fowler-ekin batera, Urrezko Pioleta lautan irabazi du.

Askoz ere gehiago aipa genezake britainiar beterano horren inguruan. Baina hobe dugu apirilean Nepalgo Himalaian egin zuen jarduera handiaren inguruan hitz bi egitea.

Berriro ere esplorazioan oinarritu du azken espedizioa. Berriro ere zailtasun tekniko handia duen eskalada bat egin du. Eta hori guztia igo gabe zegoen seimilako batean indarrean jarri du.

Argi eta garbi dago Paul Ramsden gustura ibiltzen dela mendi garaietan, baina ez denok ezagutzen ditugun erraldoietan. Jugal Himal mendilerroan izan du azken geltokia. Eta azken eskalada hori, gainera, gazte batekin partekatu du: Tim Miller-ekin. Biak ala biak bikain konpondu dira. Oso eraginkorrak izateaz gain, maila handia erakutsi dute. Beteranoak eta gazteak uzta ederra erdietsi dute.

Bi alpinistok igo gabe zegoen mendi batean arrakasta izan dute. “Jugal Spire” (6.563 m) izena jarri diote, eta haren iparraldeko murruan “The phantom line” (ED+, 1.200 m) zabaldu dute.

Nahiz eta mendilerro hori Katmandutik gertu egon, oso ezezaguna da. Ez ditu oso mendi garaiak; den-denak, seimilakoak dira. Baina, antza denez, alpinismo teknikorako oso erakargarriak dira. Ramsden-ek berak aitortu du Google Earth-en aurkitu zuela: «Pandemiak eragindako itxialdi batean, sistema horretan sartu eta ikusi nuen. Onartu behar dut ezusteko handia hartu nuela; izan ere, igo dugun murrua bertikala da oso. Eta hori Nepalen ez da oso ohikoa. Horrez gain, bitxia da igo gabe zegoen mendi hori erabat ezezaguna zelako. Gehitu behar dut, baita ere, harritzen nauela Jugal Himal mendilerroak bisitarik ez izatea. Katmandutik oso gertu dago, baina ez ditu sona duten trekking-ak edo zortzimilakoak. Ziur aski horregatik guztiarengatik ukitu gabe dago. Iparraldeko hormatzarra eskalatu, tontorra egin eta mendiari ‘Jugal Spire’ izena jarri diogu».

Protagonistok igoera hori egin ahal izateko, bost eguneko eskalada behar izan zuten. Jakina, estilo alpinoan igo zuten. Oso trinkoa den granitozko horma hori, diagonalean, izotzezko zirrikituak bilatzen gainditu zuten. Gailurra zapaldu eta hego isuritik jaitsi ziren. 37 luze dituen bide berriak “The phantom line” du izena.

Esplorazio guztietan gertatzen den bezala, zalantzak alde batetik eta bestetik azaldu ziren. Aukeratutako bidea ondo aztertu daiteke, baina ziurgabetasuna maiz gailentzen da. Hori bera gertatu zaie britainiar hauei: «Zintzoak izan behar dugu. Hormatzar hori ikusi eta erabat liluratuta geratu ginen. Harrigarria da duen estetika. Timek eta biok balizko marra aztertu genuenean, beldur ginen ekinaldia ondo aterako ote zen. Batez ere, paretaren erdian dagoen zuri koloreko sekzioa oso-oso gogorra iruditzen zitzaigulako. Zalantza horiek eragin handia izan zuten gure planifikazioan. Ez genuen estrategia sendorik antolatu. Horma erraldoi bat eskalatzeko gogo izugarria genuen, baina aukeratu behar genuen ibilbideak buruhausteak sortu zizkigun».

Lau bibak

“The phantom line”-ri ekin baino lehen, bi alpinistok girora egokitzen hainbat egun igaro zituzten. Ingurumari horretako hainbat menditan hamar egunez fase horretan buru belarri ibili ziren. Batez ere, Dorje Lhakpa mendiaren mendebaldeko ertzan. Gora eta behera ibili ziren, hainbat gau garaieran egin zituzten, baina mendi horren gailurra ez zuten zapaldu.

Girora egokitu ondoren, apirilaren amaieran kanpaleku nagusia atzean utzi zuten. Oso tentea den hormatzar horren azpian jarri ziren, eta, Ramsden-ek berak aitortu duenez, goi mailako jarduera bati ekin zioten: «Eskaladari dagokionez, aurreratu behar dut arriskutsua izan zela. Izotza eta elurra nagusi izan ziren, baina geruza oso mehea zen. Onartu behar dut, baita ere, pareta horrek harkaitzean eskalatzeko aukera asko eta paregabeak eskaintzen dituela. Baina mistoko marra batentzat soilik ageriko bide bat du. Berez, arrokazko murru batean, izotzezko bide hori ez da batere ohikoa. Guk, bederen, zorte izugarria izan genuen. Horrez guztiaz gain, esan behar dut teknikoki oso zaila dela. Guk ED+ bezala aurkeztu dugu. Gogorragoa izan daiteke, baina nik maila zailagoa dela esaten ez naiz ausartzen».

Aurreratu dugun bezala, “The phantom line” sortu ahal izateko, bost egun egin behar izan zituzten paretan. Horietako lau bibaketan zintzilikatuta: «Bibak oso ezberdinak egin genituen. Lehenak babesa perfektua zuen eta, gainera, oso laua zen. Bigarrenak egundoko beldurra ematen zuen. Elur-jausiek sortutako sekzio batean altxatu genuen. Aipatu behar dut elur-jausi batek dendaren goi aldean zuloa egin eta txikitu zuela. Hirugarrena ez zen oso desatsegina izan. Eta laugarrena eta azkena gailurretik oso gertu antolatu genuen. Hain zuzen ere, arrokazko leize natural batean. Ikaragarri ona izan zen!».

Beste era bateko amesgaiztoak izan zituzten. Ramsden-ek berak dio tarte gogoaingarriena tximiniez osatutako sekzio bat izan zela: «Hormaren erdian dago, eta ehun metro arrokaren barruan eskalatu genuen. Tarte horrek izotzezko bi zati lotzen ditu. Buruhauste handiak eragin zizkigun, batez ere motxilak garraiatzeko. Alabaina, esan behar dut sekzio hori gabe aurrera jarraitzeko aukerarik ez zegoela. Bitxikerien artean aipatu behar dut Tim-i kranpoi bat askatu zitzaiola. Baina, amildu ordez, nire ondora erori zen eta jasotzeko aukera izan nuen. Zorte ikaragarria izan genuen! Tontorra, berriz, apirilaren 28an zapaldu genuen. Pandemiarekin bi urte egin eta gero, zirraragarria izan zen gailur batean egotea. Europako herrialde askok ez bezala, guk, britainiarrok, arazo handiak izan ditugu bidaiatzeko. Espedizio horrek asko poztu nau; izan ere, lau urte neramatzan gailurrik egin gabe».

Arestian esan dugun bezala, bi alpinistok hego isuritik jaitsi ziren; nahiko samurra izan omen zen. Beste bibak bat egin eta hormaren sarrerara iritsi ziren: «Hego isuria aukeratu genuenez, saiatu ginen eguzki orduak saihesten. Gainera, glaziarraren baldintzak eskasak ziren. Bestalde, erabilitako tresneriari dagokionez, beti bezala, ez genuen parabolt bakar bat ere sartu motxiletan. Hori da gure filosofia, eta, hortaz, seguru finko horiek ez ditugu eramaten. Paretan soilik iltze eta friend bana utzi dugu; horiek ateratzea ezinezkoa gertatu zitzaigun. Tim eta biok bikain ulertu dugu elkar. Gaztea da, baina egundoko sasoia eta eskarmentua du. “The phantom line” inoiz egin dudan bide ederrenetarikoa da. Estetikoki zaila da hoberik aurkitzea».