GARA Euskal Herriko egunkaria
FUTBOLA

Herbehereetako zelaietan, teknologia adimenduna arrazakeriaren aurka

Momentuz, Feyenoord, PSV eta PEC futbol taldeen zelaietan probatuko dira teknika berritzaileak eta posible da egitasmoa laugarren estadio batean ere martxan jartzea.

Irudian, PSVko Noni Madueke; Philips Stadiumen ere probatuko dute teknologia berria. (Olaf KRAAK AFP)

Herbehereetako Futbol Federazioak (KNVB) jakitera eman duenez, teknologia adimendunean oinarritutako hiru proiektu martxan jarriko dituzte herrialdeko Lehen Mailako hiru futbol zelaitan bertan ematen diren arrazakeria eta bazterkeria ekintzei aurre egiteko. Zehazki, Rotterdam (Feyenoord), Eindhoven (PSV) eta Zwolle (PEC) hirietako estadioetan jarri dira martxan proiektuok eta aurten bertan egitasmoa laugarren zelai batean ere abian jartzeko aukera aztertzen ari omen dira.

«Orain arte, sarriegi, jasotako bideo irudiak eta soinu grabazioak ez dira nahikoak izan froga bezala erabili ahal izateko», aitortu du Herbehereetako federazioak. Horregatik, hurrengo denboraldian teknologia berriok arrazakeria eta bazterketa ekintzen egileak identifikatzeko baliagarriak izan daitezkeen frogatu nahi dute. PSVren kasuan, esaterako, zaleen konpromisoa eta gogobetetasuna neurtzeko kamera batzuk frogatzen ari dira eta, adimen artifizialari esker, «ezohiko» oihuak detektatzea litzateke asmoa, edozein arrazakeria keinuren aurrean hartu beharreko neurriak hartu ahal izateko.

Herrialdearen ekialdean dagoen PEC Zwolle taldearen zelaira sartzeko, berriz, zaleak euren sakelako telefonoetan duten aplikazio bat erabiltzen dute. Bada, aplikazioari esker, zaleek unean uneko segurtasun neurrien inguruko berriak jaso ahalko dituzte. KNVBren esanetan, beste zenbait teknika berritzaile ere erabiliko dituzte zelaien segurtasuna hobetzeko.

«FUTBOLA GUZTIONA DA»

Proiektuok Herbehereetako Osasun, Ongizate eta Kirol Ministerioaren finantzaketa jaso dute, guztira miloi bat euro inguruko laguntza.

Ekintza berritzaileok “Futbola guztiona da’ izena daraman plan zabalago baten barruan kokatzen dira. Ekimen hori 2019. urtearen amaieran jarri zuten martxan, FC Den Bosch taldeko zale batzuek Excelsior taldeko Ahmad Mendes Moreira jokalariari emandako tratu ankerraren ostean. Harmailetatik jasotako irainen ostean epaileak partida geratu zuenean, futbolariak negarrez utzi zuen futbol zelaia.

«Neurriokin bazterkeriaren aurkako beste pauso bat ematen ari gara», azpimarratu du KNVBrem barruan futbol profesionalaren ardura duen Marianne van Leeuwenek.

Herbehereetako 118 futbolari profesionalen artean egindako azterketa baten arabera, gehien-gehienak Lehen Mailako jokalariak, %40k arrazakeria edo beste mota bateko bazterketaren bat pairatu zutela azaleratu zuen iaz Algemen Dagblad hedabideak. Bada, beraz, metodo zaharrekin edo teknologia berrienekin konpondu beharreko hamaika jokabide.