Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
ARRAUNA

Iazko arrakasta ospatu, aurtengo hitzordurako indarrak hartzeko

Arraun Lagunak taldeak goia jo zuen iaz Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazita. Pandemiak ez zion utzi lorpenok ganoraz ospatzen eta, hori dela eta, aurtengo denboraldia abiatu aurretik, iazko arrakasta ospatu zuten atzo Lugañenekoek.

Andrea Astudillo, Arraun Lagunak klubeko patroia, Kontxako Bandera astintzen taldekideak inguruan dituela.
Andrea Astudillo, Arraun Lagunak klubeko patroia, Kontxako Bandera astintzen taldekideak inguruan dituela. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Ez genekien Donostian Kontxako Bandera bat ospatzea zer den, nolakoa den». Hitzok bota zituen emozioak gainezka egin zion Itziar Egurenek, Arraun Lagunak taldeko presidenteak. Emakumezkoen traineruak goia jo zuen iaz, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazita. 71 urte ziren Donostiako traineru bat Kontxan gailentzen ez zela eta, oraindik ere pandemia betean geundenez, ezin izan zuten iaz ganoraz ospatu. Atzo egin zuten ospakizun ekitaldia, baita hastear dagoen denboraldi berrirako aurkezpena ere. Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketekin abiatuko da gaur, Hondarribian eta Lekeition, traineruen denboraldi ofiziala.

Gipuzkoako Txapelketa horixe irabaziz hasi zen iazko Arraun Lagunaken denboraldi arrakastatsua eta aurtengoan ere bide beretik jarraitzea dute xede. «Helburua iazkoa errepikatzea da, eta, ahal dela, baita hobetzea ere. Hori bai, badakigu zaila izango dela, traineru guztiek urrats bat aurrera eman dutelako. Guk ere uste dugu eman dugula», iritzi du Xubane Uribarrenak GARAri eskainitako adierazpenetan.

Denboraldia hasi bezperan eginiko ospakizun ekitaldiak -aurretik Donostiako kaleetan murgildu ziren irabazitako bandera guztiak hartuta-, emozio asko azaleratu zituen. Era berean, sasoi berrirako «energia» eman zien arraunlariei, Uribarrena eta Mar Larrea tostakideen ustez. «Bi aste falta dira Liga hasteko eta honek azken bultzada ematen digu», onartu zuen ondarroarrak. «Kontent» azaldu zen Trintxerpekoa ekitaldi bukaeran.

ZURRUNBILOAK

Arrakastaren zaporea dastatu zuen Lugañeneko klubak iaz, baina Itziar Eguren presidentea arduratu zen hankak lurrean jarri eta klubak izan dituen zurrunbiloak gogorarazteaz. Arrakasta nondik datorren ahaztu ez dadin, hain zuzen ere.

Arraun Lagunakek, izan ere, iaz bukatu zuen 100.000 euroko zorra ordaintzen. Duela hamarkada bat pasa, zorrak itota, desagertzear egon zen kluba, baina hamar bazkideren borondateari esker saihestu zuten amaiera tristeena, abalak ipintzeko pausua eman baitzuten. Hala, arrakasta lortu duten arraunlari eta teknikoak omendu bai, baina hamar bazkideon esfortzua ere gogoratu zuten, beraiek gabe atzoko ekitaldia ezinezkoa izango zitekeelako. «Txapela kentzeko moduko» jarrera eduki zutela nabarmendu zuen presidenteak eta, esan ez ezik, keinua ere egin zuen, bere aita zenaren txapel sinbolikoarekin.

Duela zazpi urte ia hutsetik abiatu zen proiektua eta «orain erakutsi dugu gurea dela proiekturik onena; traineru onena eta azkarrena gurea da», nabarmendu zuen Egurenek. «Kale ona hartu genuen eta, ziaboga bat emanez, hizki larriz idatzi dugu historia», nabarmendu zuen.

LEHIAKORTASUNA

Iaz, trainerurik azkarrena izan zen Lugañenekoa eta, hein handi batean, Euskotren Ligako lau taldeen maila onari esker izan zen horrela. Sekulako ikuskizuna bizi izan zen -batez ere Arraun Lagunak eta Orioren artean- eta aurtengo sasoiak ere tankera bera dauka Uribarrenaren aburuz: «Emakumeen arrauna askoz ere lehiakorragoa da urtetik urtera eta hori onuragarria da denontzat. Arraunlariontzako gogorra da estropada guztiak estu joatea, baina ikusleentzat eta guretzako beharrezkoa da».

Aurreko igandean, Lekeition, denboraldiaurreko proban indarrak neurtu zituzten Oriok eta Arraun Lagunakek -ehunekoengatik irabazi zuten donostiarrek-: «Gauzak nola dauden ikusteko balio izan zuen, baina Ligan ikusiko da benetan kontuak nola dauden».

«Sabaia altu» dagoela uste du, bestalde, Juan Mari Etxabe teknikariak. «Ez da existitzen miraririk», ohartarazi zuen, emaitza onen atzean lana eta ilusioa daudela zehaztuz. «Gogo berberekin» daude arraunlariak eta disfrutatzeko eskatu zien. Zazpi berritasun izango dituzte: Yune Aguinaga, Lucia Canal, Udane Goenaga, Miren Idarreta, Ania Perez, Ane Pescador eta Beatriz Piñeiro.