Maite UBIRIA
BAIONA
ESPETXE POLITIKAREN BILAKAERA

32 urteko kartzelaldia atzean utzita Euskal Herrira itzuli da Ion Parot

Mureteko espetxetik goizean goiz irten ondotik, bere hurbilekoekin batera Baionara itzuli zen Ion Kepa Parot. Berak bezala 32 urte eta erdi kartzelan eman dituen Jakes Esnal hilaren 18an baldintzapeko askatasunean ateratzekoa da Lannemezanetik. Duela bi urte irten zen Frederic «Xistor» Haranburuk bezala, kontrol judizialeko neurri zorrotzak bete beharko dituzte.

Ion Kepa Parot, atzo goizean, Mureteko kartzelatik irten berri, euskal presoen etxeratzea  galdegiten duen oihalaz.   Etxerat
Ion Kepa Parot, atzo goizean, Mureteko kartzelatik irten berri, euskal presoen etxeratzea galdegiten duen oihalaz. Etxerat

Ion Kepa Parot goizeko zazpiak jo aitzin atera zen atzo Okzitaniako Tolosatik gertu dagoen Mureteko espetxetik.

Hurbilekoen eskutik lehenengo agurra jaso ondoren, Baionako bidea hartu zuen preso ohiak, 32 urte eta erdi luzatu zaion kartzelaldiari -eta deserriari- amaiera emanez.

Joan zen irailaren 22an jakinarazi zuen Parisko Dei Auzitegiak, egun 71 urte dituen euskal herritarrak baldintzapeko askatasunean ateratzeko aurkeztu zuen seigarren eskaera aintzat hartzen zuela. 1997an biziarteko zigorra ezarri bazioten ere, Parotek 2007an gainditu zuen segurtasun epea. Urte horretatik landa baldintzapeko askatasunean ateratzeko eskubidea bazuen ere, frantziar Justiziak aske uzteari uko egin dio behin eta berriro.

ETAko «Argala komando»ko kide gisa espetxeratua izan zen Jakes Esnali ere baldintzapeko askatasuna onartu zion aipaturiko epaitegiak. Lohizundarra presondegitik ateratzekotan da hilaren 18an. Biek ala biek kontrol judizialaren neurri zorrotzak errespetatu beharko dituzte. Hartara, urtebetez etxetik irteteko aukera aski mugaturik izanen dute.

Baldintza bertsuak ezarri zizkioten Frederic, Xistor, Haranbururi. 2020ko azaroaren 24an atera zen Lannemezango espetxetik. Orduan hasi zen kontatzen senperetarrarentzat baldintzapeko askatasuna lortzeko frogaldia. Epea gaindituta, 30 urte eta 8 hilabeteren buruan etxera itzuli zen preso ohiari eskumutur elektronikoa kendu zioten iragan maiatzaren 25ean. Ibilbide berari ekinen dio atzo Mureteko espetxea gibelean utzi zuen Ion Kepa Parotek ere.

1990eko apiril hura gogoan.

Unai Parot 1990eko apirilaren 2an atzeman zuen Guardia Zibilak, Sevillako errepide batean lehergailuz beteriko auto batean zihoala. Atzo espetxetik atera zen Ion Kepa Parot izan zen Lapurdira azkar zabaldu zen Polizia operazioan atzeman zuten lehenetarikoa. Anaiaren emaztearekin batera atzeman zuten apirilaren 3an. Jakes Esnal eta Xistor Haranburu, aldiz, biharamunean atxilotu zituzten Donibane Lohizunen.

Orotara hamazazpi bat euskal herritar arrestatu zituzten Baiona eta Hendaia artean, frantziar Poliziak garaturiko operazio zabalean. «Izen oneko herritarrak», hitz horiekin aurkeztu zituen 'Sud-Ouest' kazetak operazioan atzeman zituzten 30 eta 40 urte adin arteko lagun horiek. Ez ziren gazte-gazteak, gehienek lana eta familia zituzten, batzuk enpresa munduan ezagunak ziren, beste batzuk elkartetan jarduten zuten, peña edo kirol taldekideak ziren, baten bat elizgizona zen, eta CGT sindikatuko militantea zen bat edo beste ere ez zen falta.

Finean, «ETAren kideek zuten ohiko profiletik urrun» ziren herritarrak jomugan hartu zituen operazioak zirrara berezia eragin zuen Ipar Euskal Herrian. Parisko prentsak, bere aldetik, berehala jarri zuen mahai gainean operazioaren berezitasuna: «frantziar nazionalitatea» zuten herritarrek ETArekin erasoak egiteko urratsa egina zuten. «Iratzartze bortitza izan da gaurkoa», idatzi zuen 'Le Figaro' egunkariak.

Ulertzeko parioa

‘‘Le Journal du Pays Basque’’n kazetari jardun zuen Giuliano Cavaterrak, «Ipar Euskal Herriko herritarrek ETAn sartzeko hautua zergatik egin zuten?» Poliziak 1990ean egin zuen galderari erantzuna xerkatzeko hautua egin zuen 'Au coeur du conflit basque' izeneko liburuan. Egileak hasieratik irakurleari bere xedea argitzeko lana hartu zuen: «Nire asmoa ez da izan justifikatzea, baizik eta gertakariak ulertzea eta ahal bezainbat zehaztasun azaltzea».

Frankismoaren gau ilunak eragindako errepresio bortitzak Bidasoaren bestaldean sortu zuen giroa, mugimendu abertzalearen bilakaera Ipar Euskal Herrian, Burgosko Auzia, errefuxiatuen eta 'bertakoen' arteko adiskidetasun hariak, langile mugimenduaren zein euskara eta euskal kulturaren aldeko borroka..., hari mutur anitzetatik tiraka egin zuen «Argala komando»ko kideei buruz informazio osatua eskaintzen duen liburuan.

Aljeriako gerraren zauriak, alde batetik, eta itzal handia hartu zuen independentziaren aldeko askapen mugimendua, bestetik, presente dira testuinguruari buruzko bilduman.

Hain zuzen, Ion Kepa, Unai eta Urtsoa Paroten aita zen Ambroise Parotek Aljerreko Euskal Etxera bertaratu eta han ezagutu zuen jatorriz nafarra zen Antonia Ortuño emaztea. 1961ean Aljeriatik hanka egin eta Okzitaniako Tolosan plantatu ziren parotarrak.

Ion semea han sartu zen harremanetan ikastera joandako euskaldunekin. Borborrean zen mugimendu abertzalearekin lotura naturala egin zuen handik urte batzuetara Euskal Herrira itzuli zen familiaren belaunaldi gazteak.

Ion Kepak zabaldu zuen bidea 1975eko hasieran. Handik hilabete gutxitara Euskal Herria kolpatzen zuen alde bateko eta besteko indarkeria gertutik ezagutu zuen. Baionako ostatu abertzale baten kontra 1976an izan zen atentatu batean onik atera zen.

«Argala komandoa»

Frantziar Justiziaren txosten batek jaso zuenez, «Argala komandoa» 1978an sortu zen Ipar Euskal Herriko abertzale batzuek Txomin Iturbe ETA (m)-ko buruzagi historikoarekin izandako hartu-emanen ondotik. Errepublikak emaniko nortasun agiriak zituztela, urte luzetan bi Estatuetako polizientzat guztiz ezezagunak izan ziren ekintzaileei 1978tik 1988ra 28 atentatu gora burutu izana egotzi zieten. Beharrik, urte askotan itzalpean aritu ziren komandoko kideak atxilo hartu zituztenean, «sekulako ezustea» hartu zuela aitortzen du Jakes Abeberri ‘‘Enbata’’ aldizkariaren sortzaileak.

1997an Parisko Auzitegian egindako epaiketa ezohiko giroan iragan zela oroitzen du, bere aldetik, Jean-Baptiste Etcheverryk. Unai Parotek salaturiko torturen testigantza saihesteko hautua egin zuen epaitegian, egun erretretan den abokatuak laguntzaile gaztea ukan zuen aldamenean: Maritxu Paulus Basurco zen, azken hamarkadetan Xistor Haranbururen eta Jakes Esnalen defentsa bere gain hartu duen lohizundarra.

Kartzela zigor luzeak bete dituzten presoen egoerak oso presente izan dira, arrazoi ezberdinengatik, Ipar Euskal Herriko gizartean.

2011ko Aieteko Konferentziaren ondotik, ETAren desarmatze prozesuan jarrera aktiboa hartu zuen gizarte zibilak presoen egoera eta biktimen memoria erdigunean kokatu zituen, elkarbizitza eraikitzeko bidean. ‘‘Orain presoak’’ leloa bestelako etorkizuna irudikatzeko ezinbesteko osagaitzat barneratu zuen gehiengo politikoak eta sozialak.

Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot 30 urteko espetxealdiaren langara arribatu zirenean areagotu egin zen herri mobilizazioa.

Haranburu aske irten zenean urrats bat egin zen. Beste bi presoak etxeratzeko dinamika azkartzea eskatu zen. Bake Bideak eta Bakegileek hauspotu desobedientza kanpainak goia jo zuen Ipar Euskal Herrian, uztailaren 23an garatu zen blokeatzearekin.

Heldu den astean, Esnal aterakoan, Ipar Euskal Herriko nehor ez da frantses kartzeletan preso izanen ETAko kide izateagatik. Desagertua den erakunde armatuaren izenean ekintza armatuak egiteagatik «frantziar nortasun agiriak» dituen euskal preso bakarra Zaballan dagoen Unai Parot lapurtarra izanen da.

Jon Agirre Agiriano arrasatearra hil da

Euskal preso batek inoiz bete izan duen gatibualdi luzeenetarikoa da Jon Agirre Agiriano arrasatearrak jasan zuena, 1981. urtetik 2011ra hain zuzen ere. Asteazkenean hil zen, 80 urte zituela.

ETAko kide izateagatik atxilotu zuen Guardia Zibilak 1981ean, eta Agirrek tortura larriak salatu zituen.

Zigor handiak ezarri zizkion espainiar Auzitegi Nazionalak, eta espetxez espetxe erabili zuten hurrengo hiru hamarkadetan: Carabanchel, Puerto I, Alcala-Meco, Herrera de la Mancha, Langraitz, Ocaña, Sevilla, Tenerife, berriro ere Alcala-Meco, Valdemoro, Tenerife II, Huelva II, Malaga, Logroño, Martutene eta Basauriko kartzeletan izan zen.

2011ko maiatzean kaleratu zuten azkenik, legez zegokiona baino bost urte geroago. Eta ordurako, kartzelan, gaixotasun ezberdinak garatuak zituen, jada 69 zituelarik.

Luzapena legez kontrako «Parot doktrina»ren ondorioa izan zen; bi urte beranduago baliogabetuko zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.

Askatu zuten unean, bigarren kartzelaldi luzeena zen berea, Joxe Mari Sagardui «Gatza»renaren atzetik.

Ertzaintza gogor oldartu zen, egun batzuk geroago, «bizi arteko zigorra» salatzeko bere herrian burutu zen mobilizazioaren aurka, Jon Agirre Agiriano bertan zela. Hiru atxilotu izan ziren.

Presoen eskubide bortxaketak salatuz eta ziklo politikoaren aldaketaren alde, zenbait agerraldietan parte hartu zuen hurrengo urteetan.

Aramaion jaio baina Arrasaten bizi izan da gehienbat Jon Agirre Agiriano. Atzo arratsaldean agur ekitaldia egin ondotik gaur, ostiralean, erraustuko dute. GARA

Once presos más a cárceles vascas

Once presos más van a ser trasladados a cárceles de Euskal Herria, según el anuncio realizado ayer por la Secretaría General de Instituciones Penitenciarias en colaboración con el Departamento de Igualdad, Justicia y Políticas Sociales del Gobierno de Lakua, que tiene la competencia de prisiones desde octubre del año pasado.

Todos ellos serán trasladados a prisiones situadas en la CAV, y será el Ejecutivo que preside el lehendakari Iñigo Urkullu el que decida si el destino de cada uno de estos presos es la cárcel de Zaballa, la de Basauri o la de Martutene.

De acuerdo a la lista de nueva repatriaciones hecha pública ayer Iratxe Sorzabal será trasladada desde la madrileña prisión de Estremera; desde Alcalá Meco, sita también en la Comunidad de Madrid, será repatriada Itziar Moreno; desde la cárcel de Dueñas, en Palencia, serán trasladados dos presos, Mattin Sarasola y Beñat Aginagalde; y desde la cántabra de El Dueso volverán a Euskal Herria Julen Atxurra y Beatriz Etxebarria. Por último, un total de cinco prisioneros -Gurutz Agirresarobe, Asier Arzalluz, Harriet Iragi, Iker Olabarrieta y Andoni Otegi- serán conducidos a cárceles vascas desde la prisión de Logroño.

El mismo día en que se anunciaban esos nuevos traslados de presos vascos a Euskal Herria el grupo de apoyo a Jaione Jauregi expresaba su preocupación por la situación de esa ciudadana vasca. Recordaba así ese colectivo de apoyo que, desde que fue extraditada por Bélgica, la presa lleva dos en una celda española sin juicio, situación que se pretende ampliar dos años más mediante una solicitud que se presentará a la Cámara del Consejo de Gante el próximo 19 de octubre. GARA