GARA Euskal Herriko egunkaria

Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid, Donostia Hiria saridunak

Hamar ipuin biltzen ditu Karmele Mitxelenaren «Haragizko mamuak» liburuak. Emozio nabarmenak dituzte denek, eta enpatia sortzen saiatu da idazlea. Iñaki Ciden «Behin batean Loiolan», amak kontatutako benetako historia batetik hasten den antzerki bat da.

Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid, Donostia Hiria saridunak, beren liburuak aurkezten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Aurtengo Donostia Hiriko Kutxa Literatura sarituen artean dira Karmele Mitxelena Etxebeste oiartzuarraren “Haragizko mamuak” ipuin liburua eta Iñaki Cid Larrea donostiarraren “Behin batean Loiolan” antzerki obra, Elkar etxearekin plazaratuak biak. Atzo Tabakaleran egindako ekitaldian izan ziren bi egileak, Xabier Mendiguren eta Antxiñe Mendizabal editoreekin batera, beren sorkuntza lanak aurkezten. Esker oneko hitzak izan zituzten.

Mitxelenaren liburuak hamar ipuin biltzen ditu, «oso ezberdinak dira, baina denetan daukate pisu handi bat sentimenduek». Pertsonaien barruan sentiarazi nahi izan du irakurlea. Zaintza, zahartzaroa, gaixotasuna, amatasuna, nahi eta ezina..., hamaika gai jorratzen dira eta denak lotzen dituen haria haragizko mamuak dira, baina horiek ere forma ezberdinetan agertzen dira.

Errealitatea eta erreala ez dena batzen ditu izenburuak: haragiak gorputza irudikatu nahi du; eta mamuak, bere izaera galdu duena, izaera zintzilik duena, formarik gabea, oroitzapen bat, pentsamendu bat, izateari utzi dion norbait.

«Saria irabazi ondoren lana berrirakurri nuenean konturatu nintzen dutxa, bainuontzia, komuna bera ia ipuin guztietan azaltzen direla; ez nuen apropos egin, baina zaintza momentu horiek hor gertatzen dira», adierazi zuen.

Mitxelena irakaslea da ogibidez eta bertso idatzietan ere sari ugari irabazitakoa da.

«Diferentzia handia»

Etxeko historia bati tiraka sortu du Iñaki Cid Larreak “Behin batean Loiolan” antzezlana, bera ere protagonista bihurtuta. Duela 90 urte gertatutako emakume ezkonberri baten heriotza tragikoari gaurkotasuna ematen dio egileak, komediaren eta ironiaren bidez. Hizpidera ekartzen ditu arautik kanpoko sexu joerekiko iraganeko eta egungo errezeloak, adineko emakumezkoen eta neskatxa gazteen ingurukoak bereziki.

Epaimahaiak azaldu zuenez, aho batez aukeratu du: «Diferentzia handia zegoen beste guztiekiko. Oso ondo idatzia dago, eszenarako prestatua, pertsonaia biribilak ditu... Balio ugari biltzen ditu».

«Amak kontatu zidan historia erreal bat dramatizatu dut. Antzerkiak libre izan behar du, beraz, ez diot hesirik jarri. Hasieran oso galduta ibili nintzen, banekielako istorio indartsu bat nuela baina ez zela nahikoa antzerki obra oso bat egiteko», adierazi zuen egileak. Zer kontatu nahi zuen pentsatzen hasita, sexu heziketa falta etorri zitzaion gogora, duela 80-90 urtekoa, baina oraindik ere karga duena.

Hiru garai aukeratu zituen horrela: 1935-36, 1966 eta gaur egun. Lehenengo aldian garaiko jendartea nolakoa zen erakusten du. Gustuko du pertsonaiei sorgin kutsua ematea, zer gertatuko zen jakingo balute bezala. ‘36a urte garrantzitsua izango da’ diote, adibidez. 1966an, amak 15-16 urte zituen, eta neska lagun batekin izan zuen erlazioa kontatzen da. «Ez dut argitzen zer dagoen beren artean, nahiago dut horrela».

«Gaur egungo garaia, nire bizitza da, meta antzerkian oinarritua. Testu hau antzerkigintza berrien beka batekin idatzi nuen, eta horrela hasten da kontakizuna. Gogorra izan zen hasiera, baina hiru momentuak garbi izan nuenean gozamena izan zen nahastea».

Maite du Cidek publikoaren eta antzezleen arteko erlazioa sortzea, eta denbora osoan hausten du horma hori. Iñigo protagonistak sarritan solas egiten dio publikoari.

«Oso pozik nago, ezin sinetsirik. Ea oholtzan ikusten dugun», esan zuen.

Lan ugari idatzi eta antzeztu ditu donostiarrak. 2021ean antzerkigintza berriak beka lortu zuen. 2022an “Gaizki” antzezlana sortu eta aktore gisa ibili da. Pabellon 6 jaialdian publikoaren saria jaso du.