2024 UZT. 25 Zerrenda II Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Probatu al duzue inoiz, ohean etzanda, entzungailuak belarrietan jarri, negar egiteko duzun kantu-erreserbatik bat aukeratu eta kantuarekin batera ozen kantatzearena? Jakina, bakardadean egiteko ariketa bat da, hiena baten moduan egingo baituzu ulu musikaren gainetatik zure ahotsa entzun ahal izateko. Ez dut uste bizilagunei asko gustatzen zaienik, baina plazer hutsa da, terapeutikoa, eta horregatik dago musikarekin gozatzeko nire egokiera estimatuenen zerrendako laugarrena. Edozein modutan, egun ezingo nuke bizi entzungailurik gabe: paseatzeko lagun ezinbestekoak. Espaloietan, lokatzetan... nola utzi alde batera denbora-espazioari soinu banda egokia jartzeko tentazioa; hirugarrena zerrendan. Eta hori plazera autobusean azken lerroan esertzea, entzungailuak piztu, eta jendea “espiatzea”: nork, nori, nola, nolako... Haiek esaten dituztenak jasan beharrik gabe! Bosgarrena zerrendan. Bueno, eta dutxan kantatu eta zure ahotsa entzutearena, zer? Azulejuaren reberra autotunea baino hobea da; horregatik da seigarrena. Eta azkenerako utzi dut eskuak patrikan dituzula kalean zabiltzala txistu egitearena. Ze atsegina den txistu ongi egiten duen norbait entzutea, eta, baita ere, saiatu eta lotsarik gabe desafinazioarekin buruz buru jardutea; zazpigarrena eta zerrendako azkena.