2024 ABU. 30 JOPUNTUA Manteroak Maria DEL RIO Zuzenbidean doktorea Zutabe hau idazten nabilenean, Bilboko Aste Nagusiko azken aztarnak geratzen dira, eta oraindik ere jaiaren ajea nabari da hirian. Arrakastatsuak izan dira; hiria jaiaz, poztasunez, aldarrikapenez eta elkartasunez bete da aste zoragarri batean zehar. Bereziki, Bilboko konpartsek eta herritarrek egindako lana eta ahalegin komunitarioari esker. Finean, ehunka konpartsakideen auzolanari eta milaka bilbotarren elkarlanari esker eraiki da festa. Itziar Ituño pregoilariak Marijaiaren agurrean ondo laburtu zuen gehienok izandako bizipena: «Gizartea konpartsa bat balitz, badinotsuet mundua hobea izango litzatekeela». Pregoilariak eta Nagore Ugarte txupinerak alaitasuna eta sororitatea barra-barra islatu duten arren, berriz ere eraso sexistak salatu behar izan ditugu, baita pairatu dutenekin gure elkartasuna adierazi ere. Dena den, hori ez da izan bederatzi gaueko asteak aurrera begira hausnartzeko emango digun kontu bakarra. Zerrenda luze-luzea da zezenketa plazaren erabileratik, TicketBai sistemaren ezartzera. Hori bai, denok ikusi ditugu azken igandeko irudiak, manteroen kolektiboarekin irekitako gatazkaren harira. Abestiak Aste Nagusia «bakarra munduan» dela badio ere, ez da inondik inora gure hirira mugatzen den fenomenoa, nahiz eta orain eta hemen oihartzuna lortu. Ezin da zalantzan jarri errealitate soziala konplexua dela, ez-zilegitasun juridiko batetik baino askoz harago doana. Baina konponbidea erraza ez izan arren, ezin diogu irtenbide integralak hartzeari uko egin, bereziki kontuan hartuta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak tartean direla. Badira ere, jakina, kontuan hartu beharreko bestelakoak, esaterako, egiturazko arazo sakonak pairatzen ari diren merkatari txikiak, edo espazio publikoaren kudeaketa eredua. Edozelan ere, ez da arazo poliziala; hortaz, erantzunak politikoa eta soziala izan behar du. Horrela adierazi dute, ozen, hainbat elkarte sozialek, baita Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteak ere. Are gehiago, ezin da bat-batean ahaztu tokiko polizia eredu hurbila eta aurrezaintzan oinarritua bilatzen ari garela, honetan ere. Ez da arazo poliziala; hortaz, erantzunak politikoa eta soziala izan behar du. Horrela adierazi dute, ozen, hainbat elkarte sozialek, baita Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteak ere