Eli PAGOLA
Bertsolaria
JOPUNTUA

Herri hilak

Azaroaren 2a hildako guztien eguna. Halaxe jarrita dago eta halaxe egongo da ongi, baina, aurten, salbuespen modura, alda al daiteke egunez? Aurten hildakoen egun izendatzeko gisako irailaren 2a dugu, lanean hasiko diren «zorigaitzeko» arima mordoa dabil kalean galduta eta. Gehienak, bi hilabete opor izan dituzten «zorigaitzekoak», dena esatera. Hil-hurren dabiltzan horiek, ordea, egon dira bizirik, bizi-bizirik, eta oporrez hitz egitea bada askorik kosta gabe edonorekin egiten dugun zerbait, hizketagai eroso bat.

Daturik atera gabe, pertzepzioz, aspaldi ez dut inor aditu «pueblon» egon dela esanez. Gogoan dut ume-kozkorretan klasekideek esaten zutela «pueblon» pasa zutela uda eta leku misteriotsua egiten zitzaidala hura, zeren, bat baino gehiago joaten ziren «pueblora», baina bertan ez zuten elkar ikusten. Harrigarria zenbat «pueblo» zegoen Burgosen eta nahasmenduak saihesteko nola ez zioten bakoitzari izen bana jarri. Halako batean ulertu nuen beren «pueblo» zela gure Goizueta eta hor zerbait aldatu zen. Balizko ohitura aldaketa hori geratu da nire pentsamenduetan, erabat desegin nahi ez duen lainoa. Agian, milenio hasieran ohikoagoa zen uda pasatzera herri txiki batera joatea; beharbada, orduko gurasoak egungo aitona-amonak dira eta ez dute halako loturarik; akaso, «pueblora» joatea orain ez dago hain eskuragarri, distantziagatik, adibidez, edo ezin delako, besterik gabe; edo, baliteke, aurreko kasuez harago, nire inguruan ez izatea 10 urteko umerik ez euren gurasorik oporren berri emateko.

Nik ere hartu ditut oporrak eta tokatu zait ikustea herri txiki apainak. Koketoak bezain hutsak. Dirudunen bigarren etxebizitza-gune bihurtu omen dira Pirinioetako herrixka asko, eta ez bertan inork bizi nahi ez duelako, diruak sarbidea eman dielako baizik. Euskal Herrian ere herri txikiak husten ari dira, ez zerbitzu ez ezer, burugogorkeria behar horietan bizitzeko. Orain, oporretan munduaz deskonektatu eta deskantsatzeko leku ezin hobeak. Leku hori, horrela, ez da sekula izango ez herri ez «pueblo».