2024 IRA. 04 KOLABORAZIOA Gure selekzioaren ofizialtasuna. Hitzetatik ekintzetara! Martxel TOLEDO, Mikel LARRALDE, Ekhi ZIARRUSTA* Azaroaren 3an Madrilgo Kongresuan egindako osoko bilkuran Espainiako kirol lege berria onartu zuten bertako politikariek eta ondorioz, teorian, euskal pilotari eta surfari nazioartean ofizialki lehiatzeko ateak ireki zizkieten. Baina ia bi urte pasatu dira eta errealitatean oraindik ez da egoera ezer aldatu eta Euskal Herriko kirolariei nazioarteko txapelketa ofizialetan oraindik Espainia edo Frantziako selekzioarekin lehiatzea baino ez zaie gelditzen. Egoera lotsagarri horren lekuko da egun hauetan Iruñean jokatu den 22 urte azpiko ezkerparetako munduko euskal pilota txapelketa. Euskal Herriko euskal pilota selekzioaren aldeko mugimendua (Ehepsam) orain pare bat urte sortu zen, batik bat, aipatu Madrilgo Kongresuan onartutako aukera horri lotuta Euskal Herriko euskal pilotaren ofizialtasuna aldarrikatzen jarraitzeko eta oraindik ametsa den hori ahalik eta azkarren gauzatzen laguntzeko. Hori dela eta, ordutik hona hainbat ekimen jarri ditugu martxan; besteak beste, azkeneko astean Change.org plataforman Euskal Herriko euskal pilota selekzioaren aldeko sinadura bilketa, dagoeneko 1.200tik gora bildu dituena. Ekimen herrikoiei dagokienez, berriz, bost antolatu ditugu; tartean bi pilota jaialdi, Jaurrietan eta Atarrabian. Agerraldi ekimenei dagokienez, bi, 2022an jokatu zen munduko euskal pilota txapelketaren harira, bat Durangon urriaren 12an eta ondoren bestea, Biarritzen urriaren 23an antolatutakoa. Eta beste laurak aurten izan dira, eta guztiak Iruñean jokatu den «Mundialito» txapelketa honen harira izan dira; lehenengoa ekainaren 29an Hendaian burututakoa eta bertan Iparraldeko eta Hegoaldeko hainbat euskal pilotarik Espainia eta Frantziako euskal pilota selekzioari uko eginez egindako agerraldia. Azkenekoa, berriz, Iruñean abuztuaren 25ean Jito Alai pilotalekuan egindakoa (bide batez, gure besarkadarik beroena eta elkartasun handiena bertan jokatu behar zuen Leire Galdos pilotariari eta bere familia osoari) eta segidan, Labrit aurrean “Euskal Herriko euskal pilota selekzioa noiz?” lelopean egindako agerraldia. Bertara gerturatuko herritarren aurrean, Amaia Larralde eta Ekhi Ziarrusta (Ehepsam) kideek, besteak beste, hau adierazi zuten: Urteak eta urteak daramatza herri honek euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen. Lehen agerraldi publikoa 1990ean Kuban jokatu ziren munduko euskal pilota txapelketa hartatik dator. Bertan, euskal pilota selekzio bat egon zen gonbidatu gisa pilota partidu batzuk jokatzen eta hasierako desfilean parte hartzea lortu zuen. Hogeita hamalau urte luze pasatu arren, orain gure etxean, Euskal Herrian eta gure kirolean, euskal pilotan jokatu arren, ez da ezer aurreratu eta ezin dugu gure selekzioarekin parte hartu eta soilik guretzat arrotzak diren Espainia eta Frantziako selekzioak ordezkatuz egiteko aukera dugu. Lotsagarria eta salagarria dela deritzogu. Ondorioz, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari dei egiten diogu, euskal pilota selekzioari bidea ireki diezaion, ofizialtasuna lortu ahal izateko eta beste herrialdeekin batera ofizialki txapelketetan parte hartzeko. Eta, bide batez, euskal pilota egoera larri honetatik atera ahal izateko. Baina euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna nazioartean lortzea ez da soilik pilota federazioen edota pilota eremuen eginkizuna eta ardura, guztiona baizik; besteak beste, arazoa, juridikoa baino politikoa delako. Horregatik, gaurko ekimen hau aprobetxatuz, dei zabala egiten diogu euskal pilota selekzioaren ofizialtasunarekin bat egiten duten alderdi politiko guztiei, bereziki, EAJ eta EH Bilduri, alegia, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia delako gure herriak aspalditik ozenki aldarrikatzen duen ofizialtasuna lortzeko. Besteak beste, herri honen eskubidea ere badelako. Azkenik, beste dei bat ere egin genuen; hau euskal federazio guztiei, alegia, EAEkoari, zein Nafarrokoari eta Iparraldeko Batzordeari: elkar hartuta urratsak egin ditzatela eta nazioartean onartuak izaten garenean ofizialtasun hori zazpi herrialdeek osatutako euskal pilota selekzioarentzat izatea. Zorionez, badirudi ez garela soilik gu zazpi herrialdeek osatutako euskal pilota selekzio bat behar dugula aldarrikatzen dugunak, Iruñeko alkate Asiron jaunak ere Labrit pilotaleku barruan inaugurazio ekitaldian egindako hitzaldian Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren aurrean antzeko mezua bota baitzuen. Beraz, badirudi gehienok ados gaudela zer motatako ofizialtasuna nahi dugun. Baina horretarako, guztiok, oraindik beste urrats garrantzitsu bat egin beharra daukagu; alegia hitzetatik ekintzera pasatu beharra daukagu. Ea ba laster, denon artean lortzen dugun. Gora Euskal Herriko euskal pilota selekzioa! *Sinatzaileak: Martxel Toledo, Mikel Larralde, Ekhi Ziarrusta, Martin Ibarra, Patxi Jauregi, Jexux Unanue, Javier Egia, Rai Lizardi eta Rufino Rekalde. Beraz, badirudi gehienok ados gaudela zer motatako ofizialtasuna nahi dugun. Baina horretarako, guztiok, oraindik beste urrats garrantzitsu bat egin beharra daukagu