Mixed Choir of Riga Cathedral Choir School, Tolosako garaile eztabaidaezina
55. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketak garaile eztabaidaezina du: Mixed Choir of Riga Cathedral Choir School. Bi atal nagusietan, polifonia eta folklorea, lehen saria eskuratzeaz gain, euskal interpretazio onenaren saria, Kutxa Sari Nagusia eta publikoak ematen duena ere eraman zituzten Letoniara.
Irabaz zitzakeen garaikur guztiak besapean hartuta utzi zuen atzo Tolosa Mixed Choir of Riga Cathedral Choir School abesbatzak. Ganbera-abesbatzen polifonia zein folklore ataletan lehen postuak eskuratzeaz gain, publikoaren saria, euskal interpretazio onenarena eta Kutxa Sari Nagusia ere eskuratu zituen Estoniako abesbatzak; hala, 55. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren irabazle eztabaidaezina bilakatu zen.
Bigarren eta hirugarren postuetan ere ez zen sorpresarik egon: lehiaketako bi atal nagusietan, polifonia eta folklorea, Suediako Storkyrkans Chamber Choir-ek eskuratu zuen bigarren postua eta hirugarren egin zuen, berriz, Estatu frantsesetik hurbildu zen Mikrokosmos abesbatzak.
Lehiaketa amaierako ekitaldia goizeko hamaikak pasatxoan abiatu zen Leidor antzokian eta hasieratik bertatik ohartarazi zuten aurkezleek: Rigako abesbatza oholtza gainean hainbatetan ikusteko -eta entzuteko- aukera izango genuen ikus-entzuleek. Publikoaren saria jasotzera igo ziren lehenik, Xabier Sarasolaren ‘‘Neskatx’ ederra’’ kantuaren bertsio hunkigarria eskainiz.
Horren ostean, haurren sariketa hasi zen, lehen hiru sailkatuen saioarekin (sei haur abesbatzek hartu dute parte 55. edizio honetan): orain zazpi urte ere garaitu zuen The Rezonanz Children’s Choir (Indonesia) nagusitu zen, eta ‘‘Ama begira ezazu”-ren bertsio dibertigarri eta koreografiatua eskaini zuten, publikoaren gozamenerako. Bigarren eta hirugarren egin zuten World Vision Korea Children’s Choir eta Children’s Choir Lielvarde letoniarrek.
Atseden labur baten ostean, helduen sariketa nagusiari ekin zioten, eta orduan hasi zen rigatarren festa. Oholtzara igo zen aldiro, Jurgis Cabulis abesbatzaren zuzendariak gogoz eta eskertuta jaso zituen sariak, eta abesbatzako kideen eskuetan utzi zituen banan-banan, garaikurrak talde lanaren fruitua zirela nabarmenduz.
Rigako Katedraleko Abesbatzaren Eskolako kideek erregistro ezberdinetan ondo moldatzen dakitela erakutsi zuten, izan polifonian ahotsaren kontrola eta jokoak bikain josiz, izan folklorearen atalean, leuntasunez zein jostari, kantuak eskatzen dienari erantzun eta publikoarengana iristeko aparteko gaitasuna dutela erakutsiz. Izan ere, oholtzara hainbatetan igo arren estilo ezberdinetako piezak proposatu zizkieten entzuleei, Valentin Zubiaurreren ‘‘O Quam Suavis’’ gozotik abiatuta Jekabs Jancevskisen ‘‘Atsalums’’ iradokitzaileraino, non xuxurlak, barreak, txistuak... ahots-kordek eman dezaketenaren mugetan nabigatu zuten.
Eskertu egin zuen saiakera publikoak, hainbeste, ezen Kutxa Sari Nagusia jada esku artean azken txalo zaparrada jasotzen ari zirela, Cabulisek, eskertuta, azken kantu bat eskainiko zutela iragarri zuen. Publikoak, ohi denez, zutik agurtu zuen Rigatik etorritako abesbatza, abeslariak entzule eta entzuleak abeslari bilakatuz, emanaldiari amaiera ‘‘Agur Jaunak’’ kantuarekin emateko.