2024 AZA. 05 TERRIFIER 3 Postrea hiru aldizjan dut Gaizka IZAGIRRE HERNANI Bazkaltzera joan zara eta zure postre kutuna hiru bider errepikatu duzu, ez duzu besterik jan. Bikaina eta gustagarria zegoen, gozatu duzu eta ase arte jan duzu. Jatetxetik irten eta ordu gutxira, ordea, azukrearen eragina desagertu egin da eta jan ez bazenu bezala sentitzen zara, apur bat errudun. Irentsi duzun guztiaz oroitzen zaren arren, zeure gorputzak beste jaki mota batzuk eskatzen dizkizu. Hori da “Terrifier 3”, beldurrezko film odoltsu eta basatiak maite dituztenentzat asebetetzeko moduko proposamena, baina lantzean behin dastatzekoa. 2016. urtean Damien Leone zinegileak “Terrifier” beldurrezko sagaren lehen hazia erein zuen. Lehen filma Halloween edo Gau Beltzaren egun batean girotuta dago, eta azaltzen duena ezin sinpleagoa da: Art izeneko pailazo batek hainbat pertsona hil eta torturatzen ditu. Beldurrezko generoaren barruan ahanzturan eroriko zen izenburua zirudienak kultuzko beldurrezko saga izaten amaitu du. Hirugarren zati honetan, Grindhouse zein B serieko estetikaz baliatuz, aurreko filmetako elementu berberak topatuko dituzue: basakeria eta hilketa oso gordinak. Oraingo honetan Gabon gauean girotuta dago. David Howard Thornton aktorearen antzezpen lana umore groteskoaren eta muturreko indarkeriaren arteko konbinazioa da. Bera da sagaren giltzarrietako bat. Bi orduko iraupena esajeratua iruditzen zait eta narratibak ez du ezer berririk eskaintzen, baina ederki pasatu dut. Nerabezaroan ikusten nituen slasherren arima du, Freddy Krueger, Myers edo Jason Voorhees bezalako pertsonaiek sorrarazten zizkidaten antzeko sentsazioak eragin dizkit Art pailazo basatiak, eta hori asko esatea da.