IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Dostoievskiren eleberri introspektiboa euskaraz: «Lurpeko ezkutuan idatziak»

XX. mendeko eleberrigintzan eragin sakona izan zuen Fiodor Dostoievskik, eta Josu Zabaletak haren “Lurpeko ezkutuan idatziak” liburua euskaratu du. Errusian funtzionarioa izan zen gizon bat da protagonista eta bere lurpeko apartamentutik egiten dituen hausnarketak dira eleberriaren muina.

Josu Zabaletak euskaratu duen liburu berria.
Josu Zabaletak euskaratu duen liburu berria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Fiodor Dostoievskiren obran mugarria izan den eleberria euskarara ekarri du Josu Zabaletak, Igela argitaletxearen eskutik: “Lurpeko ezkutuan idatziak”. Izan ere, errusiarraren erbestealdi eta espetxealdiaren ostean idatziriko lehen liburua da, barrura begirako lan handia egiten duena eta, itzultzailearen arabera, eleberrien narratiba aldaketa ere ekarri zuena, ez baitago deskripziorik; guztia protagonistaren psikologiarekin lotutako pentsamenduen kontakizuna da.

Inazio Mujika editoreak azaldu zuen zertan datzan eleberria: «Bere burua antiheroitzat daukan gizon bat, funtzionarioa izan dena Errusian eta erretiratuta dagoena, hori da protagonista. Bakarrik bizi da eta bakarrik dago, saminduta eta frustratuta gizartearekin eta bere buruarekin; lur azpiko apartamentu batean dago eta hango ilunetik ari zaigu bere pentsamendu zinikoa esaten, bere segurtasunik eza gurekin partekatzen. Esentzialismoaren sorreratzat jotzen da».

Bost ezaugarritan laburbildu zuen Mujikak liburua: introspektiboa, esistentzialista, pesimista, kritikoa eta psikologikoa.

KONPLEXUTASUNAREN ERTZAK

«Liburu hau konplikatua da», aitortu zuen Zabaletak, «hainbesteraino da konplikatua oraindik zalantza egiten dudala ea ondo itzuli dudan»; sei hizkuntzatan idatziriko 23 itzulpen erabili ditu ahalik eta zuzenena izateko. «Garai konplikatu batean idazle konplikatu batek» idatzitakoa dela nabarmendu zuen.

Oso liburu ironikoa dela azaldu zuen itzultzaileak, baina sarritan Dostoievskirekin gertatzen den bezala ironia hori harrapatzea ez dela erraza gaineratu zuen. Idazlea bera protagonistarekin nahasteko arriskua ere ikusten du Zabaletak, eta argitu zuen liburuaren hasieran agertzen den oharra garrantzitsua dela: «Liburu honetako protagonista eta idazki denak asmatuak dira. Baina horrelakoek derrigor egon behar dute gizarte honetan, gizarte hau nondik datorren ikusita».

Zabaletak azaldu zuen kartzelara sartu aurretik jada fama handia zuela idazleak, eta espetxetik atera eta “Lurpeko ezkutuan idatziak” argitaratu zuenean inork ez zuela ulertu zertan ari zen. «Bazekiten noren aurka ari zen, Txernyxevskiren aurka ari zen, sozialismo berriaren burua zen orduan», argitu zuen itzultzaileak.

Baina ba omen ziren Txernyxevskiren pentsamenduaren inguruan Dostoievskik jasaten ez zituen zenbait ikusmolde; bat azaldu zuten atzokoan: «Egoismo arrazionalaren ideiarekin ez zetorren bat. Bere ustez, gizakiak bere interes propioen aurka egin behar badu ere askatasunaren alde egiten du, eta liburu honetan etengabe errepikatzen da ideia hau, esaterako».