2024 AZA. 10 JOPUNTUA Agian, hobea bada Eli PAGOLA Bertsolaria Bihar da San Martin eguna, zerri guztiei heltzen zaien eguna. Negua ere sanmartinetan hasten omen da. Ikusiko dugu aurten. Zerriak. Ohitura izan da baserriaren bueltan zerria gizentzea. Egun, iruditzen zait bestela gizentzen direla zerriak eta, hala egitearen hautua ez dela hainbeste negurako sostenguaren arrazoipean, aldatu direla garaiak eta, orain, elikadurarekiko posizioa premiatik etikarantz egiten ari dela. Tira, ez batean ez bestean zerria ez da hazteagatik hazten, hil ondorenerako baizik. Inork esango lidake, ordea, ez dela zerri guztiekin berdin egiten, batzuei eman eta eman egiten diegula, gizendu eta gizendu egiten ditugula baina, ondoren, errematatu ez; esaten dugula baietz, iritsiko zaiela akabera, baina, keba, ez diegula San Martinik jartzen. Ez naiz ni izango banketxeak zerriekin alderatuko dituena, lau hankakoek ez dute horrenbesterainokorik merezi, nahikoa dute zikinaren sinonimo diren ustearekin kargatu beharrarekin. Zerri gaixoak, entzuten gaituzte “honenak egin du” esaka, baina, azken eder bat eman beharrean, hala moduz bizirik iraun dezan ahaleginetan. Adibidez, badakigu iritsiko dela eguna non elikadura lokala izango dugun, duina eta bidean inor aberastuko ez duena. Badakigu, bai, hala ere, bitartean egiten duguna da multinazional faxistetara joan, patata tortillara dezente hurbiltzen den patata tortilla aitzakia. Eta, bai, supermerkatuak izan litezke elikadura bermatzeko eremu, baina egun ez dira. Gainera, jatekoan aurreztutakoa Gabonetako zubiko bidaian gastatuko dugu. Grabea da, gero, aberastuen bizimodua imitatzeko dugun premia edo bulkada. Badakigu, baita ere, globalkeria hau bukatuko dela, ez duela zentzurik izango hegazkinez bidaiatzeak. Eta bitartean zer egiten dugu? Sozialki onartua den bitartean aprobetxatu eta hegazkinez ibili hara-hona. Ez da erabaki indibiduala, ez da erabaki sinplea, ez da erabaki erraza, baina mundu desitxuratu honen biharamuna agian hobea bada, zergatik ez eman akabera eder bat zentzugabekeria honi? Jatekoan aurreztutakoa Gabonetako zubiko bidaian gastatuko dugu. Grabea da, gero, aberastuen bizimodua imitatzeko dugun premia edo bulkada