Arregi oroitu zuten Lakuntzan, 1979an Guardia Zibilak eraila
Guardia Zibilak tiroz hildako Mikel Arregi zinegotzia gogoratu zuten atzo Lakuntzan. Nafarroako Gobernuaren aldetik aurten izandako aitortza ofiziala nabarmendu zuten gertukoek, eta Gobernu espainolak bide horretan egiteko asko duela adierazi zuten.
Guardia Zibilak Mikel Arregi Marin tiroz hil zuen 1979ko azaroaren 11n. Gertakarietatik 45 urte igaro direnean, Lakuntzan gogoratzeko ekitaldia egin zuten gertukoek atzo. Etxarri Aranatz eta Bakaiku arteko errepidean metrailetaz tirokatu zuen Arregiren autoa.
Bertsio ofizialak kontrol batetik ihesean zihoala adierazi zuen, baina hori behin eta berriz ukatu egin dute Arregiren hurbilekoek. «Ez zen istripua izan, testuinguru politiko jakin batean eragindako indarkeria polizialaren biktima baizik», nabarmendu zuten Mikel Arregi Gogoan Herri Ekimeneko kideek gertakarien inguruan, duela bost urte egin zuten agerraldian.
HBko kide eta Lakuntzako Udalean zinegotzia zen Mikel Arregi, baita Sakana elkarte kooperatiboaren sortzaileetako bat ere.
Inpunitatea gordin erakusten duen kasuetako bat da Mikel Arregirena. Guardia Zibilak kontrolik ez zela onartu behar izan zuen epaiketan. Hala ere, bi hilabeteko espetxe zigorra baino ez zioten jarri Arregi hil zuen guardiari.
Ordutik hona, egia, justizia eta erreparazioaren aldeko borroka luzea aurrera eraman dute Arregiren adiskideek. Bide horretan, 2015ean Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuten, urte luzez jasandako erakundeen isiltasunaren aurrean.
Arregiren omenez paraturiko monolitoa, gainera, bitan lehergailuz suntsitua izan da, 1981ean eta 1983an. Horrez gain, bertara loreak eramateko debekua ere pairatu behar izan zuten. Duela hamar urte, 2014an, beste eraso bat izan zuen monolitoak, eta suntsitu egin zuten.
AITORTZA JOAN DEN MAIATZEAN
Iragan maiatzean Nafarroako Gobernuak indarkeria polizialaren biktima bezala onartu zuen Arregi, Mikel Zabalza, lau torturatu eta 1978ko sanferminetan balek eragindako zauriak pairatu zituzten hiru lagunekin batera. Gobernuak agiri bat eman zion Arregiren familiari eta ekitaldia egin zuten Iruñeko Baluarte jauregian. Aitortza hau Nafarroan indarkeria poliziala pairatu duten biktimen alde onartutako legearen barnean egin zen.
Atzo Lakuntzan egin zuten ekitaldian, Arregiren eta beste biktima batzuen kasuan legeak ez duela babes osoa eskaintzen nabarmendu zuten. Izan ere, aipatu zuten ez duela kolokan jartzen epaitegiek adierazitakoa. Dena den, «bertsio ofiziala zalantzan jartzen du eta konponbide administratibo eta judizialerako bideak irekitzen ditu», adierazi zuten Arregiren gertukoek.