GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
IRENE OGIZA
Athleticeko kapitaina

«Jokoz hasiera ona egin ez arren, dema inportanteak irabazi ditugu»

Sailkapena kontuan hartu gabe, Irene Ogiza (Durango, 2000) Athleticeko kapitainak adierazi du Realaren aurkako derbiak «politak» eta «beti parekatuak» izaten direla. Baloiarekin «sentsazio oso onak izan ez» dituzten arren, «puntuak batzen segitzea» dute helburu: «Etorriko dira baloiarekin sentsazio onak». Lehia igande honetan izango da Anoetan (18.00etan).

(Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

 

Talde eraginkorra da Athletic. Denboraldi batean eta bestean erakusten du. Hori ondotxo daki Irene Ogiza taldeko kapitainak. «Futbola halakoxea da. Askotan ondo jokatzen duzu eta ez duzu irabazten, eta alderantziz. Gura dugu puntuak lortzen segitu, eta gero etorriko dira sentsazio onak baloiarekin». Dena ematera aterako dira zuri-gorriak zelaira; ohorea ez ezik, zerbait gehiago ere badagoelako jokoan. «Garaipena lortzen duena laugarren postuan ipiniko da, eta horrek motibazio gehigarria du».

Arlo pertsonalean, joan den denboraldi erdia ez zen batere samurra izan Durangoko erdilariarentzat, min hartuta egon baitzen -ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen-. Otsailean, baina, ametsetako itzulera izan zuen kapitainak. Kopako final-laurdenetan azken penaltia berak sartu zuen. «Inoiz ahaztuko ez dudan momentu bat da». Futbolak gozotik ere baduelako.

Asteko entrenamenduetan baduzue sentsazio bereziren bat? Asteburu berezia dator.

Bai, igartzen da. Aste guztiak izaten dira lehiakortasun handikoak, baina aste hau berezia izaten ari da, badakigulako denok derbia datorrela. Gogo handiagoz, ahal bada.

Derbia beti da partida berezia, baina denboraldi honetan sailkapenean ere estu-estu zaudete. Ohorea bakarrik ez, zerbait gehiago ere badago jokoan.

Derbiak beti izaten dira bereziak, baina orain gauden unean postuengatik apur bat gehiago dago jokoan. Garaipena lortzen duena laugarren postuan ipiniko da, eta horrek motibazio gehigarria du.

Joan den denboraldian zuek irabazi zenituzten bi partidak. San Mamesekoa harmailetatik ikusi zenuen eta Anoetakoan jokatu zenuen.

San Mamesen lesionatuta egon nintzen, baina Reale Arenan jokatu nuen. Garaipena lortu genuen Nahikariren gol batekin. Ea errepika dezakegun; dena emanda ariko gara.

Partida inoiz baino parekatuagoa ikusten duzu?

Ez dakit kanpotik zelan ikusten den, baina barrutik beti parekatua ikusten dut. Halako partidetan baloiarekin ez bazaizu ateratzen nahi duzuna, apur bat defentsa lanetan ateratzen duzu indarra edonondik, derbia delako, eta ondorioz, beti egoten dira parekatuta. Partida oso politak izaten dira.

Elene Guridi Realeko jokalariak esan zuen derbiak partida «zikinak» izan ohi direla. Ez dela hainbeste jokatzen. Zuk ere hala uste duzu?

Egia da lehen minutuetan apur bat urduritasuna igartzen dela, tentsio hori igartzen dela, baina gero uste dut orokorrean politak izaten direla, gola sartzeko aukera askorekin. Nire ustez, ikusteko politak izaten dira.

Zer egin behar duzue hiru puntuak etxera ekartzeko?

Aste honetan arreta gure jokoan jartzen ari gara apur bat. Egia da liga hasiera honetan ez ditugula eduki sentsazio oso onak baloiarekin, baina joan den asteburuan jokatu genuen partidan Betisen aurka garaipen ona lortu genuen, sentsazio onekin. Horri eman behar diogu jarraitutasuna. Gainontzeko partidetan egin duguna egiten badugu, eta gure ideiak baloiarekin hobetzen baditugu, seguruenik partida gure alde ipiniko zaigu. Defentsan bete-betean egon behar dugu, gainean. Derbia den moduan bizi behar dugu.

Aipatu duzu azken partidetan joko aldetik ez dituzuela sentsazio oso onak izan. Betisen aurka 3-0 irabazi arren, jokoari dagokionez, zein irakurketa egiten duzu?

Zure aldetik ahal duzun guztia ipintzen duzu baloiarekin ondo egoteko, baina askotan ez da ondo ateratzen. Hala eta guztiz ere, egia da joko aldetik ez dugula hasiera oso ona egin, baina emaitzen aldetik, garaipen oso garrantzitsuak lortu ditugu. Hori ere futbola da. Askotan ondo jokatzen duzu eta ez duzu irabazten, eta alderantziz. Gura dugu puntuak lortzen segitu, eta gero etorriko dira sentsazio onak baloiarekin.

Alde ona da oso talde eraginkorra zaretela; gutxirekin asko lortzen duzue.

Joan den denboraldian ere halako zerbait pasatu zitzaigun. Aukera gutxirekin puntu asko lortu genituen, partida asko irabazi genituen 1-0. Esan dudan moduan, hori ere futbola da. Berdin balio du 6-0 irabazteak edo 1-0. Orduan, horri garrantzia ematen diogu. Joko ona etorriko da, konfiantza osoa dugu proiektu honetan, eta lanean ari gara.

Azken partidei begiratuta, baloi irteeran hiruko defentsarekin hasten duzue jokaldia, Zubieta izaten da atzeko lerrora laguntzera jaisten dena. Nola ikusi duzu taldea horrela?

Ondo ikusten dut. Aurkariak gugan arreta handiagoa ipintzen ari dira, eta min egiteko beste modu batzuk erabili behar ditugu. Momentuz ondo gaude. Gainera, azken partida irabazi genuen. Momentu onean gaude guztiak. Jarraitutasuna eman behar diogu horri, eta derbira guztiarekin joan.

Reala entrenatzaile berriarekin nola ikusi duzu?

Euskal Herriko Kopan jokatu genuen haien aurka. Oso talde ona da, kalitate handiko jokalariak dituena. Realak beti edukitzen du talde oso lehiakorra. Horregatik, prest egon behar gara edozertarako.

Arlo pertsonalean, joan den sasoiko Kopako final-laurdenetako momentua gozoa izango zen zuretzat.

Bai, ahaztuko ez dudan momentua da. Luzapeneko azken minutuak jokatu nituen, eta gero, azken penaltia bota behar izan nuen. Sartu egin nuen eta oso pozik taldearengatik. Pertsonalki ere bai, noski.

Ondo egon zarenean hasieratik jokatu duzu, partida bakarren bat kenduta. Egia da hor hiru partidatan deialdian sartu gabe egon zinela, min hartuta. Belauna ondo duzu, ezta?

Belauna oso ondo dut. Beldurrik gabe jokatzen dut. Denbora asko egon naiz zelaitik kanpo eta oraintxe bueltan gogotsu nago. Min apur bat izan nuen orkatilan, baina fisikoki ondo nago. Minutuak pilatzen ari naiz, eta oso pozik nago.

Bi gol sartu dituzu denboraldi honetan. Marka ona da erdilari batentzat.

Bai, oso pozik nago. Gainera, balio izan dute garaipena lortzeko, taldeak merezi izan duelako partida horretan. Kamiseta honekin golak sartzea beti da berezia; ea gehiago datozen.

Derbirako emaitza bat?

0-2 esango dut. Jone Amezagaren eta Clara Pinedoren golekin.