EDITORIALA

Abian dira Durangoko Azokako hartu-emanak

Hartzea ematea DA!’ lelopean, milaka lagun hartu zituen atzo Durangoko Landako guneak; goizean, gazteak eta umeak, txikiak baina azoka handiago egiten dutenak. Milaka lagun joango dira gaur, bihar eta etzi ere kultura erakustoki erraldoi horretara, Euskal Herriko kultura adierazpide nagusietakora. Ba al da nazio baten adierazpide hoberik, ederragorik? Nolanahi ere, inor ez da adierazpide batera joaten, norbera adierazpide horren parte baita, jendeak ematen baitio zentzua Durangoko Azokari. Sortzaileek, antolatzaileek eta, horiek bezain garrantzitsu, irakurleek, entzuleek, ikusleek. Hala izan da duela ia sei hamarkada Andra Mariko elizpean lehen aldiz elkartu zirenetik, gaur egungo kulturaren topagune erraldoia bihurtuko zela irudikatu ere egiten ez zutenean.

Hartzea ematea da; izan ere, hartzetik abiatzen da sortze prozesua, eta ondoren eman egingo du. Irakurzaleak, musikazaleak ere hartu eta ematen du, besteak beste dirutan, hori esatea prosaiko samarra den arren, sortzaileak dirua behar baitu bizitzeko, sortzeko. Baina diruaz gainera, eskaintzen duten lanaren hartzaileak behar dituzte beren liburuei, diskoei eta ikus-entzunezkoei zentzu osoa eman diezaieten.

Atzo zabaldu zituen ateak Durangoko Azokaren 59. edizioak bisitari gazteak hartzeko. Ilusioz gainezka, gaztetxo horien aurpegia transmisioaren berme dela esan liteke. Milatik gora ikasle, haietako asko zenbait urte barru ere bertan elkar topatuko dutenak, hori ere bai baita harako txangoa egiteko motiboa; batzuk erakusmahaien atzean, sortzaile gisa, guztiak ere hartuz eta emanez. Urteroko jende uholdearen bisita eta esker ona jasotzen dute antolatzaileek ere, urtean zehar egindako lan eskerga eskaini ondoren.

Hartzea ematea da. Izate berezia ematen duten kulturari eta hizkuntzari ematea. Kultura txikia da euskaldunona, ezinbestean ahula; ez kaskarra, ordea, ezta beste edozein baino hobea ere. Kultura zahar hori gaur egun bizirik irautea herri baten bizinahiaren erakusgarri da, haren parte direnei esker, hain zuzen. Batez ere hurrengo azoka heldu bitartean ere par